Mendigorria: PSNren lubakia euskara geldiarazteko

Mendigorria: PSNren lubakia euskara geldiarazteko –

Azaroan Mendigorriko 11 familiak eskaera ofiziala egin zioten Hezkuntza Departamentuari herriko eskolan 2020/21 ikasturtean D eredua zabaltzeko (sei haur 2020-21 ikasturtean hasteko eta bost gehiago 2021/22an). Hasieran Departamentutik hitz onak entzun bazituzten ere, urtarrilaren bigarren hamabostaldian, aurre-matrikulazio garaia zetorrela, bat-batean Hezkuntza Departamentuko webgunean Medigorriako eskolan euskaraz aurre-matrikulatzeko aukera desagertu zen. Hezkuntzak ez ditu bideratu Mendigorriko eskolan D eredua eskatuz sei familiek aurkeztu dituzten aurre-matrikulak eta bere komunikazio falta agerikoa izan da; ultimatuma baino ez diete jakinarazi: hamar egunetan Mendigorrian gaztelaniaz matrikulatu ala, euskaraz  nahi izanez gero, Garesen.

Mendigorria: PSNren lubakia euskara geldiarazteko
Mendigorriko gurasoak eta euskalgintzako ordezkariak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU (BERRIA)

Hezkuntzak hasieran argudiatu zuen gutxienez zortzi haur behar zirela (hau da Geroa Baik aurreko legegintzaldian ezarritako gutxieneko ratio zentzugabea D eredua zabaltzeko zonalde ez-euskaldunean) baina Mendigorria zonalde mistoa da 2015etik eta honetan sekula ez da ezarri gutxieneko ratiorik D eredua zabaldu ahal izateko. Ikusita argudioa erortzen zitzaiola, Gimenok iazko uztailean dekretuz onartutako eskola maparen interpretazio makurra beste dekretu eta Euskararen Legearen gainetik jarri du Mendigorriko eskolan aurkeztutako aurre-matrikulak ez onartzeko eta Gareseko eskolara bideratzeko. Azken urtetan euskarazko eredu eskaria Nafarroako edozein eskolatan aurkez zitekeen erreferentzia zentroa ez izan arren. Aurten Gimenok irizpide hori aldatu du familia hauei Euskararen Legeak aitortzen dien eskubidea urratuz (25. Art.), eta 31/2007 eta 159/1988 Foru Dekretuek zehazten duten ikasleen onarpen prozedura galaraziz. Familia hauei aukeratutako hizkuntza ereduan eta ikastetxean aurre-matrikula egiteko eskubidea ukatu zaie nahita D eredua zabaltzearen inguruko erabakirik hartu behar ez izateko. Laburbilduz, trikimailu bat asmatu dute ezkutatzeko Mendigorrian dagoen D ereduko eskaria. Ofizialki ez da existitzen, beraz ez zaio erantzunik eman behar. Gainera aipatutako dekretuaren arabera (80/2019), Kontseilariak aitzakiatzat harten duen eskola mapa alda dezake beharrezkoa balitz, baina ez du nahi.

Halaber, Mendigorriko eskola landa eremuko eskola da eta halakoetan ez dago gutxieneko ratiorik gela berriak zabaltzeko. Landa eremuan badaude gelak bizpahiru ikaslerekin. D eredua Mendigorriko eskolan zabaltzea aukera izan daiteke eskola honen biziraupena ziurtatzeko eta ez ixteko Mañeru edo Ziraukiko eskolekin gertatu den bezala. PSNk erakuts dezake ea “postureotik” baino haratago, benetan landa eremuko despopulazioaren kontra eta beraien eskolen alde dagoen.

Ekonomikoki merkeago aterako litzateke D eredua Mendigorrian zabaltzea. Aurtengo sei ikasle horiek Garesera joanez gero, hiru urteko gela bikoiztu beharko litzateke 25eko ratioa gainditzeagatik eta gainera Mendigorriko ikasleei garraioa eta jantokia ordaindu beharko litzaieke.

Baina argi dago euskarazko lerroa Mendigorrian ez zabaltzeko arrazoiak ez direla ekonomikoak, ikasle kopurua, landa eremua den ala ez, eskola mapa… PSN eta Gimenok asmatutako arazo tekniko-administratibo horien atzetik benetako arrazoia ezkutatzen dute: euskararen zabalkuntza galarazteko erabaki politiko irmoa. Argi daukate jokoan dagoena ez dela soilik 11 familia hauei legeak aitortzen dien eskubideari bidea ematea ala ez, baizik eta atzetik beste herri askotan D eredua zabaltzeko sor daitekeen eskaria, eta hori ezin dute onartu. Beraiek defendatutako Euskararen Legeak dioenaren kontra (legearen helburuak euskara babestea, sustatzea eta ikasteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzea omen dira), Mendigorria euskara gehiago zabal ez dadin lubaki garrantzitsua bilakatu da. Horregatik Gimenok Arartekoak bitan bideratutako eskariei muzin egin die ez erantzunez, eta Mendigorrian G ereduan ikasle bakarra eskolara daiteke baina ez sei D ereduan. PSN eta Gimenok badakite familiek legea beraien alde dutela, eta horregatik agindu zuzena eman dute Mendigorrian jasotako aurre-matrikulak ez bideratzeko. Eskari hori ofizialki existitzen ez bada, ez dira kontraesanetan eroriko ez Euskararen Lege kutunak aitortzen duen eskubidearen kontrako erabakirik hatuz, ezta legea errespetatuz D eredua Mendigorrian zabalduz ere.

Azken hilabetetan Nafarroan ikusi dugu Iruñean 0-3n euskararen eskaintza izugarri murriztu dutela, Euskarabideak UPNren garaietatik egiten zen D ereduaren aldeko kanpainarik ez duela egin errua maltzurki herrietako euskara zerbitzuei botaz, Sakanan Lanbide Heziketan progresiboki zerbitzua euskaraz emateko adostutako plana atzera bota dutela, unibertsitatean ez dituzte ahalbidetzen euskarazko ikasketak… Euskarafobiaren pandemia han eta hemen, Nafarroako irakaskuntzan PSN eta Navarra Suma nor baino nor gogorrago hizkuntza eskubideak urratzen, azken boladan PSN nagusi.

LABen ustez zonifikazioa gaindituz Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak aitortuko dituen euskararen lege berri bat onartzen ez den bitartean, jai daukagu, eta horretarako herri mobilizazioa ezinbesteko tresna da. COVID-19 gainditzen dugunean kalean izanen gaituzte, ez izan zalantzarik. Gure babes osoa Mendigorriko familiei. Euskarafobiari stop!!

 Imanol Karrera, Nafarroako LABeko eleduna

Iñigo Orella, Nafarroako LABeko irakaskuntzako koordinatzailea

Mendigorria: PSNren lubakia euskara geldiarazteko

Mendigorria: PSNren lubakia euskara geldiarazteko

LABeko bozeramailea Nafarroan