[Errogabetasuna] Arimaren Premiak XI

Arimaren Premiak XI –

 Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

 

Iritzi- askatasuna (2/3)

Berdin da literaturarako. Oraintxe erran duguna soluzio bat izango litzateke berrikitan piztu den moralari eta literaturari buruzko eztabaidarako;  eztabaida hau lausotu egin da zeren eta laneko elkartasunez jende talentutsu guziak alde batean jarri baitziren eta bestean bakarrik zoroak eta koldarrak.

Arimaren Premiak XI

Alta, zoroen eta koldarren postura neurri handi batean arrazoizkoa da. Idazleek badute bi aldetan jokatzeko joera onartezina. Idazleek sekula ez dute, garai honetan bezainbat, kontzientzia-eragilearen rola bete nahi izan, eta egiatan bete dute. Izatez, gerla aurreko urteetan, nehork ez die rola hori hartu nahi izan, jakintsunek izan ezik. Lehen, apaizek herriko bizitza moralean okupatzen zuten tokia orai fisikalariek eta nobela-egileek okupatzen dute, eta hori nahikoa da gure “aurrerapen”aren balorea neurtzeko. Baina norbaitek idazleei kontuak eskatzen bazizkien haien eraginaren norabideaz, segituan babesten ziren «artearentzako artea[1]»ren pribilegio sakratuaren atzean.

Dudarik gabe, Gidek beti jakin du Les Nourritures terrestres edo Les caves du Vatican bezalako liburuek eragina izan dutela ehundaka gizon gazteen ibizitza-portaera praktikoaren gainean, eta horretaz harro zen. Ez du inolako zentzurik horrelako liburuak «artearentzako arteà»ren hunkiezinezko segurtasun-hesien atzean babestea, eta denbora berean martxan den treinatik norbait botatzen duen mutikoa preso sartzea. Bestenaz, eska genezake orobat «artearentzako arte» alderako pribilegio bera krimenalaren alde ere. Lehenago, surrealistak ez ziren ideia horretatik urrun. Zorigaitzez, gure derrota militarrari dagokionez, hainbeste zorok idazleen erantzukizunari buruz nasaiki errepikatu duten oro seguraski egia da[2].

Inteligentzia hutsari esleitutako libertate osoaren pribilegioari esker, idazle batek legeak aitortu prinzipio moralen kontrako testuak argitaratzen baditu, eta beranduago gertatzen baldinbada iritzi-eragilea bilakatu dela, erraza izango da hari eskatzea prest den publikoki jakinarazteko bere idatziek ez dutela bere postura erreala islatzen. Ez badu onartzen erraza da zigortzea. Gezurra erraiten badu, erraza da desohoratzea. Gainera gauza onartua izan behar da iritzi-eragile ospetsuek ezin dutela eskatu mugagabeko libertatea. Hor ere definizio juridikoa ezinezkoa da, baina faktuak ez dira egiatan hain zailak bereizkateko. Ez da arrazoirik legearen burujabetasuna murrizteko bakarrik formula juridikoetan adieraz daitezkeen gauzen arlo bakarrera, burujabetasun horrek justizia-epaiketen[3] bitartez berdin dihardugunez gero.

Gehiago dena, askatasun-beharrak berak ere, inteligentziarako hain beharrezkoa denak, babesa eskatzen du iradokizuna, propaganda eta obsesioaren bidezko eraginaren[4] kontra.

Hertsadura-modu dira horiek oro, hertsadura modu berezi bat zeinean beldurrak eta oinaze fisikoak ez baitute zuzenean parte hartzen, baina zeinean halaere indarkeria mota bat baitago. Gainera teknika modernoak hertsadura horri emaiten dizkio tresna ezin eraginkorragoak. Izatez hertsadura hori kolektiboa da, eta giza-arimak oro haren biktimak dira.

