“¡Andereño! ¡Sé contar hasta veinte en euskera!”
“Ikastetxera datozkigun etorkin guztiak euskara ikasteko irrikan daude. Ikaragarrizko motibazioa dute eta horrek ikasketa prozesua asko errazten du”. Egunero, Rosa Marik munduko edozein tokitatik iristen diren haurrak hartzen ditu ikasgelan beren ikasketetan eta eguneroko bizitzan moldatzen lagunduko dien tresna erabiltzen laguntzeko: Euskara.
Rosa Mari euskara irakaslea da Beasaingo Murumendi ikastetxean, etorkinen Hizkuntza Indartzeko Programaren Irakaslea (HIPI), hain zuzen ere. Lau eta hamar urte bitarteko hamabi haur izan ditu ikasgelan aurten; Ekuador, Errumania, Senegal, Maroko, Valentzia eta Leondik etorritako haurrak.
“Ikaskide berria dugu gelan!”. Lehen pausoak
“Ikastetxekeek harrera programa oso ona dute. Lehenik, haurraren gurasoak hartzen ditugu eta elkarrizketa bat izaten dugu datu guztiak biltzeko. Ondoren, bigarren bilera batean, gurasoak, haurrak eta irakaslea biltzen gara haurraren maila akademikoa ebaluatzeko”.
Bi etorkin motarekin topo egiten du Rosa Marik ikasturtean zehar: gaztelaniaz dakitenak eta gaztelaniaz ez dakitenak. “Azken talde honetakoak dira hasieran lan gehien ematen dutenak, ez baitugu elkar ulertzeko modurik. Zenbaitetan, itzultzaileak eskatzen ditugu haurrarekin eta familiarekin komunikatzeko, lehen hilabeteetan behintzat”.
Dena dela, haur horiek dira euskara azkarren ikasten dutenak. “Biziraupen kontua da. Ikastetxea D eredukoa da, ikasgai guztiak euskaraz dira eta haur gehienek beren artean euskaraz besterik ez dute egiten. Beraz, ez dute hizkuntza azkar ikastea baino beste erremediorik!”.
Ikasketa prozesua
Hizkuntzarekiko eta ikasketarekiko gogoa transmititu behar dela dio Rosa Marik. Haurrak gustura sentitu behar dira, eroso, eta batez ere maila afektiboa landu behar da errefortzu positiboen bidez. “Ezin dugu bestearen hizkuntza gutxietsi. Batzuetan, haurrek beren jatorrizko hizkuntzan hitz egiten digute beharra sentitzen dutelako. Guk utzi egiten diegu eta ahal dugun moduan laguntzen diegu, adierazkortasuna landu behar dute. Ondoren, eskatu edo esan dutena euskaraz esaten irakasten diegu”.
Haurrak klasetara normal joaten dira beren ikaskide euskaldunekin, “murgiltze prozesuaren bidez ikasten baitute gehien, elkarri eragitea oso garrantzitsua da”. Dena dela, gehienetan HIPI bat dute alboan ariketen ulermenarekin eta azalpenekin laguntzeko.
Baina egunean zehar, etorkinak klasetik irteten dira ordu batzuez eta Rosa Mariren gelara doaz oinarrizko hiztegia lantzen joateko. “Hiztegia lantzen dugu lehenik; gero gramatika, egiturak eta abarrak etorriko dira, baina oinarrizko komunikaziorako formulak ikastea da lehen egitekoa”.
Ikasketarako joera positiboa lortzeko, klaseak dibertigarriak eta aktiboak izan behar direla dio Rosa Marik. “Lehen momentu horiek oso erakargarriak izatea asko zaintzen dugu abesti, jolas eta antzezpen txikien bidez. Bestela, haurrak nekez erakutsiko du ikasteko interesa”. Horrez gainera, irakaslearekin sortzen den harreman afektiboa ere oso garrantzitsua dela gehitzen du.
Gaztelania, ama hizkuntza
Gaztelaniaz hitz egiten duten haur gehienak euskara ikasteko irrikan egon ohi dira. “Gauza berria da haientzat, eta gauza berri guztiek txoratu egiten dituzte”. Adinaren araberakoa izan ohi da interesa, gazteenek duten interes handiena. Hasieran gogo handiz hasten dira, baina aurrera egin ahala eta egin beharreko esfortzuaz jabetzen direnean, motibazioa jaitsi egiten da, gaztelaniaz eginda ere besteekin komunikatzeko gai direla ohartzen baitira. “Zertarako saiatu euskaraz gaztelaniaz ere ulertzen banaute?”, esan ohi dute.
Hala eta guztiz ere, ikasle etorkinek ez dute pentsatu ere egiten euskara ikasi behar ez dutenik, eta inguruak oso paper garrantzitsua betetzen du horretan, herri txikietan hirietan baino errazagoa baita integrazioa eta euskararekin harremanetan egotea. “Poz handia hartzen dut klasera haur bat datorrenean eta poz-pozik esaten duenean: ‘¡Andereño! ¡He visto un cartel en la calle y he entendido lo que decía!’”.