Publikoa ez da beste bat

Publikoa ez da beste bat –

Publikoa ez da beste bat
Lekeitioko Eskola Publikoa.

Eskola publikoa herritar guztien oinarrizko eskubideak bermatzeko ezinbesteko tresna da. Jendarte kohesionatuago bat eta herritarren arteko aukera berdintasuna bultzatzeko denon artean eta denontzat eraikiz joan den egitura da. Arrazoi ideologiko edo sozioekonomikoengatik bereizi nahi zutenen eskola eredu baztertzailea gainditzeko etorri zen eskola publikoa. Horregatik da hezkuntza pribatua anakronikoa, zaharkitua eta eraiki nahi dugun gizarte justu eta anitz baterako oztopo nagusia.

Zentzu horretan, egonezina sortzen digu STEILASen esparru guztietatik garatu den dialektikak, tamalez ezkerreko sektore batzuetan ere indarberritu denak. Eskola publikoa beste sare bat bailitzan aritzen gara sarritan, jabego pribatuko sareen pare ipintzen dugu. Baina gure hezkuntza sistema ez dute sare ezberdinek osatzen. Eskola publikoarentzat arrotza den sinbiosi batetan bizi dira ikastetxe pribatuak: bakoitzak berea defendatuz guztion ongizatearen gainetik, aniztasuna sustatu beharrean homogeneotasuna bilatuz, bezeroak erakartzeko lehian eta, marketin-politikak oinarri, norgehiagokan. Errotik baztertzaileak, beraz. Horiek guztiak, diru publikoz hornitzen dira gainera, eskola publikoak jasotzen duen finantziazioaren pare.

Gogoeta honetatik abiatu nahi izan dugu, iruditzen zaigulako gure herrian oso barneratuta dugun dialektika horrek eraman duela eskola publikoa dagoen egoera honetara. Adibidez, COVID19-ak sortutako anabasak agerian utzi ditu, berriro ere, Hezkuntza Sailaren jokabidea eta lehentasunak zeintzuk diren. Ikastetxeen autonomia izan da EAJk baliatu duen “tresna” Hezkuntza Sailari dagozkion ardurak bere gainetik kendu eta eskoletako langileen gain uzteko. Beharrizan eta helburu desberdinak dituzten ikastetxe guztientzat, publiko zein pribatu, errezeta berbera erabili du, eskola publikoa, beste behin, umezurtz utziz. Ardura gainetik kentzea eta hezkuntza sistema desarautzea helburu duen autonomia da hori, segregazioa handitu eta sistema pribatizatzea helburu duena. Horra hor EAJren eta PSEren lehentasunak.

Eta testuinguru horretan, langileek erantzun eredugarria eman dute, berriro ere. Gaitasuna, gogoa eta konpromisoa erakutsi dute haur eta gazteen hezkuntza eskubidea eta osasunaren alde lan egiten. Langileek soilik dakite zein den urteroko lan zama, garai hauetan bereziki. Haiek bakarrik dakite EAJren jarrera arduragabe eta tamalgarriaren ondorioz zer ari diren jasaten eta zer ari den gertatzen eskola bakoitzean egunez egun. Horregatik egin zuten greba. Irakasleek, Haurreskoletako hezitzaileek, Hezkuntza Laguntzako Espezialistek eta fisioterapeutek, sukalde eta garbiketako langileek…beren lan-baldintzak negoziatzeko eskubidea dute. Lan eskerga eta zaila dauka Bildarratz sailburuak. Cristina Uriartek utzitako herentzia ez da batere xamurra