Jakina, estatua bera hertsadura modu horretaz baliatzen bada, krimen-egile bihurtzen da, salbu eta, ongi publikoaren ezinbesteko premia baten kasuan. Baina estatuak hertsadura horren baliatzea debekatu ere behar du. Adibidez, legeak publizitatea zorrozki mugatu behar du; publizitatearen bolumena asko murriztu behar da. Pentsaeraren arloko hizpideei hunkitzea publizatateari zorrozki debekatu behar zaio.

Halaber, errepresioa aplika daiteke prentsaren, irrati saioen, eta hauen antzeko hedabideen kontra, ez bakarrik eskuarki aitorturiko moralitatearen printzipioen kontrako eginiko erasoarengatik, baizik eta tonuaren eta pentsamoldearen apalkeriarengatik, gustu tzarrarengatik, arruntkeriarengatik baita giro moral azpiz usteltzaile batengatik ere. Horrelako errepresioa aplika daiteke iritzi-askatasunari den mendren hunkitu barik. Adibidez, egunkari bat ezezta daiteke erredakziokideek nahi duten tokian publikatzeko eskubidea galdu gabe, baita kasu gutien grabeetan haien artean elkartuak egoiteko eskubidea galdu gabe egunkari bera berpizteko beste izen berri batenpean. Haatik desohorea publikoki leporatua izanen zaio egunkari horri, eta tratamendu bera berriro gerta dakioke. Iritzi-askatasuna zor zaio berriketariari  bakarrik eta baldintzapean, ez eta egunkariari; izan ere, berriketariak du bakarrik iritzi publikoa eratzeko gaitasuna.

Orokorrean, adierazpen-askatasunari dagozkion problema guziak argitzen dira ezartzen baldin badugu askatasun hura inteligentziaren premia dela, eta inteligentzia gizakiaren berarena dela bakarrik, hau da gizakia bera bakarrik hartuta. Ez dago inteligentziaren ariketa kolektiborik. Ondorioz, talde batek ezin du adierazpen-askatasunik eskatu zeren eta talde batek ez baitu horren den mendreneko beharrik.

Alderantziz, pentsakera-askatasunak eskatzen du debekatua izan zaiola talde bati iritzi bat adieraztea[5]. Izan ere, talde batek hasten delarik  iritziak edukitzen, ezinbestez bere kidei inposatzen ditu[6]. Goiz ala berant, problema guti edo askoren gainean, larritasun gradu guti edo askorako, taldeak banakoari eragozten dizkio berekiko kontrako ideiak adieraztetik nun banako horiek berek ez duten beren kabuz taldetik alde egiten. Baina kide garen talde batetiko mozturak sofrikarioa sortzen du beti, sofrikario sentimental bat bederen. Eta, zenbat eta arriskua eta sofrikario-ahalbidea ekintzaren osagailu sanoagoak eta beharrezkoagoak diren, hainbat eta inteligentziaren ariketan biak gauza galgarriagoak dira. Izan ere, beldurrak, arinena izanikan ere, gizakiaren ariman eragiten du beti okertze edo zurruntze bat, gizaki horren adore-mailaren araberan, eta ez da gehiago behar inteligentzia bezalako tresna zehatza eta hauskorra faltsutzeko. Zentzu horretan, adiskidantza bera ere arrisku handia da. Pentsamolde adierazpena baten aintzinetik «gu» hitz tipi hori esplizituki edo inplizituki agertu orduko, segur izan zaitezke orduan berean inteligentzia garaitua dela. Eta inteligentziaren argia iluntzen denean, denbora nahikoa labur baten buruan ongiaren amodioa galtzen da.

Berehalako soluzio praktikoa da partidu guzien ezeztatzea[7]. Partiduen borroka, III. errepublikan egiten zen bezala, onartezina zen; Borroka horren ezinbesteko ondorioa partidu bakarra da, hau da gaizkiaren muturreko maila; ez dago beste aukerarik partidu gabeko bizitza politikoa baizik. Gaurko egunean horrelako ideiak berri eta ausart dirudi. Hainbat hobe, zerbait berri behar dugu eta. Baina izatez ideia hau ez da 1789ko tradizioa baizik. 1789ko jendeentzat ere, ez zegoen beste ahalbiderik; azken mende erdi honen bezalako bizitza politikoa ametsgaisto higingarri bat idurituko litzaizkien. Ez zuten sekula pentsatuko populuaren ordezkari batek bere duintasuna arnegatzen ahalko zuenik partidu baten kide diziplinatu bat bilakatzeraino.

