Veranea en Euzkadi

Veranea en Euzkadi –

Jose Mari Pastorrek Berria egunkarian.

Espainiako trantsizio delakoaren hasierako uztail batean kartelak jarri zituzten Bizkaiko hainbat lekutan, lelo hau zutela: Veranea en Euzkadi. Itxura guztiaren arabera, EAJko gazteriak bultzatu zuen kanpaina. Uda hemen igarotzeko eskatzen zuten EGIko kideek.

Veranea en EuzkadiVeranea en Euzkadi. Ez nion itxura onik hartu The Basque Route hari. Batetik, oporretan nora joan neuk erabakitzen dudalako, neure poltsikoaren eta gustuen arabera. Gure Euskal Herri maiteak astebeteko eguzkialdia bermatzen ez duenez, leku beroagoak gurago ditut. Bestetik, egitxu haien aitatxo eta amatxo ez gutxik bigarren etxebizitza zutelako Espainian. Edo etxerik izan ez arren, hara joaten zirelako. Kantabriara, esaterako.

Kantabriak bizkaitarrak erakartzen ditu. Batez ere, bihotz (bilbotar) autonomista eta mingain erdalduna dituztenak —ez dut esango salbuespenik ez dagoenik, baina Bizkaiko soziologiak ondo ezagutzen dituenak badaki zertaz ari naizen—. Castrok, Laredok, Nojak eta bestek milaka eta milaka euskal herritar hartzen dituzte udan. Besoak zabalik, eta poltsikoak are zabalago. Herri horiek ez dira Euskadi, baina delathleticpues-tar askok Euskadi bihurtzen dituzte, haien poztasun folkloriko-kiroleroa lagun.

Kantabriara joateko arrazoi nagusia hurbiltasun geografikoa dugu. Alta, hurbiltasun emozionala eta linguistikoa ere badaude —nire ustez, udatiar basko ugari erosoago daude Kantabrian Lekeitio, Ondarroa edo Gipuzkoako kostaldeko herri batean baino. Han behintzat dena ulertzen dute—. Eta arrazoi ekonomikoak. Normalean, merkeago aterako zaio bilbotar bati bigarren etxebizitza bat Nojan, Bakion edo Zarautzen baino. Patrikak gutxiago sufritzen du Kantabrian. Bost kilometroko aldea dago Bilbo-Noja eta Bilbo-Zarautz ibilbideen artean. Hala ere, udan familia bigarren etxebizitzan baduzu eta zuk Bilbon segitzen baduzu lanean, ezetz asmatu norainoko bidaia aterako zaizun askoz garestiago egunero?

Kasu honetan argi dago: AP-8 autobideak elkarrengandik urruntzen gaitu euskaldunok. Beste adibide bat: duela lau urte Bilboko lagun bat eta bere andrea Donostiara joateko ziren Silvio Rodriguezen kontzertu batera. Sarrerak agortuta zeudela eta, Gijon hiriko kantaldia izan zuten azken aukera. Eta haraino joan ziren. Bidaia merkeago atera zitzaien: Bilbo-Donostia. Joan-etorria: 200 kilometro; autobidea: 23,10 euro; erregaia: 12 euro. Guztira: 35,10 euro. Bilbo-Gijon. Joan-etorria: 530 kilometro; autobidea: doan; erregaia: 31,80. Guztira: 31,80 euro. Gijonerako bidaia Donostiarakoa baino 3,30 euro merkeagoa zen.

Kantabria hurbil eta eskura. Kontxara ez, baina Sardinerora bai, modu onean joan zaitezke Bilbotik. Koronabirusak hankaz gora jarri du egoera, baina. Revilla oraindik ez dago prest bidea irekitzeko. Haatik, laster konponduko dute arazoa.

EAEren eta Nafarroaren arteko komunikazioa ere noizbait normalduko da berriro. Hala ere, ez dirudi horrek Kantabriakoa irekitzeak adinako presa duenik. Bai, Nafarroarekin «relaciones de hermandad» daude, baina, antza denez, Gasteizek garrantzi handiagoa ematen dio mendebaldeko mugari. Ezaguna da esaldia: Bizkaia batzoki bat da —Ezkerraldea ere bai; zer egin (ez) duzu, ezker abertzale horrek?—. Eta Bizkai jakin batek Kantabria maite du. Urkulluk ezinbestean hautatu beharko balu uda osoan zer eduki itxirik, Kantabriako muga ala Nafarroarako bideak, ez nuke esango Nafarroaren alde egingo lukeenik. Hego Euskal Herria zatituta, baina Bizkaia eta Kantabria lotuta. Eraikuntza nazionala versus eraikin bakazionala. Qué bonito es Castro, más son las castreñas…

Ostegun Santuan konfinamendua hautsi, eta Kantabriara abiatu zen neska bizkaitar bat, bigarren etxebizitzan zubia igarotzeko. Guardia Zibilaren kontrol batekin egin zuen topo bidean. Aurrean zeuden hainbat gidari Bizkaira itzularazi zituzten musker berdeek, baina hura ez zuten gelditu ere egin. «Autoan bakarrik doan ilehori irribarretsu batek guardia zibilak desarmatzen ditu», esan zidan.

Veranea en Euzkadi

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude