Energia eskasiak osasunean eragiten duenekoa
Energia eskasiak osasunean eragiten duenekoa –
Bartzelonan egindako azterketa batek ondorioztatu du pobrezia energetikoak eragin esanguratsua duela kinka horretan dauden lagunen osasunean. Besteak beste, bronkitisarekin eta depresioarekin lotu dute etxea behar beste berotu ezin izatea.
Ezaguna da hainbat eta hainbat faktorek osasunean eragiten dutela, baina beti ez da erraza faktore horien garrantzia eta eragin zehatza ezagutzea. Tartean gaixotasun larriak daudenean, are garrantzitsuagoa da lotura horiek argitzea, eta polemika galantak sortu ohi dira horren harira. Agian adibiderik ezagunenak dira minbizia izateko joera indartzen duten faktoreen inguruan Osasunaren Munduko Erakundeak egiten dituen berrikuspenak, baina, horiez gain, sarritan argitaratzen dira hain mediatikoak ez diren ikerketak.
Halakoetan, normalean arazorik handiena da oso zaila dela eraginak maila molekularrean frogatzea, eta, ezinbestean, korrelazioen munduan sartu beharra dagoela. Horien bitartez, aldagaien arteko lotura estatistikoei erreparatzen zaie. Gehienetan, datu medikoak bizi-ohiturekin edota ingurumenean dauden faktoreekin alderatzen dira, atzean horien arteko kausalitatea egon ote daitekeen argitu aldera. Normalean halako ikerketek ezin dute finkatu behin betiko kausalitate bat, baina, abiapuntu duten oinarri estatistikoaren eta azterketaren diseinuaren kalitatearen arabera, arreta sakonagoa merezi duten gaiei buruz oso zantzu interesgarriak eman ditzakete.
Hau bereziki garrantzitsua da oso gutxi landu izan diren harreman posibleen kasuan. Horren adibide argia da pobrezia energetikoak osasunean izan dezakeen eragina. Orain arte, ikerketa gutxi egin dira horren inguruan, mendebaldeko herrialde garatuen kasuan bederen. Gaia gehiago landu da, ordea, garapen bidean dauden herrialdeetako etxeen barruan kozinatzeko zein berotzeko erabiltzen diren suteen kutsadurari dagokionez: bereziki errekuntzaren ondorioz sortutako karbono monoxidoa da kalte gehien eragiten duena; batzuetan, gainera, heriotza ere ekar dezake, ohartu gabeko intoxikazioen bidez.
Herrialde garatuetan, berriz, pobrezia energetikoa etxebizitzaren behar energetikoak behar bezala asetzeko ezintasunarekin lotu ohi da. Egoera horrek osasunean izan dezakeen eragina aztertu du ikertzaile talde batek. Kasu honetan, Bartzelonako datuak baliatu dituzte, bertan eskuragarri izan dituztelako pobrezia energetikoko egoeran dauden bizilagunen datu base bat, eta horiei inkesta bat egin diete. Gaceta Sanitaria aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dituzte emaitzak.
Pobrezia energetikoaren aurka Bartzelonako Udalak egin zuen programa baten barruan dauden 2.470 lagunen datuak jaso dituzte azterketan (1.799 emakumezko eta 671 gizonezko), eta datuok 2016an egindako osasun publikoaren gaineko inkesta baten arabera energiaren alorrean aparteko arazorik ez duten 2.608 lagunekoekin alderatu dituzte (kasu honetan, 1.393 emakumezko eta 1.215 gizonezko).
Energía, la justa lelopean, 2016an populazio zaurgarrietan pobrezia energetikoa arintzeko egitasmo hori abiatu zuten Bartzelonan. Programak hiru oinarri izan zituen, emaitzen analisia egin zuen ebaluazio batean azaltzen denez: efizientzia energetikoa ahalbidetzeko ohiturak sustatzea, bonu sozialaren tramitazioaren bitartez aurrezkia lortzea, eta etxeetan kontsumo baxuko bonbillak jartzea.