Gisa guziz, Rousseauk argi ta garbi erakutsi zuen partiduen arteko borrokak nahitaez errepublika hiltzen zuela. borroka horren  ondorioak iragarri zituen. Momentu honetan, ongi litzateke jendea Contrat Social-aren irakurtzera animatzea. Izatez, partidu politikoak zeuden toki guzietan dagoeneko demokrazia hila dago. Edozeinek daki partidu ingelesek badituztela tradizioak, ezpiritu bat, funtzio bat beste nehun bezalakoak. Edozeinek ere daki lehian diren Estatu Batuetako taldeak ez direla izatez egiazko partidu politikoak[8]. Demokrazia bat, zeinean bizitza politikoa partidu politikoen borrokaz osatua den, demokrazia suntzitzea aitorturiko helburua duen partiduaren eraketa ezin du eragotzi. Demokrazia horrek salbuespeneko legeak egiten baditu, berak bere burua itotzen du. Aldiz ez baditu egiten, sekuritatean dago xoria sugearen aurrean  bezainbat.


[1] «L’art pour l’art» testuan.

[2] Ezin da idazleen eragina eta erantzunkizuna hobeki azpimarratu.

[3] «jugement d’équité». Esaldiaren bigarren partea ez dut ongi ulertzen.

[4] «Influence par obsession» adiezapenean, obsession hitzak erran lezake errepikapen etengabekoa, obsessioa sortzeko. “bourrage de crâne” erran lezakete frantses garaikideek. Euskaraz buru galgaketa edo sakaketa?

[5] Ez naiz erabat ados taldearen iritzi eta adierazpen-askatasunari buruzko iritzi honekin, baina ongi ulertzen dut erran nahi duena. Gizakiak bakarrik du pentsatzen eta beraz talde baten adierazpena da eskutuko iritzi eragile konkretu batzuen adierazpena. Horregatik, gizakiak. berak bakarrik du iritzi pubblikoaren eratzeko gaitasuna eta eskubidea. Hemen ikusten da SW dela egiazko pentsalaria. Izatez,  pentsatzerakoan arriskuak hartzen dira eta egiazko pentsalariak, abenturari guziak, bezala «border line» dira. Ez gara  estonatu behar aurkitzen baditugu adierazpen eztabaidagarriak SWen testuetan.

[6] Gainera taldearen iritzi horiek egiatan taldeko kide baten edo  batzuena dira.

[7] Arrazoinamendua ulertzen badut konklusio hau eztabaidagarria da  baina  gerora  praktikan bere iritzia nabarituko du.

[8] Hemen emaiten  du partiduen kontrako bere posizioa ez dela hain zurruna.

[Erroztamendua] Arimaren premiak I

Arimaren Premiak XI Arimaren Premiak XI Arimaren Premiak XI Arimaren Premiak XI Arimaren Premiak XI

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

8 pentsamendu “[Errogabetasuna] Arimaren Premiak XI”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-05-29 10:36

    “Les caves du vatican” Giden nobelan aurkitzen da arrazoi edo motibaziorik gabeko erahilketa baten deskribapena ( meurtre gratuit frantsesez): Lafkadiok ” arrazoirik gabe” gizaki bat botatzen du zebilen treina batetik. Nobelaren pasadizo horrek eta horrez gain Gidek adierazi ideia filosofikoek (ateismoak barru) inteligentzia kordokatu et bi aldetan zatikatu zuen. Idazlearen adierazpen askatasun erabtekoa zen kolokan.
    Itxura guzien araberan SWek pentsatzen zuen liburuak eragin larria ukan zezakeela portaeren gainean, eta Gide horretaz kontziente zela, baita harro ere zela. Pertsonalki ezdakit egiazki gertatu okrimenik leporatzen ahalko zion.

