TopAraba egitasmoak Ogiak hizketan baleki eta Benniz diziplina arteko proiektuak aukeratu ditu

TopAraba egitasmoak Ogiak hizketan baleki eta Benniz diziplina arteko proiektuak aukeratu ditu –

TopAraba egitasmoak Ogiak hizketan baleki eta Benniz diziplina arteko proiektuak aukeratu ditu datozen hilabeteetan garatzeko.

TopAraba, euskarazko kultura sormena sustatzeko Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital fundazioak aurten lehenengo aldiz antolatu duten egitasmoak Marina Suarezek Irantzu Lekuek, Josune Velez de Mendizabalek, Edu Zelaietak, Ander Gondrak eta Txema Ramirez de la Piscinak osatutako Mamiak kolektiboaren Ogiak hizketan baleki eta Beñat Goitiaren eta Anne Baskaranen Benniz proposamenak saritu ditu. 7.500€ banatuko dira bi proiektuak laguntzeko: Ogiak hizketan baleki proiektuarentzat 4.000€ eta Benniz-entzat, berriz, 3.500 €. Sei hilabeteko epea izango dute beren egitasmoak osatzeko, eta udazkenean Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztuko dira.

  • Txema Ramirez de la Piscina (Mamiak kolektiboa): “Ogiak hizketan baleki” proposamenean diziplinartekotasuna da nagusi: ikus-entzunezkoak, kazetaritza, arte eszenikoak, historia eta literatura bat etorri dira obra honen ehunduran. Proposamenak kazetaritza performatikoan du oinarri eta lehen karlistaldian (1835-36 urtealdian) Gasteizen izandako gertaera lazgarri batzuk izan ditu abiapuntu”.
  • Beñat Goitia (Benniz): ”Benniz proiektuak azken emaitza gisa irudiz lagundutako kontzertua izango du. Ordenagailua, etxea eta kantuak etorkizun beltzari aurre egiteko. 80. hamarkadaren nostalgiatik ihes, doinu berriak gurera ekartzea helburu duen proiektua da”.
  • Iñaki Lazkano (Oihaneder Euskararen Etxea): ”Arabako sortzaile euskaldunak batzea eta elkarrekin lanean jartzea zen TopAraba egitasmoaren helburu nagusia. Aukeratutako bi proiektuek oso ondo jasoko eta islatuko dute deialdiaren nahia.

Aurten lehenengo aldiz Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak TopAraba egitasmoa jarri dute martxan. Kultura diziplina ezberdinetako norbanako sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da, eta euskarazko kultura sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea izan ditu helburu.

TopAraba egitasmoak Ogiak hizketan baleki eta Benniz diziplina arteko proiektuak aukeratu dituEgitasmoak otsailaren 27an eman zituen bere lehen pausoak Oihanederren egin zen egun osoko topaketan: goizean aditu ezberdinen ekarpenak jaso zituzten, eta arratsaldeko saioko laborategian kultur sortzaileek beren artean elkar ezagutu eta diziplinarteko proiektu zehatzen inguruan saretzeko aukera izan zuten. Saretze horretatik sortu dira bi talde eta proiektu irabazleak.

Alde batetik, Mamiak kolektiboa sortu da. Kolektibo hau Ogiak hizketan baleki proposamena garatzeko sortu da, eta diziplina ezberdinetako sei sortzailez osatuta dago: Marina Suarez (zuzendari eszenikoa), Irantzu Lekue (arte zuzendaria), Josune Velez de Mendizabal (aktorea), Edu Zelaieta (gidoilaria), Ander Gondra (ikerketa historikoa) eta Txema Ramirez de la Piscina (komunikazio arduraduna).

Azken honen hitzetan, “Mamiak taldea osatzen dugunontzat TopAraba deialdia aukera ezin hobea izan da, lehenengo eta behin, hobeto elkar ezagutzeko eta, bestetik, norberak dituen osagai sortzaileenekin proposamen berritzaile eta abangoardista prestatzeko”.

