Arte[faktua] 82: Rafa Egiguren, Txipiroiak bere beltzean, Joserra Senperena, Jon Artano

Arte[faktua] 82: Rafa Egiguren – 

Rafa Egiguren idazle hernaniarra izango dugu aste honetako Arte[faktua]-n gonbidatu nagusi. Donostiako Parte Zaharrean elkartuko gara berarekin, Susa argitaletxearekin plazaratutako Txipiroiak bere beltzean ipuin liburuaz solastatzeko. Ekialdeko kulturek, batez ere txinatarrak, pisu handia dute liburuan. Bertan bizitakoa da Egiguren, eta gustuko dituen Txina klasikoko liburuak aipatzen ditu obran. Hizkuntzek ere presentzia nabarmena dute, hala nola euskarak, katalanak eta txinerak. Euskal gatazka ere ageri da. Baita umorea ere. Hamahiru ipuinez osaturik dago liburua. Izenburua bigarrenak ematen dio, eta, erdigunea, berriz, Troyako Zaldia ipuinean dago.

Gazte hasi zen Egiguren idazten: Zeruko argia aldizkariko Gazte naiz atalean, hain zuzen, 1960ko hamarkadan. 1981ean hasi zen bere lehen literatur lanak argitaratzen: Txipiroiren bat edo beste poema liburuarekin, hain zuzen. Ordudanik, genero ezberdinak probatu ditu bere ibilbide literarioan zehar, hala nola poesia, saiakera, eleberria eta narrazioa. Denek gertatu omen zaizkio erosoak. Azken liburu honi eleberri bat idazteko asmoz ekin zion, baina, azkenean, esku artean zeukanari erreparatuta, ipuin sorta bat idaztea aproposagoa zitzaiola ikusi, eta halaxe egin zuen.

Joserra Senperena musikaria gonbidatuko du Egigurenek elkarrizketara. Lagun handiak izateaz gain, elkarrekin lan egindakoak dira Mandarin dotore disko-liburuan, literatura, artea eta poesia uztartzen dituen lanean. Egigurenek itzulitako poemen gainean konposatu zuen Senperenak lan horretan. Kulturaz, arteaz, literaturaz eta musikaz asko hitz egiten dute elkartzen diren bakoitzean. Elkarrekin literatura errezitalak egindakoak dira, gainera.

Jon Artano Euskadi Irratiko esatariak bere liburu kuttunen berri emango digu aste honetako Apalat[egia] tartean.

Bestalde, Irakurlea atalean, Tabakalerako Leire Canok C.P. Snow-ren Bi kulturak liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Irene Arraratsek, Lourdes Oñederrak eta Elurre Iriartek, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Leire Martínez eta Naia Ostaikoetxeak Aliceren abenturak lurralde miresgarrian  liburuaz hitz egingo digute Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 82: Rafa Egiguren, Txipiroiak bere beltzean, Joserra Senperena, Jon Artano
Ikusi saioaren aurrerapena hemen

Arte[faktua] 82: Rafa Egiguren, Txipiroiak bere beltzean, Joserra Senperena, Jon Artano

Arte[faktua] literatur saioa ETBn