Euskara alderdien hauteskunde-programetan: Elkarrekin-Podemos
Euskara alderdien hauteskunde-programetan: Elkarrekin-Podemos –
Eusko legebiltzarrerako hauteskundeak ate joka dauzkagula, hirugarren talde politikoak (Elkarrekin podemos) 2016ko bozetarako aurkeztutako programari erreparatu diogu.
Hasieratik eragin dizkigu galderak Podemosen proposamenak. Adibidez: “Hizkuntza ofizialak ezagutu eta ikasi nahi dituen pertsona orok horretarako aukera izatea, inposiziorik eta baldintzarik gabe”. Erdaldun elebakarrak “babesteko” nahia berriro hemen: “… hizkuntza hainbat arrazoirengatik ezagutzen ez duten pertsona ugariak errespetatuz eta baztertu gabe”. Euskarara erakarri nahi omen zituzten “soilik erdaraz dakitenei euskal kultura eta hizkuntzaren aberastasuna erakutsiz, inposiziorik gabe … galtzen diren ezagutza-ondarea ezagutuz… eta abar.).
Labur esanda, gazteleraren derrigortasuna ez da eztabaidagai, eta gazteleradun elebakarrak ezin dira euskara ikastera behartu. Euskarak borondatezkoa behar du izan. Euskaldunak baztertuak eta gaztelera ikastera derrigortuak garela, aipatu ere ez.
“Gizarte benetan elebiduna”, omen zuen helburu Podemosek. Hala ere, “Kontuan izan behar dugu euskara harremanetan dagoela gaztelaniarekin eta frantsesarekin, eta, aurrerapauso handiak eman diren arren, oraindik hizkuntza gutxitua eta minorizatua dela; beraz, laguntza eta bultzada bereziak behar ditu”. Zergatik da euskara hizkuntza gutxitua? Ez dago azalpenik; eta azken hogeita hamar urteko hizkuntza-politika ere ez da aipatzen.
Euskararenarekin batera, gazteleraren erabilera sustatu beharra aipatzen zuten. Benetan da beharrezkoa gazteleraren erabilera sustatzea? Gehiago?
“Euskararen erabileraren aldeko apustua” egiten dutela diote, “Euskararen erabileraren aldeko apustua egiten dugu, bai eremu pribatuan, bai eremu publikoan… Gure ustez, edozein pertsonaren oinarrizko eskubideen eta Euskadiko ondare immaterialaren parte da, eta, beraz, funtsezkoa da bi hizkuntzen ezagutzarako sarbidea erraztea”, baina horretarako proposamenak oso motz geratzen dira.
Euskaraz egitea borondatearen eremura mugatzeko joera nabaria zen egitarauan (ikus 710 puntua). Herri-administrazioetan euskara berdintasunez erabili ahal izateko neurriak, eremurik euskaldunenetan lehenestea proposatzen zuten, eta bide batez, beherapenak ere bai: “Enplegu publikora sartzeko baldintza gisa hizkuntza-eskakizunen politika berrikustea, eta langile publikoek euskarazko hizkuntza-gaitasuna handitzea pizgarrien bidez sustatzea. Horretarako, eskatutako mailak lanpostuetara egokitzen diren ebaluatuko da, eta balioetsiko da euskara merezimendu gisa baloratzea, ez dadin oztopo gaindiezina izan euskaraz ez dakitenentzat”.
Horrek esan nahi du eskakizunak beheratu nahi dituztela. Eta eskakizunak beheraturik, nola goititu erabilera administrazioan? Ildo bertsutik, C2 soilik hizkuntzaren arloko profesionalei galdegitea proposatzen dute. Nola egingo dute lan euskaraz goi mailako teknikariek, C1ek adierazten duen gaitasuna izanik soilik?
EiTBri buruzko proposamen eztabaidagarria luzatzen zuen Podemosek 2016an: “Euskararen eta gaztelaniaren erabilera progresiboa -azpitituluekin behar denean- ETBko bi kanal generalistetan, elebitasun harmonikoa eta pertsona guztiak bi hizkuntzekin harremanetan jartzea sustatzeko…”.
Podemosek ez ote zekien euskal herritar guztiak gaztelerarekin (edo frantsesarekin) “harremana” izatera behartuta gaudela? Eta ez dagoela españolez (edo frantsesez) ez dakien euskaldunik? Ez zekien euskarazko telebista kate generalista kasik bakarra dagoela -Hamaika telebista pribatua-, baina gaztelerazko / frantsesezko kate generalistak ugari, publikoak eta pribatuak?
Baziren proposamen interesgarriak hala ere:
Euskal sortzaileei baliabideak bermatzea, bikoizketan eta itzulpenetan inbertsioak handitzea. Estatuko erakundeek, errealitate plurinazional eta eleaniztunarekin konpromisoa har dezaten eskatzea, edo ETBn zinematografia-titulu nabarmenak, fikziozko telesailak eta dokumentalak eta euskarazko animazio askotarikoa emititzea…
Laburbilduz, iruditzen zaigu, funtsean, gaztelerarekiko menpekotasunean bizirauteko politika dela Elkarrekin-Podemosek proposatutakoa, euskaldunen alderako asmo onezko zelofanez bildurik.
Euskara alderdien hauteskunde-programetan: Elkarrekin-Podemos
Ederki laburbildua.
Kakulua egin dute gehiengoa egokitzen zela estatuquoarekin. Beraz marketinga pikoan emaiteko keinu bat espainolistentzat eta . zelofanez bilduriko asmo on asko euskaldun kezkatientzat.
Ardurenik Beñat ongi samar ulertzen ditut zure esapideak, baina oraingo honetan ez dut argi ikusten zer esan nahi duen honek: “Beraz marketinga pikoan emaiteko keinu bat espainolistentzat”.
Zauriaren gainean pikoa, guretzat, min duzun tokian jardutea da, zirika aritzea leku mingarrian. Baina testuinguru honetan ematen du esanahia alderantzizkoa dela, hots, espainolek onartzeko moduko gauzak paratu dituztela beren programan Poemosekoek, mina sortzekotan min leuna sor diezaien espainolei! Oker ulertu dut?
“Pikoan eman”, edo “haxean eman” edo “punduan eman” hots marketinga perfekzionatu
Ohargabeko nafarlapurtarrismoa bat izango da ene aldetik.
“ene lana pikoan eman dut” esan nahi dut hobetu behar dutala entregatu baino lehen.
ezdakit azalpen hauekin guziekin argiago naizen?
NOLA ERRAN etik ateraia
? au point:
photo, affaire, technique, machine puntu-puntuan – pikoan
ce n’est pas encore au point ez da oraino arras pikoan
Konbentzitua ?
Plazara ekimenak egiten duen Podemosen testu analisarekin ados nintzela azpimarratu nahi nuen.
Besterik ez.
Esker mila, Beñat