Osatu berri den EAJren eta PSEren gobernuaren lehentasuna hezkuntza lege berri bat onartzea da, hezkuntza publikoa aurrez aipatutako dialektika neoliberal horretan nahastuko duena, beste sare bat bailitzan. Denok omen gara zerbitzu publiko, eta Administrazioak hezkuntza eskubidea ikastetxe publiko zein itunduen bidez bermatuko omen du. Abiapuntu hori eskola publikoaren eraisketa da, egin daitekeen murrizketarik bortitzena, hezkuntza pribatizatzea alegia. Hala ere, aurreikusten dugu ohiko murrizketak ere ezarri nahiko dituela Urkulluren gobernuak. Beste hezkuntza eredu batetan sinisten dugunon elkarlanari esker, LOMCEri, Hezkuntza Legearen abiapuntua den Heziberriri eta murrizketei aurre egin genien. Negoziazioa, elkarrizketa eta adostasunak bilatzeko saiakeran jarraituko dugu, temati, esparru ezberdinetan. Horregatik, Ortuzarrentzat anti- todo garenok, gure anti-dotoa erabiliko dugu hezkuntza, osasungintza eta zaintza publikoen alde, gizarte justuago baten eta lan baldintza duinen alde: eragileen arteko elkarlana eta mobilizazioa. Horra hor anti-todoen anti-dotoa.

Amaitzeko, Jokin Bildarratzi akordiorako eta adostasunerako eskua luzatu nahi diogu. Abiapuntu bat, bakarra, nahiko genuke: eskola publikoa “beste bat” ez izatea, modu berezian ikastetxe publikoak zaintzea, baita bertako familia zein langileak ere. Eskola publikoa kudeatzeaz gain, zaintzea ere baitagokiolako Hezkuntza Sailburuari. Ekin diezaiogun.

 

Ariane Alberdi Iñarra Ariane
Aitor Idigoras Lasaga
Nagore Iturrioz Lopez

Publikoa ez da beste bat

18 pentsamendu “Publikoa ez da beste bat”-ri buruz

  • Hori, hori, txiringitoa mantendu egin behar da. Lasai Jaurlaritzak ondo baino hobeto zainduko ditu bere funtzionarioak: poliziak eta maisu- maistrak. Eskola hori ez da herriarena estatuarena baizik. Eta estatuko morroien interesak babesten ditu. Eskola publikoetan eskaintzen den produktoa ez da eskubide bat obligazio bat baizik derrigorrez ordaindu eta kontsumitu behar dena. Hezkuntza estatal horretan herriaren diru pilo bat xahutzen da. Murrizketak hor egin behar dira.

  • Erramunen ustez beraz,eskolak pribatuak izan beharko lukete. Enpresa pribatuaren ideologiaren menpe, edota gurasoen ideologiaren menpe. Beste askoren ustez, ikasleek (eta ez gurasoek) ideologiarik gabeko hezkuntza eskubidea izan beharko lukete eta hori, hezkuntza publikoak besterik ezin du bete…

    Ezkerrak (ez denak) herri honetan, hezkuntza publikoko aldarrikapenak ahaztua ditu. inoiz ikasi baldin baditu…

  • Estatuko hezkuntza publikoa ez dago ideologizatuta? Mesedez…
    Orduan zergatik, Espainiaren kasuan, gobernatu duen alderdiak ia beti hezkuntza-eredua aldatu omen du?

    Eta Frantziako eskola nazionalak ez al ditu ba ipar euskal herritarrak ideologizatu?

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-09-28 11:27

    Hegoek dioen bezala, ebidentzia da gurean eskola publikoa izan dela asimilisazio-tresna kolonisazio prozezua bururaino eremaiteko. Frantziak denbora dexente eman du eskola publikoa indarrean emaiteko baliabide eskasez eta fruituak lortzeko. Baina herriko zoko moko guzietan orokortu duenean, batez ere kolegioekin, ez da hain aspaldi XX.mendearen erditik aurrera, asimilisazioa akzeleratu da xistu bizian batez ere dakigularik ikasle onenek edo familia onekoek jarraitzen zutela beren ideologia burutzen Bordale edo Paue edo Tosako edo Pariseko unibertsitateetan. “Eliteen” azken “ideologizazio” opearzio honi dagokionez ikastolak ez du kasik deus aldatu ahal izan. Ez banaiz oker guti izango dira hegoaladeko unibertsitatera doazenak. Duela zenbait urte bederen horrela zen.

