Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana-k ez du euskara zeharlerrotzat hartu
Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana-?k ez du euskara zeharlerrotzat hartu –
Euskara kohesiorako eta aniztasunerako faktorea dela dio Planak, pozgarria dena, baina ez du hori gauzatzeko neurri zehatzik proposatzen.
Nafar guztien berdintasuna bermatzeko hizkuntza eskubideak bermatu behar dira.
Kontseiluak eta Behatokiak uste dute gobernantza eredu berri batean sakontzeko beharra dagoela.
Kontseiluak eta Behatokiak kezkaz jaso dute Nafarroako Gobernuak pandemiari aurre egiteko onartutako Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana. Izan ere, euskara kohesiorako eta aniztasunerako elementua dela aitortu arren, planak ez du neurri zehatzik jasotzen, eta jasotzen dituen urriak ere oso apartekoak eta zehaztugabeak dira. Hau da, euskarak ardatz izan gabe jarraitzen du eta berezkoa duen zeharlerrotasuna aitortu gabe segitzen du Nafarroako Gobernuak.
Gogoratu dezagun Kontseiluak eta Behatokiak Nafarroa EUSKARATIK Suspertu ekarpena aurkeztu ziotela pasa den ekainean Nafarroako Gobernuari, beste hainbat erakunde eta eragilek nola. Maria Txibite Nafarroako lehendariaren hitzetan “gizarte jasangarriagoa, lehiakorragoa eta bateratuagoa” lortu nahi baitu plan honek, eta bide horretan euskarak ere bere lekua beharko luke. Ez da horrela izan, ordea. Larunbatean onartu zuen plana Nafarroako Gobernuak, Kontseiluaren eta Behatokiaren proposamenak kontuan hartu gabe.
.
Lehentasunetan aipamena
Nafarroa Suspertu planak jasotzen dituen 190 neurrietatik lau dira euskarari lotutakoak, eta ezartzen dituen 46 lehentasunetatik bakarra¹. Hain zuzen ere, lehentasun horrek dio euskara kohesiorako eta aniztasunerako faktorea dela. Poztekoa da hori, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren ustez, baina beste urrats bat eman beharko luke Nafarroako Gobenruak: «Kohesiorako faktorea dela izendatzeaz harago -oso interesgarria dena-, neurriak hartu behar dira, eta planak ez ditu halakorik jasotzen». Gainera, bizikidetzaren esparruan soilik egiten zaio aipamena euskarari. Kohesio sozialaren eta aukera berdintasunaren planaren atalean, aldiz, ez; inkoherentea eta zentzugabea dena, Bilbaok azpimarratu duenez.
Era berean, lehentasun horrek honakoa jasotzen du: «Hizkuntza dibertsifikaziorako plana abian jarriko du administrazio publikoak». Deigarria da aipamena, bestelako definiziorik gabe aipatzeaz gain, «beharrei erantzuteko plan batek euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea izan beharko lukeelako xede, eta ez hizkuntza dibertsifikazioa», Bilbaoren hitzetan. Horregatik, bestelako azalpenak beharrezkoak direla uste dute Kontseiluak eta Behatokiak.
.
Hezkuntza eta Osasuna biluzik
Neurrei dagokionez, haur eta gazteen online edukiak sortzearen eta hedatzearen premia aipatzen du planak, baita bestelako euskarako sarerako edukiak hedatzeko beharra ere. Horiekin batera lanbide-heziketan euskarazko eskaintza handitzea proposatzen du.
Neurri horiei garrantzia kendu gabe, hutsune nabarmenak dituzte, Kontseilua eta Behatokiaren aburuz. Adibidez, hezkuntzaren atalean: «Kezka handiz hartu dugu planak hezkuntzaren eremuan jasotakoa. Izan ere, pandemiaren ondorioz urte erdian euskararekin inolako loturarik izan ez duten milaka haur egon dira Nafarroan, eta, hala ere, ez da inolako neurririk hartu», gogorarazi du Bilbao. «Berriki aurkeztu dugun Geroa Euskaratik dokumentuan azpimarra jarri genuen ikasturte hasieran hartu beharko liratekeen erabakiez, eta hainbat neurri proposatu genuen ildo horretan, Nafarroako Gobernuari bidalitako ekarpenean ere txertatu genituenak. Horiek ere hutsean geratu dira».
Beste hainbeste gertatu da pandemia garaian hain garrantzitsua izan den osasun arloarekin: “Kontuan hartu behar dugu Covid-19ak oso agerian utzi duela osasungintzan eta gizarte zaintzan, besteak beste, euskaldunon eskubideak bermatzeko sistema ahula dagoela. Gogora dezagun Europako Kontseiluak berak agertu duela kezka osasun-arretan, segurtasunean eta zaintzan izandako eskubideen urraketen inguruan, eta, beraz, uste dugu arreta handiagoa jarri behar dela etorkizuneko politiketan. Kohesio sozialean eta berdintasunean benetan aurrera egiteko euskarak ardatzetako bat izan beharko du».
.
Gobernantza berrian sakondu
Horregatik guztiagatik, euskarak beharrezkoa duen ardazterik gabe gauzatu da Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana, Kontseiluak eta Behatokiak kontrakoa eskatu arren, eta horregatik ere Planaren beraren helburuekin kontraesana sortzen delakoan da Bilbao: «Nafarroako etorkizuna justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren ardatzetan kokatu beharra aldarrikatzen badugu, nahitaezkoa ere bada euskara erdigunera ekartzea. Tamalez, Nafarroa Suspertu planari ez zaio euskararen zeharlerrotasuna txertatu».
Honekin bat, plana bera onartzeko prozedura ere kontuan hartu behar dela dio Bilbaok. «Euskalgintzak, beste sektore batzuetako gizarte eragileok bezalaxe, ekarpen integralak egin dizkio planari, arduraz eta erantzukizunez jokatu du, ohi bezala. Hartara, gizarte eragileon funtzioa ezin da ekarpenak ‘iradokizunen postontzian’ sartzeko aukera ematera mugatu. Hori horrela bada, ez gara benetako gobernantzaz ari. Gure ustez, gizarte erakundeen eta administrazioaren arteko lankidetza-paradigmaren aldaketa sakona behar da. Zalantzarik gabe, testuinguru berri honek horretarako aukera berriak eskaintzen dituela zinez sinesten dugu, eta horretarako prestutasun osoa agertu nahi du, berriz ere».
.
¹ Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana-ren laburpena euskaraz dago, bertsio osoa soilik gaztelaniaz.