Ama eta hizkuntza

Ama eta hizkuntza –

Ama eta hizkuntza
Arg: DAVID FERNANDEZ / EFE / BERRIA

Zurruna da argazkia: bi emakume, adinekoa bata, gaztea bestea, atzetik hartuta. Gaztea, bere musuko eta jantzi profilaktikoekin, adinekoaren zaintzailea da. Erreportajearen izenburua, bertso forman dator: “Hitza, sendatzeko giltza”. Maria Ortegaren lanak hainbat adituren testigantzak dakartza. Tartean Maritxu Goihenetxerenak; honek Izpurako adinekoen egoitza batean egin du ikerketa alzheimerra duten lau egoiliarrekin. Emaitza, Goihenetxeren hitzetan, hauxe: “(…) frogatua izan da elebidun batek bere ama hizkuntza arinago erabiliko duela alzheimerra duelarik”. Baieztapen horrek gure gurasoek beren azken egunetan bizi izandako pasarte bana ekarri dit gogora. Gure attek egun batean, izugarrizko asaldura izan zuen: ume ahotsa jarri eta bere amari deitzen zion, txitek ihes egin zutela eta erabat larrituta. Beste behin, gure ama, eskaileretara irten eta haur plantan jarrita, bere amari deika aritu zen, larri hura ere. Ama hizkuntza bakarrik ez, ama bera behar zuten biek une haietan. Bada gaurko BERRIAn euskararen erabilerari lotutako beste lan bat, Xabier Payaren artikulua, hain zuzen ere: “Protestatzeko hizkuntza” dio izenburuak. Payak hori aurkitu du Bilbo inguruko pentsiodunen eta ostalarien mobilizazioetan, eta ondorio hau atera du: “(…) mesfidantza eragiten dit gaztelaniak liskar kaletarren mundua euskarari doan lagatzeak”. Bi idatziak gurutzatu eta zer pentsa utzi naute, ezinbestean.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko urtarrilaren 26koa]

Ama eta hizkuntza

3 pentsamendu “Ama eta hizkuntza”-ri buruz