Top Araba, euskal kulturaren sormena sustatzeko proposamena

Top Araba, euskal kulturaren sormena sustatzeko proposamena –

Euskarazko kultura sormena sustatzeko, berrikuntza suspertzeko eta sareak sortzeko asmotan, Oihaneder Euskararen Etxeak egitasmo berria jarri du martxan: Top Araba. Araban bizi diren kultur diziplina anitzetako norbanako sortzaileak harremanetan jarri nahi ditu, eta horretarako baliabide ekonomiko, tekniko eta materialak eskainiko zaizkie. Egitasmo honetatik diziplinarteko sormen proiektu ezberdinak lagunduko dira, eta 7.500€-ko diru poltsa osatuko da. Egitasmoak Vital Fundazioaren babesa du.

Aurten lehenengo aldiz Oihaneder Euskararen Etxeak Top Araba egitasmoa jarriko du martxan. Kultura diziplina ezberdinetako norbanako sortzaile arabarrei zuzendutako proposamena da eta euskarazko kultura sormena sustatzea, berrikuntza suspertzea eta sortzaileen artean sareak sortzea ditu helburu.

Top Araba, euskal kulturaren sormena sustatzeko proposamenaEgitasmoak abiapuntua otsailaren 27an burutuko den topaketan izango du. Goizeko saioan, diziplinarteko sormen prozesuetan esperientzia duten Euskal Herriko 3 pertsona erreferentek parte hartuko dute: Harkaitz Canok, Amancay Gaztañagak eta Xabier Gantzarainek. Parte- hartzaileek profesional hauen ikuspegia eta esperientzia gertutik ezagutuko dituzte. Helburua diziplina ezberdinak uztartzen dituzten sormen prozesuen osagaiez jabetzea izango da. Goizeko saioa irekia da, eta kulturan interesa daukan edozeinek har lezake parte.

Arratsaldeko saioak, laborategi formatua izango du. Kultur sortzaileen txanda izango da: diziplinarteko proiektu bat sortzeko ideia landu beharko dute taldeka. Honez gain, sortzaileen arteko saretzea lortu nahi da saio parte-hartzaile honetan. Saioa Teklak enpresak dinamizatuko du.

Momentu honetan, otsailaren 27an egingo den topaketan izena emateko epea ireki da, eta ezinbestekoa izango da topaketarako beren beregi sortu den inprimakia betetzea bertan parte hartu ahal izateko. Egitasmoa bere osotasunean kultura sortzaileei zuzenduta badago ere, goizeko jardunaldia irekia izango da, eta interesa duen edozein norbanakok parte har dezake. Arratsaldeko laborategian, berriz, 18 urtetik gorako eta Araban erroldatutako kultur sortzaileak bakarrik eman dezakete izena.

Behin topaketa egin ondoren etorriko dira egitasmoaren gainontzeko faseak:

  • Deialdia: topaketan landu diren diziplinarteko kultura proiektuak aurkezteko epea eta proiektu irabazleen aukeraketa. Proiektu hauen garapenerako 7.500 €-ko diru poltsa egongo da.
  • Proiektuen sormen prozesua: aukeratutako proiektuen garapena, gehienez 6 hilabetetako epean burutzekoa.
  • Aurkezpen publikoa: sortu diren proiektuen aurkezpena Oihaneder Euskararen Etxean.Egitasmoak Vital Fundazioaren babesa izango du.

 

Izen-emate inprimakia.

Ikusi oinarriak hemen. Informazio gehiago: www.oihaneder.eus / 615.986.832

 

Top Araba, euskal kulturaren sormena sustatzeko proposamena