  • Espainiako Eskola Publikoaz ari direla ahaztu zaie aipatzea Steeilastarrei.
    Gurean hiru eleko hezkuntzaren alde egin duen eskola-sistemaz (euskararen kaltetan), B eta A ereduei eusten dien eskola-sistemaz.
    Gure seme-alabei (nireei ere bai) “Historia” izenpean ESPAINIAko historia irakasten dien eskola-sistemaz.
    Gehien-gehienetan, eskolak euskaraz, espainieraz edo ingelesez eskaintzea maila berean jartzen duen sistemaz…
    Steilaseko jaun-andreok. Publiko / pribatu banaketa okerra bezain herrena da. Badira guraso-kooperatiben esku dauden ikastetxe andana ere, ikastolak adibidez, ikastetxe “publiko” espainiarrak baino eredu askoz autonomoagoa eta askoz parte hartzaileagoa eskaintzen dutenak, eta euskal eskola publikoa izateko bokazioz dihardutenak gehienak. Euskarazko hezkuntza zeharo debekatuta zegoenean, Espainiar eta Frantziar Estatuei aurre egin eta sasian euskarazko eskolak ematen hasi zirenak.
    Dena ez dela “publiko” / “pribatu” alegia, eta gauzei izenetik esan behar zaiela: Espainiar hezkuntza sistema “publikoaz” diharduzue. Esazue dena.

  • Dena dela gutuna Bildarratzi zuzenduta dago eta steilastarrek badakite Bildarratzek kasu egingo diela eta eskatzen duten gehiena lortuko dutela. EAJ, PSOE eta sindikatuak trainera berean ari dira arraunean.
    Ikastolek ere agindutako programazioa bete behar dute, eta euren zatia ere jasoko dute, baina Jaurlaritzaren seme kutuna, “sistema publikoa” da, hor xahutuko dira gure baliabideak.Horregatik “publikoko” enpleatuek askoz gehiago kobratuko dute lan gutxiago egiteagatik beste ereduetakoek baino.

  • Nineu eta Isabel Celaa bat datoz, umeak estatuarenak dira. Eta gurasoek ez daukate inongo eskubiderik euren umeen hezkuntzan. Euren umeak etxean hezitzen dituztenek ez daukatu eskubiderik?
    Are gehiago, herritarrek ez daukaye eskubiderik ikastetxeetan egiten diren kanpoko ebaluazioen emaitzak jakiteko. Eta hori ez dago ondo, eskola estatalaren pribilejio onartezina.

  • Publiko pribatu eztabaida ematen ari den modua subrealista xamarra iruditzen zait, baina ez naiz horretan sartuko.
    Bañat Castorenek iparraldeko ikastolek eragin murritza dutela dio, Unibertsitate garaian ia inork ez bat du euskarzko ereduan, hegoaldean, jarraitzen. Hori egia da, baina bestetik, iparraldeko 40 urtez azpikoak komunikabideetan euskaraz entzuten ditudanak zenbat dira ikastolaz kanpokoak? Nik uste gutxi direla, nahiz eta zehazki ezin jakin. Ikastolakoak gutxiengo txiki bat direla jakinik ez dut uste Seaskak lana hain gaizki egin duenik.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-09-28 17:57

    Iker kilikorra zara iduriz, ene xedea zen, Hegoaren iruzkina bermatzeko, erakustea eskola eta unibertsitate frantziarrek izan zuten rola iparraldea asimilatze-prozezuan ez eta baitezpada sehaska gutiesteko.
    Baina itxura guzien araberan terreno horretara erakarri nahi banauzu, bai ahalbide eta ahalmen murritzak dituelako, parte handi batean estatu frantziarraren menpean delako diruz eta eraginez, seaskak eragin murritza du iparraldearen bilakaera orokorrean. Esatariak hornitzea gehienez 60000 biztanle entzuten dituzketen euskal hedabideei nahikoa da zure ustez?
    Jakin behar duzu herrian ez dela enpresa industrial ttarrorik bat ere nun euskaraz hitz egiten deneta horrelako baten bat existitzen bada izango da ostibarreko euskaldun zaharrez osaturiko azken artsautza bat. Jakin behar duzu urtero arrotz askoz gehiago sartzen den Herrian seaskako 2.mailatik ateratzen den ikasle baino.
    Seaskak hoberenean entretenituko du zirkuitu hetsi batean euskal mundu gero ta tipiago bat. Baina ez da seaskaren falta.

