Kimu berriak, udazkenaren atarian

-Kritika zinematografikoa: ‘Kimuak’-

Fikzioa, dokumentala, animazioa eta genero esperimentala izango dira nagusi KIMUAK egitasmoaren 2021eko katalogoan. Iaz baino gutxiago, baina kalitaterik galdu gabe, 47 lan aurkeztu ziren deialdira, eta horien artean zortzi aukeratu ditu epaimahaiak programaren bidez nazioarteko jaialdi eta ikus-entzunezko ekimenetan zabaltzeko.

Ohi bezala, Donostia Zinemaldiko lehen larunbatean egin dute euskal laburgintzan ernatu diren kimu berrien aurkezpena. Hain zuzen, Euskal Herrian sortutako film laburrak sustatu eta nazioartekotzeaz arduratzen den KIMUAK egitasmoak jaso zuen asteartean 69. Donostia Zinemaldiaren Zinemira saria.

 

  • BERAK BALEKI (Aitor Gametxo)

Martinek ilusioz betetzen du egunero lan egiten duen platoa. Bere bizitza pertsonalean, berriz, hutsune handi bat sentitzen du.

Iñigo Aranburuk gorpuzten du Aitor Gametxok zuzendutako euskarazko fikzio honen protagonista, eta Koldo Olabarri, Eneritz Artetxe eta Jokin Uribelarreak osatzen dute aktore-taldea. Bere txikitasunean, film ausarta eta sutsua aurkeztu du lekeitiarrak, nahi dugunaren eta egiten dugunaren artean dagoen egi horretan dantzari. Bere aurreko lanetan egin bezala, narratiba tradizionalak eta esperimentazio formala uztartu ditu.

Aukera duzuen heinean, merezi du ikusteak. Bikain Olabarri eta bikain, noski, Aranburu.

 

  • HELTZEAR (Mikel Gurrea)

2000. urte ingurua. Euskal gatazka aktibo dago oraindik, eta eskalatzaile gisa trebatu den Sarak, 15 urteko protagonistak, bere bizitzako maila-igoerarik zailenari egin beharko dio aurre. Gogor prestatzen ari da horretarako, eta entrenamendu luzeen errutinatik irtenda, kanpoan (espetxean? sasian?) dagoen anaiari idazten dion gutunean bilatuko du indarra.

Sotiltasunez eta ohizkoa ez den narratiba bati helduta, gatazkaren arlo intimoenari begira ipini gaitu Mikel Gurrea zinemagileak, hari so gaudela konturatu gabe ia.

 

  • TRUMOIAK (Iker Maguregi)

Bi anai hondartzan jolasten dabiltza petardoekin. Jabegabe dirudien autokarabana bat aurkitu eta barrualdea aztertzen dute. Arriskuak erakartzen ditu, hori da haien harremanaren oinarria, eta hori da ere filma eusten duen ezaugarri nagusia. Ziraragarri eta txukuna.

Iker Maguregi gazteak filmen zuzendaritzan espezializatzeko gauzatutako masterraren amaierako lana izan zen Trumoiak, klasekide izandako ikasleekin osatutako talde-tekniko batekin landutakoa.

 

  • UR AZPIAN LORE (Aitor Oñederra)

“Ezin nion inori ezer kontatu. Bakarrik nengoen”.

Animazioen bidez jositako istorio gordina eraki du Aitor Oñederrak, bakarrik, babesgabe eta zaurgarri dagoen protagonistaren beldur eta ezinegonen bidez ikuslea erabat zeharkatuz. Zalantzarik gabe, sorta honetako harribitxietako bat dugu filma.

 

  • OIHARTZUNAK (Iñigo Aranburu) 

Apal eta goxo, Iñigo Aranburu aktoreak zuzendaritzaren munduan emandako lehen urratsen emaitza dugu Oihartzunak laburra, hil berri den amari eskainitako omenaldi zoragarria.

Inongo elkarrizketen beharrik gabe, lehen aldiz etxe huts baten bakardadeari aurre egin behar dion seme baten mina aurkeztuko digu, egoeraren garraztasunari izkin, umorearen heldulekutik.

Luze iraungo du ere gugan oihartzunak.

 

  • ZERUA BLU (Lur Olaizola)

Sormenezko dokumentala, euskaraz, frantsesez eta ingelesez. Mamaddi Jaunarenaren ibilbidea du aztergai: itsasontzi bat hartu zuen Le Havretik New Yorkera. Baina bere bidaia lehenago hasi zen herriko zinema-aretoan.

Kontakizunaren berezitasunetik harago -hunkigarria eta ederra da- erabat harrapatuko gaitu Lur Olaizolak bilatutako irudien estetikak.

 

  • AZALETIK AZALERA (Mel Arranz)

“Ez dut uste nire pelikulak mezurik duenik, eta ez dakit zergatik joan behar garen horren bila” azaldu zigun Mel Arranz egileak orain hilabete inguru egin genion elkarrizketan. Bada, bere lan hori ezaguta, arrazoia ematea besterik ez dugu.

Eskuen artean eta elkar ukitzean sortzen diren sentsazioetan oinarritutako irudi eta soinu bilduma da Azaletik Azalera proiektua, tarteka itogarria, baina beti erakargarria eta iradokitzailea.

 

  • INNER OUTER SPACE (Laida Lertxundi) 

Laida Lertxundi diziplina anitzeko artistaren azken pieza esperimentala da Inner Outer Space. Gogoeta laburra, barnekotasunaren, ekologiaren, indibidualaren eta komunitarioaren artean kokatutako ideien geografiari buruzkoa.

Profesionalak ez diren hainbat aktoreren zentzumen-ariketak aurkeztuko dizkigu; elkarrizketa telepatikoak; itsuan egindako ibilaldiak; eta ‘plain air’ marrazkiak, Euskal Herriko itsas eta mendi paisaietan oinarritutakoak.

Bere berezitasunean, eskaintzeko ugari duen ikus-entzunezkoa ondu du bilbotarrak.

 

Kimu berriak, udazkenaren atarian  Kimu berriak  Kimu berriak

Euskal pantailaren gunea