Ogiak hizketan baleki. Gasteiz 1835-1836: hiri okupatuaren kronika bat: Kazetaritza performatikoa erabiliz, —ikerketa kazetaritza eta arte eszenikoak zeharkatzen dituen artefaktu kulturala—, Gasteizko historiaren baitan ahaztuta dauden zenbait pasadizoren berreskurapena planteatzen da obra honetan: “1836an gaude, Gasteizen, lehen karlistaldian. Josefa de Mugika alarguntzear da. Hiru egun barru, hiriaren erdialdea okupatzen duten tropa ingelesek bere senarra, Jose de Elosegi, exekutatu behar dute, Gasteizko Plaza Zaharrean, milaka soldadu atzerritar suharturen aurrean. Garrotez hilko dute. Traidore izateagatik, soldadu liberalen artean desertzio-sare erraldoia antolatzeagatik. Baina, zerbait gehiago ere leporatzen diote Joseri, are eta ikaragarriagoa den beste zerbait, benetan izugarria… Azken hilabeteetan Gasteizen hil diren 1.200etik gora soldadu ingelesen heriotzaren erruduna dela uste dute liberalek. Egia ote?”.

Bestetik, Benniz proiektuaren inguruan Beñat Goitia eta Anne Baskaran batu dira. Elkarlan honen kasuan, Top?Araba egitasmoaren jardunaldietan ernaltzen hasi bazen ere, 2020ko urtarrila du abiapuntutzat, orduan utzi baitzuen Beñatek Montauk musika taldearen proiektua eta orduan ekin baitzion musika eta tresna elektroniko bitarteko bideari. Hilabete luzeetan zehar irudiz adierazi beharreko estetika bat eraiki nahi izan du Beñatek, eta une horretan sortu da Anne Baskaranekiko elkarlana.

Benniz: musika eta ikus-entzunezkoa proiektu honen zutabe nagusi diren arren, argiztapena, moda eta ilustrazioa ere gurutzatuko zaizkie bidean. Azken urteetako musika kontsumoaren joerek dagoeneko joera izateari utzi diote, pandemiak haustura digitala eraginez betikotu egin baititu. Gaur egun, kantu batek ez du esanahi osaturik soilik belarriekin entzuten bada. Kantu hori laguntzen duten bideoek, jantziek, argazkiek, iruditeriak, hau da, estetikak osatzen dute mezuaren esanahia.

Bi proiektu hauek garatzeko 7.500 €-tako diru-poltsa osatu da Top?Araba deialdian, eta Vital Fundazioak eman duen babesa eta laguntza ezinbestekoa izan da dirulaguntza bideratu ahal izateko. Beraz, Oihanaderrek esker on zintzoena eman nahi die Vital Fundazioko arduradunei. Diru-poltsaren banaketa modu honetan egin da: Benniz proiektuak 3.500 € jasoko ditu eta Ogiak hizketan baleki proposamenak, berriz, 4.000 €.

Momentu honetan egitasmoaren bigarren fasean daude murgilduta bi taldeak: Mamiak kolektiboa eta Beñat Goitia eta Anne Baskaran bikotea beren proiektuak garatzen ari dira. Horretarako, gehienez sei hilabeteko epea izango dute. Ondoren, udazkenean, Oihaneder Euskararen Etxean beren proiektua jendaurrean aurkeztu beharko dute.

Amaitzeko, aipatu beharra dago Oihaneder Euskararen Etxeak Top?Araba egitasmoaren lehenengo edizio honen balorazio baikorra egiten duela. Izan ere, laborategiko lan-saioan parte hartu zuten 16 kultur sortzaile arabarren arteko batzuk bost proiektu aurkeztu zituzten, horietako bi hauek izan dira 2021eko deialdian diruz lagunduko direnak.

TopAraba egitasmoak Ogiak hizketan baleki eta Benniz diziplina arteko proiektuak aukeratu ditu