  • Ez zen neure asmoa kilikorra izatea, Seaskari buruzko nere eritzia aipatzea baizk. Zuk komentatu duzuna zoritxarrez egia da eta ezagutzen nuen, baina hizkuntz egoera Oczitaniakoa baino obea denaren arrazoi nagusienetako bat, ene ustez, Seaska da. Zoritxarrez Seaskak ez du indar nahikorik frantseste uholde honi eusteko, baina zerbait da.
    Komunikabideei buruz hitz egin dudanean, ez nituen esatariak aipatu nahi, elkarrizketetan euskara txukunean erantzuten duten horiek baizik.
    Testu honetako gaia publiko pribatuaren arteko talka denez, adibide honekin erakutsi nahi nuen publikozale amorratuen ahuldadeetako bat.
    Nik, hedabide honetan idazten ditudan iruzkinekin zerbait gehitu nahi diot gaiari eta ez sarritan ikusten dudan bezala, arrazoi osoaren jabe izan eta ondokoa ridikuluan utzi,

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-09-29 07:07

    Ondo da iker. Kilikor hitza sobera zen. Hedabide honi buruz pratikatu nahi duzun portaera partekatu gogo nuke. Ene aldetik, egia erraiteko, ez nuen debate horretan sartu nahi baizik eta Hegoen esaldi bat ilustratu. Bidenabar gogoratu nuen lehenagoko elkarte baten kariaz ikusi nuela unibertsitate frantziarrak duen seduzio boterea ikasleengan. Urrengo arte.

  • Jende horren idatzian garbi dago eskola publikoko zuzendaritzen ardura eza defendatzen dutela. Lotsabako batzuk dira, eskola estatala EAEn gainfinantziatuta dago, eta emaitzak aldiz oso txarrak dira. Steilastarrak negarti profesionalak dira. Idatzi hori sinatzen duzuenok noiztik gehiago ez zarete gela batean sartu?
    Eta ” publikoa” beste bat behar luke, beste hezkuntz ereduen parekoa.

  • Hezkuntza publikoa ideologizatuta ez dagoela esatea gezurra esatea da. Ideologia menderatzailea du izena, inor gutxi ausartzen da horren kontra egitera, ezta ikastetxe pribatu edo itunpekoetan ere, ideologia berbera irakasten dutelako. Jaiotze-bekatu guztiak zuzentzeko ideologia, STEEILAS bezalako predikatzaileei esker, gutxi barru denok salbatuko gara.

  • Espainiako konstituzioak hezkuntzarako eskubidearen unibertsaltasuna ezartzen du; alegia, oinarrizko hezkuntzak nahitaezkoa eta doakoa izan behar duela denontzat. Eta hori bermatzeko betebeharra esleitzen die agintari publikoei. Horrez gain, ikastetxeak sortzeko askatasuna aitortzen du, eta agintari publikoek ikastetxe pribatuei “laguntzeko” aukera ezartzen du, baldin eta legez ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.
    Espainiako kostituzioaren 27. artikuluaren lehen araudi-garapena Hezkuntzarako Eskubidea Arautzeko Lege Organikoa (LODE) izan zen (uztailaren 3ko 8/1985). Aipatutako bi egoerei erantzute aldera, eta kontuan hartuta “seme-alabek edo tutoretzapekoek gurasoen uste sendoekin bat datorren heziketa erlijioso eta morala izateko eskubidea” zeukatela, Lege Organikoak gaur arte iraun duen hezkuntza-itunen sistema ezarri zuen, gurean irailaren 3ko 237/87ko dekretuak arautzen duena.
    Gaur, irailak 28, EHAA-n publikatu dira 20-21 ikasturterako ituntzeak. Horra dirutzarra eta bidaideak.

