Zaharrunoak

Geroz eta gehiago dira ama-alabentzako moda katalogo bat eta bakarra duten arropa markak, eta bertan, andreek, haurren estiloa imitatzen dute takoirik gabeko oinetan eta makillaje expresionistarik gabeko aurpegietan. eta bospasei urteko neskatilek bulegari itxura dute, amerikanaz eta gonaz jantzita. Bideokontsolen merkatuak ere, familia osoa elkarrekin jolasteko moduko jolasak merkaturatu ditu, nerabearena zen gotorleku bakarrenetako bat suntsituz, belaunaldien arteko labarrak suntsituz.
Produktuak amortizatzeko trikimailua edo gizarte jarrera berri baten isla den ezin ezin esan, baina nahasgarria da. Geroz eta gehiago dira kronologikoki gazte izan arren estetikoki (estetikaren zentzu luze-zabalean) antigoaleko direnak. Azal leun tinkoa dute, mende laurdena sorbalda gainean, haragia jainkoak amestu zuen tokian, oraindik gelako afariak egiten dituzte, esaten dutena baino okerrago mintzatzen dira ingelesez eta zapatilen kolorea aukeratzera mugatzen da haien transgresio esparrua. Herri musika bakarrik atsegin dute, nahiz eta Rolling Stones-en zale ere izan daitezkeen, nork ez ditu bekatutxoak maite. Egokitasunez hitz egiten dute, ez dute droga ilegalik sekula hartu eta edaten dakite: ronaren adinari begiratzen diote kubata eskatu aurretik edo ardoaren koloreari erreparatzen, ardoa mozkortzeko dela ahaztuta. Haiekin topo egitea ez da trantze xamurra. “Zer moduz familia?”·, galdetuko dizute, eta “Lanean ongi?”. Baietz esan beharko duzu, ezetz esanez gero ere “Lana izatea ez da gutxi!” egingo baitizute arrapostu. Zer dute kasko barruan, izan gabe zahar izatera bultzatzen dituena? Etorkizuneko nostalgia ote?
Erlatibitismoaren aztiak dira, muturkeriaren etsai, dena toleratzeko itxurak egiten dakite, nahiz eta bakartasunean, haien moral hertsiarekin ezkontzen ez den guztia aitarenak egiten burutik uxatzen duten. Guraso haien hitzetan bereziak eduki ohi dituzte, kolegak, eta elkar ulertzeko edota oporretan elkarrekin joateko –edo wii-an partida bat jokatzeko- arazorik ez dute. Izan ere, horixe baita gazte zaharruno hauen ezaugarririk larriena: gurasoek nahiko lituzketen seme-alabak dira, belaunaldirik gabeko belaunaldia.
Nahasgarria da, bai, haiekin egotea, eta batez ere, haiekin hitz egitea. Halako batean, grisen aurrean lasterka egin zutenekoa edota Donibane Lohizunera Azken tangoa Parisen ikustera joaten zirenekoa gogoratuko duten beldurrez egoten naiz zain, aldaketa klimatikoaren eraginez, krionizazio kapsula hondatu eta izotz artetik irtendako hilotz batekin solasean ari denaren beldurrez.

(“Zazpika”-n argitaratua)

ALDAPEKO