Viggo Mortensen Donostia Saria eta Falling [trailerra+]
Viggo Mortensen Donostia Saria eta Falling [trailerra+] –
John Petersen Eric mutil-lagunarekin eta Monica bien alabatzakoarekin bizi da Kalifornian. Willis haren aitak, nekazari tradizional eta kontserbadorea, Los Angelesera bidaiatzea erabaki du, eta Johnen etxean geratuko da erretirorako tokirik egokiena aurkitu arte. Etxean dagoen bitartean, aita-semeen munduek talka egingo dute bortizki, eta zauri zaharretan zirikatzea eta beste batzuk irekitzea ekarriko du, elkar onartu eta barkatzeko bidaian…
Viggo Mortensenek Witness (Peter Weir; 1985) filmean egin zuen agerpen txikiaz geroztik, (Watertown, New York. AEB. 1958) filmografia luzea sortu du, hirurogei film ingurukoa; hauek dira nabarmentzekoak: Carlito’s Way (Brian de Palma; 1993); The Lord of the Rings trilogia (Eraztunen Jauna, Peter Jackson); A History of Violence (David Cronenberg; 2005); Eastern Promises (David Cronenberg, 2007), zeinak Donostia Zinemaldia estreinatu zuen; Captain Fantastic (Matt Ross, 2016); eta Green Book (Peter Farrelly, 2018). Azken hiru film horietan askore gisa egindako lanagatik Gizonezko Aktore Onenaren Oscarrerako izendapen bana izan zuen. Falling, Mortensenek zuzendutako opera prima, lehen filma, Sundancen estreinatu zen eta Cannes 2020ko hautaketa ofizialaren parte da.
Zuzendaria eta gidoia Viggo Mortensen, Ekoizpena Perceval Pictures Viggo Mortensen, Scythia Films Daniel Bekerman, Zephyr Films Chris Curling, salmentak Hanway Films, banaketa Caramel Films. S.L., Argazkia Marcel Zyskind, Muntaketa Ronald Sanders, Musika Viggo Mortensen-ek berak eta antzezleak Lance Henriksen, Viggo Mortensen, Terry Chen, Sverrir Gudnason, Hannah Gross, Laura Linney.
Arratsalde on eta milesker etorri zareten guztioi. Zoriondu nahi zaituztet bizirik jarraitzeko duzuen ikaragarrizko zortegatik eta zinemarekiko azaltzen duzuen maitasunagatik!
“Bizitza opari bat da”
…
- Viggo Mortensenek Zinemaldiaren Donostia saria jaso du Agustín Díaz Yanes zinemagilearen eskutik
- Zuzendu duen lehen filma, ‘Falling’ aurkeztu baino lehen, Jeremy Thomas ekoizlearen, Beto Acosta futbolariaren eta David Cronenberg zuzendariaren agurrak jaso ditu aktoreak
Viggo Mortensenek Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Donostia saria jaso du gaur Kursaalean egin den gala batean. Gainera, zuzendu duen lehen filma, Falling, aurkeztu du. “Zoriondu nahi zaituztet bizirik jarraitzeko duzuen zorte handiagatik eta hemen egonda zinemari erakusten diozuen maitasunagatik “, esan dio artistak publikoari, Agustin Diaz Yanes zinemagile madrildarraren eskutik saria jaso ostean.
Urduri eta hunkituta, aktore eta zuzendariak eskerrak eman ditu Donostia Saria “ederragatik”, zinemaren “historia luzea” islatzen duelako eta “adierazpen eta komunikazio tresna gisa promesa delako”. “Sari hau jaso duten artisten zerrenda ikusgarria ikusten dudanean, zorte handia sentitzen dut tradizio eta promesa horren barruan nagoelako. Ikasten eta nire lanbidean hobetzen jarraitzeko balioesten dut”, esan du.
Mortensenek egungo egoerari buruzko “gogoeta” batekin amaitu nahi izan du hitzaldia. “Era batera edo bestera, Covid-19ak denok izorratu gaitu eta luzaroan izorratzen jarraituko du, baina oztopo bat gehiago besterik ez da gure bizitzan. Ziurgabetasunarekin bizi izan gara beti, une honetan horretaz gehiago jabetzen bagara ere. Ziurgabetasuna bizi-legea da, baina ez dezagun ahaztu bizitza opari bat dela. Aurrera jarraitu behar dugu, bakarrik daudenei lagunduz eta jada ez daudenei ohore eginez, imajina dezakegunarekin ahalik eta hobekien joakatuz”, aldarrikatu du.
Agur gisa, “Gora Donostia Zinemaldia!” euskaraz oihukatu eta “¡Viva el cine!” esanez bukatu du.