    AGINDUA, 2020ko irailaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ebazten baita 2020-2021 ikasturterako zehaztu beharreko unitateak xedatzea irakaskuntza hauetarako: Haur Hezkuntzako 2. zikloa, Lehen Hezkuntza, DBH, Hezkuntza Berezia (talde egonkorrak eta zereginen ikaskuntza), Batxilergoa, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Erdi Mailako Heziketa Zikloak eta Goi Mailako Heziketa Zikloak.
    Ikastolen elkarteak EAE-ko ikasleen %15 a jasotzen du. (Tellitu teleberrian egunero dago!!!). Hezkuntza sailerko hiru kargu inportanteenetakoak, sailburua Jokin, Sailburuorde berria eta ikastetxeen arduraduna Eujenio Jimenez, denak ikastoletatik datozte.
    Laburbilduz: legeak espainiakoak, itunen erregimena, lege orokorra maiatzaren 3koa 2006koa, zerbitzu publiko izaera aitortzen diena (Opusekoei ere bai), eta arbitroa ere zuena bada eta gainera etengabeko biktimismo erretorikoan,…

    AGINDUA, 2020ko irailaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez zehazten baita zer unitate itunduko diren Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezkuntza berezi irekian, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, 2020-2021 ikasturtean.

    Heziberri dekretuak: Egilea Xabier Garagorri (ikastolen elkartekoa eta elizaren bendizioa ere dauka)
    5.1.3.- CRITERIOS DE EVALUACIÓN E INDICADORES DE LOGRO
    5.1.3.1.- 1º de Educación Secundaria Obligatoria

    10.- Localizar en un mapa los elementos básicos que configuran los espacios y paisajes naturales del País Vasco, España y Europa, identificando los rasgos geográficos que predominan en cada uno de ellos, así como en la generalidad del planeta.
    5.1.2.4.- Contenidos de 3º de Educación Secundaria Obligatoria
    BLOQUE 1: Contenidos comunes

    Diferentes formas de organización política y territorial:
    – Elementos básicos de la Organización política y administrativa del Estado Español.
    – Poder Central y poder limitado de las Comunidades Autónomas.
    – El autogobierno vasco: competencias y limitaciones.
    – Elementos básicos de la Organización política y administrativa de la Unión Europea. Finalidades y funcionamiento de las instituciones.

    Indarrean dauden ezagutza hauek ikasle denei unibertsitaterako atari frogan galdetzen zaizkie.

  • https://www.euskadi.eus/bopv2/datos/2020/09/2003917e.pdf
    AGINDUA, 2020ko irailaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez zehazten baita zer
    unitate itunduko diren Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezkuntza
    berezi irekian, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez
    ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, 2020-2021 ikasturtean.

  • https://www.euskadi.eus/bopv2/datos/2020/09/2003918e.pdf
    AGINDUA, 2020ko irailaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ebazten baita
    2020-2021 ikasturterako zehaztu beharreko unitateak xedatzea irakaskuntza hauetarako: Haur
    Hezkuntzako 2. zikloa, Lehen Hezkuntza, DBH, Hezkuntza Berezia (talde egonkorrak eta zereginen ikaskuntza), Batxilergoa, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Erdi Mailako Heziketa Zikloak eta
    Goi Mailako Heziketa Zikloak

  • Eduki horiek ez dira bat ere serioski ematen Xuru. Garrantzi gehiago dsukate eduki berriek: feminismoak, nesken enpoderamenduak, Islamak, sozialdemokraziaren defenfsak,LGTbik. Ez dago españolismo inplizitorik, estatalismo globalista bat baizik. Euskal historiaz eta geografiaz asko jakin barik aterako dira, baina Espainiaz ere ez dakite asko. Adoknrinamendu mozolo bat jadaten dute…Gainera irakasle gehienak andrak dira

  • Bizi garen garai barri honek eztabaida kutsua dakar. Norberak bere hautuaren defentsa egin beharko dau, eta publiko, kontzertaua eta ikastolen gaia pil-pilean egongo da. Mozorroak kendu daigun eta gure lehentasunak adierazteko ordua dator. Inork ez dezala ezustekorik hartu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude