Raimundo Lanas, Nafarroako jotari handia
Raimundo Lanas –
Gure historia oraindik, neurri handi batean, idatzi gabe dagoela erranen nuke nik. Gauza ainitz idatzi eta zabaldu dira, baina erdizka azaldurik, eta askotan, galtzaile izatea egokitu zaigunez gero, arrotz ikuspegiaren aldetik zabaldutako testuak izan dira eskura izan ditugunak. Hori dela eta, Euskal Herriko seme-alaba ainitzen egindakoak arras ezezagunak egiten zaizkigu gaurko euskaldunoi. Horixe da Raimundo Lanas jotariarekin gertatzen zaiguna. Historiografia faxista-navarristak bere lana egin du jotari aparta honen irudia bere eiherara eramateko, eta helburu zital hori lortua zuela zirudienean, Joxe Mari Esparza Zabalegi ikerlari eta idazle tafallarrak hainbat artikulu eta hitzaldi egin ditu egiari bide berriak zabalduz eta Raimundo Lanasi duintasuna itzuliz. Ez da makala Joxe Mari Esparzak egindako lana. Beraz, milesker zuri, Joxe Mari.
1.- Jota eta bere ezaugarriak
Jotak bat-bateko koplak ziren, bertsoen antzekoak, Ebro ibaiaren bazterretatik eremu zabalago batera igaro zirenak. Askotan kritikarako bide ezin hobeak izaten ziren. (Ikusi Joxe Mari Esparzaren “Jotas heréticas de Navarra” –Nafarroako jota heretikoak– izeneko liburua). Erriberan erromantzez egiten zituzten eta gorago, Erriberriko merindadeko herri ainitzetan euskaraz. Adibidez, jakin badakigu, 1765ean Artaxoako lagun koadrila bat epaitua izan zela emakume alargun bati euskarazko jota bat kantatzeagatik.
Jota zortzi silabako lau bertso-lerroz osatzen da, eta bigarren eta laugarren lerroek errimatzen dute. Hainbat doinutan abesten dira eta baditugu beste neurri luzeagotara egokitzen diren jotak ere. Doinuak aginduta hainbat lerro errepikatzen dira. Ohikoena jota gitarraz edo esku-soinuaz laguntzea izaten da.
Jotariak herriko seme-alabak ziren eta askatasun osoz inprobisatzen zituzten heien jotak. Horietako bat izan dugu Raimundo Lanas, inprobisatzaile trebea eta biziki ahots on eta ozena zuena. Zoritxarrez, frankismo garaian navarristek jota ikur gisa bereganatu zuten eta ondorioz gainbeherara zuten kondenatu. Gaur badira eskolak eta mugimendu handia egiazko jotaren inguruan. Espero dezagun gaurko haziak biharko lili ederrak izatea.
2.- Raimundo Lanas jotari handia
Raimundo Lanas Muru Erriberriko merindadeko Murillo el Fruto herrian jaio zen 1908ko urtarrilaren 23an. Gaztetan artzaina eta arotza izan zen. Oso ahots ederra omen zuen eta berehala hasi zen bai herrian eta bai inguruetako herrietan jotak kantatzen: Tafallan, Zarrakaztelun, Tuteran… Hortik Iruñera pasatu zen sekulako ospea erdietsiz. Iruñean Migel Zenoz de Ostiz ezagutu zuen, hortik aitzina adiskide eta laguntzaile izan zuena. Honek Bartzelonara deitu zuen eta bertako estudio batean bere lehen jotak grabatu zituen. Gero konpainia handietan ibili zen ikuskizun famatuetan parte hartuz. Herritarrak laster “Nafar urretxindorra” deitzen hasi zitzaizkion, hau da, nafar erresiñola.. 1933an Kuban, Mexikon eta New Yorken ibili zen, arrakasta ikaragarri handiaz.
Garai hartan jotari gehienak ezkerrekoak ziren, sozialistak, errepublikazaleak, eta baita Raimundo Lanas ere. Berarentzat jota nafar kulturaren adierazleetako bat zen, Euskal Herriko bere-berezko kanta moldea. Ez zekien euskaraz, baina euskara maite zuen eta euskal kantuak ere ederki abesten zituen. Esate baterako, 1935ean Mexiko hirian zebilela, hango euskal etxe batean, Pantaleon Arzoz piano-jole tafallarraren laguntzaz “Goizeko izarra” abestu zuen txaloaldi luze eta beroa erdietsi zuelarik.
Carmen Bravorekin ezkondu zen eta tamalez, gazte hil zen, 1939ko abenduaren 31n, hogeita hamaika urterekin, bere ospearen gailurrean zegoenean. Orduz geroztik Raimundo Lanasen jotak herritarren gogoan atxikirik gelditu dira, mito bilakatuz.
Frankistek hasieran eta navarristek gero euren dotrina politikoaren eredu gisa hartu bazuten ere, erran beharra dago Raimundo Lanasek ez zuela haiekin inoiz inolako loturarik izan. Nafartarra zen, Euskal Herriko semea eta naturaltasun osoz aldarrikatu zuen beti.
Bazuen zortziko bat egina horren goiztiarra espero ez zuen heriotzaren momenturako. Zoritxarrez, goizegi hil zen, Nafarroa faxismoaren menpe zegoenean, eta hiletaren momentuan inork ezin izan zion kantatu. Are gehiago, geroztik egin zaizkion omenaldietan ere, ez zaio abestu. Beraz, badugu kitatzeko zor ederra Murillo el Frutoko seme jotariarekin. Hona hemen aipatutako zortzikoa:
Si un día en esta ausencia /Navarra mía muriera yo, / quiero que a tí te llegue / de mi agonía mi último adios./ La jota y el zortziko/ que son tus cantos de bendición/ serán la despedida / que da a su vida mi corazón. (Egun batean kanpoan hilko banintz, / Nafarroa nirea / nahi nuke nire heriotzaren / azken agurra zuri iristea / Jota eta zortziko kantu benedikatuak / izanen dira nire bihotzak / emanen dizun agurra)
Hau dena biziki ongi kontatzen digu Joxe Mari Esparzak “La Voz de la Merindad” izeneko agerkarian, 2009ko apirilaren 5ean plazaratu zuen “Raimundo Lanas, sus jotas, su euskara y el milagro de la boina” (Raimundo Lanas, bere jotak, bere euskara eta kapeluaren miraria) artikulu eder mamitsuan. Interneten ere atzeman daiteke.
1985ean Larragako jotariek grabatu zuten diskoan baziren euskarazko jota batzuk. Horietako batean honela zioten: Bota Erribera jota,/ Larragatik Gernikara,/ mila lore berri gara,/ espos goaz Iruñera.//Iruñea haiz ederrago/ amorezko pena baino,/ goi elurretaraino/ hire jota diat botako.// Raimundo Lanas ta Etxahun,/ Xibero ta Nafarroa,/ biei kantatzen diegu/ Larragako joteroek.
Raimundo Lanas
Raimundo Lanas