Hil aurretik

Hil aurretik –

Aritz Galarragak ARGIAn.


Hil aurretikTradizio bilakatu da honezkero, irailarekin, egin beharko genituzkeen, edo egin beharko ez genituzkeen gauzen zerrendaren bat publikatzea. 35 urtetik aurrera egin beharko ez genituzkeen hamar gauza izan ziren lehenik; 40 urteak baino lehen egin beharko genituzkeen bost gauza gero. Tradizio guztiak bezala, honek ere badu absurdutik, baina era berean kontsolagarri zaigu, sentiarazten gaitu ziklo baten barruan. Beraz, eta Georges Perec imitatuz oraingoan, hil aurretik egin beharreko gauzen zerrenda osatzera nator. 50 eskatu zizkioten hari irratsaio batean, 1981ean; 37 esatera iritsi zen. 20 zerrendatzearekin konformatu beharko naiz ni.

Hil aurretik egin beharreko lehen gauza, 1. Bizi –bukaeran ere jar nezakeen, zutabe are hunkigarriagoa lortzeko–. 2. Biblioteka ordenatu, behingoagatik. 3. Erretzeari utzi. 4. Erretzen hasi, erretzeari utzi ahal izateko. 5. Zortzi orduz lo egin, eta ez bederatzi, hamar. 6. Denbora galdu, baina gutxiago. 7. Atzerriko hiri batean bizi, Arequipa, Ulan Bator, Timbuktu, izenagatik bakarrik. 8. Gesaltza Añana bisitatu. 9. Montaigneren Entseiuak eskuratu, hiru liburukiak, Eduardo Gil Beraren itzulpenean. 10. Montaigneren Entseiuak irakurri, hiru liburukiak, Eduardo Gil Beraren itzulpenean. 11. Zaldian ibiltzen ikasi, gero zalditik erori ahal izateko, Montaigne bezala. 12. Bigarren ahotsak egiten ikasi. 13. Arabiera ikasi, inoiz Estatu Islamikoarekin gurutzatuko banintz, nire larrua salbatzeko. 14. Bertso saio batera joan. 15. Zientzia fikziozko nobela bat idatzi, nik, imajinaziorik batere ez dudan honek. 16. Sugetzar bat idatzi, Goenkaleren hutsunea beteko lukeena euskal telebista publikoan. 17. Abesti baten letra idatzi, Ken Zazpik, Izarok, Mikel Markezek kanta dezan. 18. Niko Etxartekin afaldu. 19 Hilobi bat erosi, niretzat, Biriatun. Eta hil aurretik egin beharreko azken gauza, 20. Hil, ikusteko jendeak zer esaten duen nitaz; adibidez, tradizio absurdu, baina kontsolagarri bilakatu diren zutabe hauez.

Hil aurretik

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.