Zinemina, ikus-entzunezkoaren sektorea suspertzen laguntzeko
Zinemina, ikus-entzunezkoaren sektorea suspertzen laguntzeko –
Zineuskadik ikus-entzunezkoaren sektorea suspertzen lagundu nahi du ‘Zinemina’ kanpainaren bidez
Ikus-entzunezko industriaren balio-kateko eragile guztien arteko lankidetzan oinarritzen da ekimena. Izan ere, pozgarria da egiaztatzea krisialdi honetan bat egiteko eta estrategia bateratuak bilatzeko gaitasuna erakutsi duela jada sektoreak.
Esti Urresola, Itziar Leemans eta Tamara Lucarini zuzendari berriek spot zinematografikoak sortu dituzte, eta ikusleen nahiz sortzaileen “zinemaz gozatzeko gogoari” buruzko ikuspegi pertsonala eskaintzen dute.
Zineuskaditik gauzatzen ari diren koordinazio-ahaleginen osagarri da egitasmoa. Izan ere, profesionalen elkarteekin batera, Covid-19 pandemiak sortutako agertoki berriari aurre egiteko beharrak aztertzen ari dira.
Covid-19 pandemiak behartutako geldialdiaren ondorio latzak direla eta, euskal ikus- entzunezkoen sektorea suspertzen lagundu nahi du Zineuskadik ‘Zinemina’ kanpainaren bidez. Garapen prozesuan dauden proiektuak, filmaketak eta zinema-aretoetako emanaldiak martxan jartzeko prestatzen ari diren une honetan, industria honen balio-kateko eragile guztien lana nabarmentzen lagundu nahi du ekimen honek.
Zineuskadik, Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duen ikus-entzunezko sektoreko plataformak, bultzatutako egitasmoak pantaila handia maite dutenen “zinemaz gozatzeko gogoa” nabarmentzen du, baita industriako profesionalek beren proiektuak sortzen eta garatzen jarraitzeko duten desira ere. “Nostalgia” hori mezu baikor bihurtu da, jarduerari indarrez eta ilusioz heltzeko, beti ere, kasu bakoitzean aplikatu beharreko osasun-arauak betez.
Kanpaina honetako ekintzarik nabarmenetako bat hiru zuzendari berrik sortutako spot zinematografikoak dira. Ikusleen eta sortzaileen “zinemaz gozatzeko gogoari” buruzko ikuspegi pertsonala eskaini dute Esti Urresola, Itziar Leemans eta Tamara Lucarini zinegileek, eta datozen asteetan ETBn eta sare sozialetan ikusi ahal izango dira euren lanak, Euskadiko zinema-aretoen irekierarekin batera.
Ikus-entzunezko industriaren balio-kateko eragile guztien arteko lankidetzan oinarritzen da Zinemina kanpaina. Izan ere, pozgarria da egiaztatzea krisialdi honetan bat egiteko eta estrategia bateratuak bilatzeko gaitasuna erakutsi duela jada sektoreak. Gainera, sektoreko zuzendari, ekoizle, aktore eta teknikari desberdinek zinemen irekieraren aurrean dituzten itxaropenei buruzko bideoak partekatzen ari dira Zineuskadiko sare sozialen bidez.
Zineuskaditik gauzatzen ari diren koordinazio-ahaleginen osagarri da egitasmo hau. Izan ere, profesionalen elkarteekin batera, Covid-19 pandemiak sortutako agertoki berriari aurre egiteko beharrak aztertzen ari dira.
.
Faseak eta helburuak
Sare sozialetako ekintzen eta sentsibilizazio-kanpainen bidez, sektoreari bultzada ematearen garrantzia helaraziko du Zineuskadik bultzatutako ekimenak. Izan ere, zine-aretoetara itzultzea garrantzitsua da gure esparru sozial eta kulturalean funtsezkoa den zinema babesteko. Era berean, ikus-entzunezkoen garapen-prozesuan parte hartzen duten eragile guztiak ikusaraziko ditu: gidoilari, aktore, ekoizle, teknikari eta abar.
Kanpaina hainbat etapatan banatuta dago, deseskalatzearen fase guztietan presente egoteko. Printzipioz, 2020an zehar luzatuko da, eta mezuak une bakoitzeko beharretara egokituko dira. Nolanahi ere, bereziki babestuko dira aurten gauzatutako euskal ekoizpenen estreinaldiak.