  • Benat Castorene 2021-05-30 10:49

    Pasarte honetan iduri du ideia bat gailentzen dela, hau da, gogoetatze edo pentsatze egiazkoa ez daitekeela sekula talde baten emaitza izan baizik eta gizabanako batena. Horregatik egiaren bilaketan, bere filosofiaren ezaugarria denean, inteligentzia-ariketaren erabateko askatasunaren premiatzat zeukan.
    Askatasun premia horri ez zion mugarik onartzen; Horrenbestez mesfiatzen zen ohargabean mugak ala trabak eragin litzaketen faktore guzietaz, hala nola, partiduetaz, erlgio ezarrietaz edo institutuetaz, baita adiskidantzaz beraz ere zeinak guretzat ez diren, alabaina, batasun behar natural baten agerraldiak baizik.
    Gauza kuriosa seinalatu behar da: mistikoaren fama zeukan filosofo honek joan zen pentsatzeraino jinkuaren bilaketa jakin batek ez ziola inolaz ere poxelurik egin behar inteligentziaren ariketari. Horretarako jinkoa ez omen zuen sekula zuenean bilatu egia baizik.
    Pertsonalki iduritzen zait beti buruan eduki beharreko ideia eraginkorrak direla baina praktikan beti sakondu eta nabarduratu beharrekoak. Adibidez praktikan ideia berri baten eratzean berak baino garrantzia gehiago esleituko nioke eztabaida prozezuari nahiz eta ideiak norbanako baten gogomen batuaren beharra duen hasieran sortzeko eta bukaeran erabat biribiltzeko.

  • Ondorioztatzekoa da ere bai, praxis politikora begira, alderdikeriak nola askatasun indibiduala mugatzearekin batera demokrazia bera mugatzen duela. Demokrazia batean hiritar bakoitza errepresentaturik egon behar bada ezin da izan, modu zeharkakoan, alderdiaren bitartez. Pentsamendu ildo horri jarraituz, banakoaren eskubide politikoa aldarrikatu behar da, demokrazia zuzena alderdikeriaren gainetik, hori baita beraz norberaren iritzi politikoa plazaratzeko bide bakarra, Atenaseko demokrazian egin zen legez, norbera bere iritizen jabe egiteko.

  • Benat Castorene 2021-05-30 16:41

    Ezin uka, Enekorix, alderdiak (biziraun beharrez) norbanakoaren iritzi- diziplina eskatzen eta eragiten duela iritzi-askatasuna baino gehiago. Erran daiteke ados ez izanez geroz norbanakoak alde egin lezakeela, baina Swek zioen bezala alde egiteak sofrikarioa sortzen du zeina ekiditeko anitzek nahiago baitute beraien iritzi-askatasuna mugatu.
    Beraz arrazoin duzu: ez alderdia izatez ez da demokratikoa, baina berriz bai alderdia dela demokrazia errepresentatiboen inbentzio praktiko bat da, gerlako makina bat, taldeek boterea konkistatzeko, gizaki bat edo talde bat boterera hupatzeko. Funtsean alderdiak boterea du helburu lehenik eta beti. Horregatik askotan dezepzionatuak gara konturatzen garelarik ordezkatzen eta defendatzen dituen gure esperantzak bigarrenak ,erlatiboak eta egunen batean abandonatuak direla. .
    Arazoa da oraiko demokrazia zeharkakoa edo errepresentatiboa ( Castoriadisek “oligarchie liberales” erraten zuen) antolatu dela alderdien bidez funtzionatzeko. Nola nahi duzu zure ideiak defendatu ahal izatea alderdi baten palankarik gabe?
    Askoz zailagoa da oraiko estatu handietan Atenas tipian baino demokrazia zuzena praktikatzeko; Ezinezkoa.
    Herri tipi batean aldiz zinez aztertzeko proiektua litzateke baina lehenik edo denbora berean mentalitateen iraultza bat eska lezake. Horrelako estatu baten antolakuntza aurretik eztabaidatu, pentsatua eta eskala tipiko ekimen tipitan esperimentatua izan beharko litzateke bestenaz iraganerko akatsetan erortzea ezinbestekoa da.
    Gisa guziz plantatzen duzun demokrazia zuzenaren hizpide hori erabakigarria litzateke gure gogoeta maila biziberritzeko..
    Badakizu 1789ko iraultza aitzinean, hemen Lapurdin (laborari etxe nausien) demokrazia bezalako zerbait zela indarrean?