“SEKULAKO ZORTEA DA VIGGO GRABAKETAN EDUKITZEA”
Hasieran, galaren aurkezle Edurne Ormazabalek esan du Viggo “aktore erraldoia” dela, mota guztietako pertsonaiak hezurmamitzeko gai dena. “Grinatsuak eta kementsuak, suminduak, intelektual gogoetatsuak, seduktoreak eta gizatxarrak… Pertsonaia saldo sekulako batekin osatu du ibilbidea. Ez dago gorpuztu ezin dezakeenik: ausardia, malezia, hauskortasuna; zentzua eta zentzumena ageri dira pantailan, plano bakoitzean”, adierazi du, eta, gero bide eman dio bideo hunkigarri bati, Viggoren 35 urteko ibilbidea laburbildu duena. Ibilbide horretan, Peter Jacksonen The Lord of the Rings trilogia fantastikoaren Aragorn pertsonaia nabarmentzen da.
Sorpresa moduan, antolatzaileek Viggo Mortensenen hiru lagunen irudiak proiektatu dituzte. Beren laguna agurtu nahi izan dute. Batetik, Jeremy Thomas ekoizle britainiarrak poeta, aktore, zinema-zuzendari eta musikari alderdiak nabarmendu ditu: “Arte-jarduera guztietan aritzen da eta zoragarria da harekin lan egitea”. Bestetik, Beto Acosta Almagroko San Lorenzo taldeko futbolari ohi argentinarrak zoriondu egin du, eta jarraitzaile sutsua den taldeko elastiko bat agindu dio.
Azkenik, David Cronenberg zinemagileak esan du harekin lan egitea pribilegio bat dela: “Viggo zure filmaren batean aktore ari bada, aktoreaz gain, ekoizpen-talde oso bat duzu. Gidoilari bat, dekoratzaile bat, atrezzista bat, argazki-zuzendari bat… Nago teknikarien lan batzuetarako ere gai dela. Eskatzen badiozu, ziur baietz. Asko daki zinemagintzako alderdi guztiei buruz, eta beti dago laguntzeko prest. Gainera, hain da atsegin, adeitsu eta gertukoa, sekulako zortea dela Viggo grabaketan edukitzea. Horregatik uste dut pertsona aproposa dela sari hau jasotzeko”, errealizadore kanadarrak nabarmendu duenez. Viggoren zuzendari izan da, hain zuzen ere, History of Violence (2005), Eastern Promises (2007) eta A Dangerous Method (2011) filmetan.
Agustín Díaz Yanes lagunak eman dio Donostia saria –Alatriste (2006) filmean zuzendu zuen Viggo–, baina hitza hartu baino lehen, Asier Illarramendi Realeko jokalariak, ezustean, bi elastiko eman dizkio han bertan: Donostiako taldearena bata eta San Lorenzorena bestea.
…
Viggo Mortenseni bere ibilbidea aitortu zaio Donostia sariarekin
Viggo Mortensen aktore eta zinemagileak Donostia saria jaso du Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan, bere ibilbidearen aitorpen gisa. Izar estatubatuarrak Falling filma aurkeztuko du, zuzendari gisa duen lehen lana.
Donostian izango da film horren Europako estreinaldia. Filmak amaiera eman zion Sundanceko zinema-jaialdiari eta Canneseko zinema-jaialdiak hautatutako filmen artean dago. Lance Henriksen eskarmentuduna eta Mortensen bera dira Falling filmeko protagonistak, eta gidoia Mortensenek berak ondu du. Bi aktoreok aita-semeen rolean ari dira, bakoitzaren munduak ez du zerikusirik bestearenarekin, eta mundu horiek talka egingo dute familia-drama honetan. Mortensenen Perceval Pictures ekoiztetxeak ekoitzi du filma, Ingenious, Hanway Films, Scythia Films eta Zephyr Filmsekin batera. Espainiako estreinaldia urriaren 2an izango da, Caramel Films eta Youplanet Picturesek banatuta.
Azken 35 urteetan, Viggo Mortensenek 50 bat filmetan parte hartu du, hamaika zinemagileren aginduetara (David Cronenberg, Peter Weir, Jane Campion, Peter Jackson, Gus Van Sant, Brian de Palma, Agustín Díaz Yanes, Ana Piterbarg, Lisandro Alonso, David Oelhoffen, Peter Farrelly eta Matt Ross, besteak beste), eta kalitatea izan du bereizgarri film horietan, genero zinematografikoa edozein zela. The Lord of the Rings (Eraztunen jauna) trilogia fantastikoan esku hartu du, Aragorn hilezkorra jokatuz, baina, horrez gain, hirutan ere izendatu dute Oscar sarietarako, film hauetan egindako lanagatik: Eastern Promises (Ekialdeko promesak, David Cronenberg, 2007), Captain Fantastic (Matt Ross, 2016) eta Green Book (Peter Farrelly, 2018).
BIOFILMOGRAFIA
Viggo Mortensen New Yorken jaio zen, 1958an (aita danimarkarra eta ama estatubatuarra). Argentinan bizi izan zen haurtzaroko zati handi batean eta gaztelania ikasi zuen han, baina beste hizkuntza asko ere hitz egiten ditu. Jaioterrira itzulita, arte dramatikoa ikasi eta antzerkigintzan lan egin zuen. Zinemako lehen papera Harrison Ford aktorearekin jokatu zuen, Witness (Lekuko bakarra, Peter Wier, 1985) izenburuko polizia-intrigan, non baserritar amish batena egin zuen.
Hastapenetan genero-zinema landu zuen eta zenbait sekuelatan agertu zen, hala nola Leatherface: Texas Chain Saw Massacre III filmean (Sarraskia Texasen, Jeff Burr, 1989), zeinetan Larruzko-aurpegi gogoangarriaren anaia izan zen, edo Young Guns II westernean (Arma gazteak, Geoff Murphy, 1990). Laster lortu zituen protagonista-paperak; hauek, besteak beste: Prison (Renny Harlin, 1987) filmeko preso misteriotsua, anaia nagusia izan zen kultuzko The Reflecting Skin film artegagarrian (Philip Ridley, 1990) eta Vietnameko beterano bat The Indian Runner (1991) filmean; Sean Penn-ek zuzendutako lehen filmean, alegia.
1990eko hamarkadan, zinemagile hauentzat lan egin zuen, besteak beste: Brian de Palma (Carlito’s Way, 1993), Tony Scott (Crimson Tide, 1995), Jane Campion (The Portrait of a Lady, 1996) eta Ridley Scott (G.I. Jane, 1997). Espainiako produkzioetan lehen agerraldiak izan eta gutxira –hala nola Gimlet (José Luis Acosta, Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 1995) eta La pistola de mi hermano (Ray Loriga, 1996) filmetan–, Alfred Hitchcock handiaren bi remake-tan parte hartu zuen, Andrew Davis (A Perfect Murder, 1998) eta Gus Van Sant (Psycho, 1998) zuzendarien aginduetara.
Milurtekoa aldatzearekin batera bereganatu zuen Mortensenek ospe handien, Eraztunen jauna trilogia fantastikoaren egokitzapenari esker, zeina Peter Jacksonek zuzendu zuen J.R.R. Tolkien idazlearen literatura-lanean oinarriturik. Ikusleen aldetik arrakasta handia izan zuen trilogia horretan Aragorn pertsonaia jokatu zuen Mortensenek: The Lord of the Rings: The Fellowship of the Ring (Eraztunen Jauna: Eraztunaren Elkartea, 2001), The Lord of the Rings: The Two Towers (Eraztunen Jauna: Bi dorreak, 2002) eta The Lord of the Rings: The Return of the King (Eraztunen Jauna: Erregearen itzulera, 2003). Gerora ere ez zuen ezpata baztertu, oraingoan Espainiako Urrezko Mendeko kapitain ausart baten papera jokatuz Alatriste (2006) filmean, hau da, Agustín Díaz Yanes-ek zuzendutako superprodukzioan.
Iragan ilunak bat-batean jazarritako gizonezko arrunt bat ere izan zen A History of Violence filmean (Indarkeria istorio bat, 2005), David Cronenbergekin lan egin duen hiru aldietako lehenean; izan ere, berriz ere jarri zen haren esanetara mafia errusiarraren langile gisa Eastern Promises filmean (Ekialdeko promesak, 2007), zeinak Donostia Zinemaldiaren Sail Ofiziala inauguratu zuen eta Oscar sarirako lehen izendapena ekarri zion. Azkenik, Sigmund Freud-en beraren papera ere jokatu zuen A Dangerous Method filmean (Metodo arriskutsu bat, 2011).
Azken hamarkadan beste literatura-egokitzapen batzuetan parte hartu du, hala nola The Road (Errepidea, John Hillcoat, 2008) eta On The Road (Errepidean, Walter Salles, 2011) filmetan, Cormac McCarthy eta Jack Kerouac idazleen liburuetan oinarrituak, hurrenez hurren. Bere talentua erakutsi du aktore eta ekoizle gisa Argentinako zenbait filmetan; esate baterako, Todos tenemos un plan (Ana Piterbarg, 2012) eta Jauja (Lisandro Alonso, Horizontes Latinos, 2014), eta Donostiara itzuli zen azken horrekin. Hollywoodeko Akademiaren sarietarako azken bi izendapenak bi film hauei esker erdietsi zituen: batetik, Captain Fantastic (Matt Ross, 2016), non naturan sei seme-alaba hezi zituen aita alargun batena egin zuen, eta, bestetik, film onenaren Oscar saria irabazi zuen Green Book (Peter Farrelly, 2018), non Don Shirley piano-jole afroamerikarraren gidaria zen.
Filmen interpretazioa, idazketa, ekoizpena eta zuzendaritza ez ezik, Mortensenek bestelako arteak ere jorratzen ditu, hala nola pintura, musika, argazkigintza eta literatura. Perceval Press argitaletxe independentearen sortzailea ere bada, zeina artean, idazkera kritikoan eta poesian espezializatuta dagoen. Viggo Mortenseni bere ibilbide osoa aitortuko zaio Donostia sariarekin.
prensa@sansebastianfestival.com
+
- zuzeu.eus/viggo
- berria.eus/viggo-mortensenek-jasoko-du-zinemaldiko-donostia-saria
- zinea.eus/viggo-mortensen-donostia-saria
Zorionak Viggo! Gozatu ederra bideoekin.Euskaraz egindakoa eskertzekoa eta aupa zu!