Egileek azaldu dutenez, etxe barruan behar adinako beroa eta bestelako bizi-baldintza egokiak ez izateagatik, neguan heriotzen eta gaixotasunen tasak handitu direla ondorioztatu da aurreko ikerketa batzuetan. Horietan, arnas sistemari eta sistema kardiobaskularrari lotutako arazoak aurkitu dira, eta baita osasun mentalari dagozkionak. Baina orain arte ez da jorratu horrelako ikerketarik Europa hegoaldean.
Diotenez, Europar Batasunaren baitan, arazoa bereziki kezkagarria da ekialdeko eta hegoaldeko herrialdeetan, eta egoera larriagoa egin zen 2008tik aurrera higiezinen burbuilak eztanda egin zuenetik. Klima epelagoa izan arren, egileek argudiatu dute Europa hegoaldeko herrialdeek arazoarekiko zurgarritasun handiagoa dutela, babes sozialerako sistemak “zatikatuta eta gutxi garatuta” daudelako, berotze sistema egokiak faltan daudelako, eta etxebizitzen kalitatea txarragoa delako. “Egoera ondorengo faktoreen elkarrekintzari lepora dakioke: batetik, etxebizitzaren alorreko politika eskasei; bestetik, truke-balioa beharrean erabilera-balioa lehenesten duen eta merkatura bideratuta dagoen etxebizitzen produkzioari. Eskuragarria, egokia eta kalitatezkoa den etxebizitza bat izateko eskubidean txarrerako eragiten du bigarren faktoreak”.
Inkestan, norberak informatutako osasun egoera kontuan hartu dute. Hau da, inkestatutakoak izan dira haien osasun egoeraren berri eman dutenak. Baina egileek babestu dute datu horien balioa. Ikerketaren egile nagusi Juli Carrere soziologoak posta elektroniko bitartez argitu duenez, beste ikerketa batzuek erakutsi dute osasun erregistroak eta norberak emandako erantzunak maila handi batean bat etorri ohi direla.
“Oro har, nolakoa da zure osasun egoera?” galdetu diete parte hartzaileei. Modu berean, aurreko 12 hilabeteetan asma, bronkitis kronikoa, depresioa edota antsietatea izan ote duten galdetu zaie. Haien etxeetan dagoen egoera ere izan dute hizpide: tenperatuta egokia mantentzen duten, edota fakturak ordaintzeko zailtasunik izan ote duten; etxebizitzen egoeraz ere galdetu diete. Datu horiekin guztiekin, hiru mailatan sailkatu dituzte parte hartzaileak: pobrezia energetikoko maila baxua, ertaina edo altua.
Bronkitis kronikoa izateko aukera 4,9 aldiz handiagoa da pobrezia energetikoa duten emakumezkoetan, eta 5,4 aldiz handiagoa gizonezkoetan. Osasun mentalari dagokionez, depresioa eta antsietatea izateko aukera 3,3 aldiz handiagoa da emakumezkoen artean, gizonezkoetan 4 aldiz handiagoa izanik. Ikertzaileek diotenez, familien egoeraren eta osasunaren arteko lotura indartsuagoa da pobrezia energetikoa handiagoa den kasuetan. Aldagai guztietan aurkitu dute harremana, batean izan ezik: gizonezkoek informatutako bronkitis kronikoa.
Egileek hiru faktore jo dituzte egoeraren abiapuntutzat: familiaren egoera sozioekonomikoa, etxearen errendimendu energetikoa eta energiaren prezioak. Faktore horiek, noski, testuinguru politiko, sozial eta ekonomiko zabalago baten barruan daudela ohartarazi dute. “Umeak, adineko pertsonak, emakumeak, etorkinak eta klase baxuko populazioak zaurgarriagoak dira pobrezia energetikoaren aurrean”, idatzi dute. Arazoaren tamaina ikusita, gaia jorratuko duten “politika publikoen beharra” nabarmendu dute.
.
Erreferentzia bibliografikoa:
Carrere, Juli; Peralta, Andres; Oliveras, Laura; López, María José; Marí-Dell’Olmo, Marc; Benach, Joan; Novoa, Ana M. (2020). Energy poverty, its intensity and health in vulnerable populations in a Southern European city. Gaceta Sanitaria. DOI: https://doi.org/10.1016/j.gaceta.2020.07.007