  • Arrazoia duzu, Beñat, ezin erkatu daitezkeela garai hartako Atenas eta gaurko Estatu oligarkikoak, baina ideia nagusi batzuk atera genitzake hortik. Egia da zuzeneko demokrazia esparru txikietan lantzeko hobeagoa dela esparru zabal eta handietan baino, baina ideiaren idealtasunak hausnarketarako balio beharko liguke. Ados nago esperimentatu beharreko proiektua litzatekeela, eta udalerri batzuetan nahiko egingarri dirudit, gizabanakoa inoiz egitan bere bizitzaren jabe izango bada. Eta bide horretan Udalaren figurari garrantzi handiagoa ematea berebizikoa iruditzen zait, baina noski figura horren garrantzia ezin daiteke handiagotu bizitza esparru lokalera berrekarri gabe, gizartearen alderdi hainbat berlokalizatu gabe, egitate guztiak gure errealitate hurbiletik harago daudenean ezin baititugu ulertu ezta kontrolatu ere. Horretarako deszentralizazio progresibo bat beharko genuke eta kapitalismo globalaren gehiegikeriak gelditu.
    Ez nekien Lapurdiz aipatzen duzunaren berri, informazio gehiago bazenu gustora irakurriko nuke. Eskerrik asko!

  • Beñat Castorene 2021-05-30 23:09

    Enekorix ados.
    Iraultza aitzineko Lapurdiko gizarteari dagokionez, dakidanez ez da testu barreiatu bakar batzu baizik aurkitzen. Monografia oso eta beterik ez dago. Iraultzaren irradiazo itzelaren eta Nafarroako erreinuaren prestigioaren artean tokirik ez dagoke feudalismoa ezagutu ez duen probintziarentzat. Denbora piskabat behar dut irakurketa onak zuri emaiteko.

  • Eskerrik asko, Benat, besteokin zure interes eta jakintzak partekatzeko egiten duzun ahaleginagatik.
    Gai honen inguruan Maite Lafourcade-ren artikulu bat aurkitu dut, “La démocratie basque” izenekoa. Bertan Ipar Euskal Herriko iraultza aurreko instituzio politikoak ditu hizpide, eta Lapurdiko Biltzarra aipatzen du. Agian hau da zuk aipatutako testuetako bat. Hemen txertatuko ditut bai artikulua eta bai autoreari egindako elkarrizketa. Artikulua frantzesez dago, baina saiatuko naiz nire frantzes eskasarekin ulertzen. Ondo izan!

    https://dialnet.unirioja.es/descarga/articulo/3332138.pdf

    https://batzarrak.wordpress.com/lapurtarren-biltzarra-maite-lafourcade/

  • Benat Castorene 2021-05-31 20:14

    Ez testu zehatz horiek ez nituen ezagutzen, aldiz Maite Lafourcaden antzeko beste batzu bai. Gisa guziz bera da gaia gehien aztertu duena eta sustut begirunez. Izan ere historiari euskaldun gehienak ez dira tamalez aritu begirune berarekin, adibidez iparraldean erreferentzia den Manes Goyenetxe zena.
    Enekorix has zaitezke bi testu horiekin. Ez baduzu den-dena ulertzen, igor ezaizkidatzu pasarte korapilatsuenak lagun zaitzadan.
    Maite lafourcadek, euskaduna ez zenak, biziki untsa erakusten du antolakuntza soziala originala eta koherentea laborari gizarteari egokitua, zuzeneko demokrazia praktikatzen zuena eta autonomia maila handia zeukana. Frantziako erreinuan parerik gabekoa zen.