Urdinak eta Gorriak
Urdinak eta Gorriak –
Gauza jakina da Zuberoatik datorren trajeria / pastoralak Ongiaren eta Gaizkiaren etengabeko borroka antzezten duela. “Ongia” eta “Gaizkia”, asmakizun judeo-kristauak omen. Alta bada, katoliko naizenez egoki zaizkit. Hiztegi kontua baizik ez baldin bada, lasai: Spinozak sentimendu “Baikorrak” eta “Ezkorrak” aipu ditu, Freudek aldiz “Eros” eta “Thanatos”, gutarik bakoitzaren baitan etengabe diharduten bi indar nagusien arteko borrokaren adierazle. Hitz polemikoak apur batez bazter utzirik, munduari so egiten badiogu aitziniritzi barik, ikus dirogu populuen ibilaldian dikotomia dialektikorik agertzen dela indar bikote nagusi zenbaiten artean, dela klarki, dela ez idurian, hala nola kapitalismoa eta sozialismoa, produktibismoa eta ekologia, kolonialismoa eta nazio askapena, tirania (fazista edo bestelakoa) eta demokrazia, arrazakeria eta orokortasuna, matxismoa eta feminismoaren artean, eta horretan bukatzen ote da zerrenda?
Zuberoako trajeria / pastorala katoliko sortu zen eta luzaz hola iraun du, sainduak ospatuz. Baina XX. mende erditik laikotuz etorri zaigu, inguruko jendartea bera bezala. Haatik aipatu berri dudan dikotomia beti bere baitan dakar usaiako hiztegiaren azpian, “Türkak” eta “Kiristiak” kontrajarriz.
Hiztegi horrek dagoeneko zentzurik ez du, joana den garai batekoa da, beraz ene ustez garai hartan uztekoa. Eiki, otoman inperio erraldoiak Europa kristaua zinez mehatxatzen zuen denboran sortu zen. Aldiz inperio hori erori da duela mende bat, munduko lehen gerla galdu ondoren aleman eta austriar inperioekin batera. Halere turkoen aurkako aiherrak iraun zuen munduko bi gerlen artean, zeren gure aitaitak horien aurka borrokan ari izanak ziren, bereziki 1915ean Dardaneletako leihorrean britainiarrekin egin zuten eraso luzean: hilabete zenbaitez gogorki gudukatu ondoren, atzera egin behar ukan zuten itsasontzietan itzultzeko. Haatik bigarren gerlaren ondotik,Turkia ez baitzen horretan sartu, “kiristi” eta “türken” arteko borroka zaharrek ez züten gehiago publikoa berotzen, eta pastorala nekez berpiztu zen.
Beharrik Etxahun-Irurik hats berri bat eman zion euskaldunei atea irekiz orduraino bazter utzi zituen antzerti horretan. Geroztik europarren arteko borroka laikoak antzezten ditu, gutiz gehienetan euskaldunon eta besteen artekoak.
Europa oraino kristaua ote da? Ez zait iduri, eta nahiz europarren apostasia horrek pena egiten didan, uste dut trajeriako hiztegia araberan aldatu behar dugula, gaurko egoerari egokitu.
Bi etsaiak nola deitzen ahal genituzke? “Onak” eta “Gaiztoak”? Moralistegia zait, eta subjektiboa, ezen bakoitzak bere burua egokitzat dauka, eta bestea susmagarri, aurkaria xede txarrez betea baitabilke. “Baikorrak” eta “Ezkorrak” deitzea berriz oso abstraktoa iduri zait. Hiztegi arbitrario guztia bazter utzirik, goazen beraz errealismo hutsaren bidez, alderdi eta eskualde bakoitzari bistakoa den izena ematera: ate urdinetik urdinez bezti eta jantzirik jalgitzen direnak “Urdinak” deitzen ahal genituzke, besteak ordea “Gorriak”, araberako ezagugarriekin baitabiltza. Nik bederen hola eginen dut. Bide horretarik, logika osoz, “türk andereak” (eta ez “türketak”) “andere gorriak” bilaka laitezke, ate bat irekiz aurkarien mezulari eta urgazle jalgi laitezkeen “andere urdinen” taldeari. Alde horretarantz urrats bat eginen da 2020ko pastoralean, Ürrüstoin, “dantzari urdinak” agertuko baitira lehentze “satanen” parean. Berritzapen honek ere kritika zorrotzik jasoko du, baina tradizio guztiek hastapen bat ukan dute. Hain zuzen ere, “satanik” ez du beti eduki trajeriak: Frantziako Iraultza denboran agertu ziren, ez dakigu Onizepean izan zen ala Ürrüstoin, biek pastoral bat antzeztu baitzuten 1796an. Eta iduriz Eliza katolikoak gaizki hartu zituen… Ber kariara Abdelkader trajeriako heroi musulmana “Urdinen” buru agertuko da: ez otoi erran “türk” hori “kiristien” aldetik ari dela, “kiristiak” aldiz “türken” aldetik!