Final "euskalduna"
Final “euskalduna” –
Juan Luis Zabalak Gipuzkoako Hitzan.
Jolastu nahi al duk nirekin? —esan zidan. —Ze ba ez ba? — “Ze ba ez ba”? Hori ondo esanda al dago?
—Ze ba?
—Ba…
—Ez hadi hain garbizalea izan; “auskalo” hitza asmatu zuenari ere esango zionan zer edo zer norbaitek. Ez alferrik!
—Zertan ari haiz?
—Jolasean.
—Ez. Harpa jotzen.
—Jolasteko modu bat.
—Ados. Baina nik beste jolas bat proposatu nahi nian.
—Esan ba.
—Jakina! Ze ba ez ba, ezta?
—Horixe bera. Tip eta Coll ematen dinagu.
—Zein dira horiek?
—Gazteegia haiz horiek ezagutzeko. Jolasa aipatu dun. Zertan jolastu nahi dun?
—Iritzietara: hi nire iritzilari neuronala izango haiz eta nik esandako gaiari buruzko iritzia emango didak.
—Zutabegile baten antzera?
—Gutxi gorabehera. Ezagutzen al duk The Punsetes taldea? Kantu bikaina zeukak gai horri buruz.
—Arrastorik ere ez.
—Gero azalduko diat nahi baduk.
—Ados. Aurrera ba jolasarekin.
—Adibidez: zer iritzi duk koronabirusaz?
—Barkatu, baina esan huen iritzilari neuronalari datuak, informazioa eta irizpideak sartu beharko zitzaizkiola. Eta koronabirusaren kontu horretan, gehienok bezala, zeharo nahastuta nagon, funtsezko oinarririk gabe.
—Zertaz hago, hortaz, hire iritzi neuronala emateko prest, datuz, informazioz eta irizpidez ondo hornituta?
—Futbolaz, nik uste. Nahi gabe ere horretaz dena zekinagu denok, blaituta gauden.
—Futbolaz oro har?
—Ados. Bazakinat nora jo nahi dunan. Gizonezkoen futbolaz. Esan gabe zoan.
—Ez likek ba joan behar.
—Baina halaxe joaten dun ia beti.
—Eta… gizonezko futbolaz oro har?
—Ez. Espainiako Erregearen Kopako finalaz. Final “euskalduna” deitzen diotenaz.
—Eta zer irizten diok ba?
—Iritzi neuronala baino gehiago, nirea sentimendu irrazionala dun. Goragale espirituala eragiten zidan final hori Euskal Herriaren eta abertzaletasunaren eta auskalo zeren aldeko aldarri bihurtzeko sumatzen dudan irrikak.
—Espainiako erregearekiko errespetu falta iruditzen zaik? Txapelketaren antolatzaileekikoa? Espainiarekikoa?
—Bai zera! Geure buruaren aurkako errespetu falta.
—Zergatik? Arrazoitu hori, ahal baduk.
—Hara! 45 urte laster Franco gabe eta nori ematen diogu botoa? Zer telebista daukagu eta zer telebista ikusten dugu? Zer ikus-entzunezko fikzio? Zer tratu ematen diogu euskal literaturari? Zer egunkari irakurtzen ditugu? Interneteko zein gunetan bilatzen dugu informazioa? Zer garrantzi eman diogu euskal herritarrok euskalduntzeari eta, batez ere, niretzat hori dun mingarriena, euskaldunok alfabetatzeari, Rikardo Arregi hil ondorengo 40 urteetan? Ez al dugu kopa “irrikatu”, “preziatu”, “historiko” bat emango digun erregeari txistu jotzea baino zerbitzu hoberik eskaintzerik Euskal Herriari eta euskarari?
—Aukera paregabea duk, ordea, lau haizeetara aldarrikatzeko ez dugula onartzen Espainiako monarkia.
—Hark emandako karamelu jainkozkoa jan, eta gero purrustaka hasi. Dotorea denik behintzat ez didan esango. Bestela ez niken gaitzetsiko, baina, bizi garen bezala bizi izanda, gure egunerokotasuna aintzat hartuta, hipokrisia ariketa iruditzen zaidan.
—Ez nagok ados baina aitortu behar diat iritzi neuronalarena nahiko ondo egin duala.
—Orain niri tokatzen zaidan galdetzea. Zer kantu dun lehen aipatu dunan talde horrena, hain bikaina omen dena?
—The Punsetesena? Itxaron, telefonoan jarriko diat… —Telefonoko bideoarekin batera kantatuz:— “Que no pase un día sin que des tu opinión de mierda…”.
Final “euskalduna”
Futbolzaletasunaz, futbolzaletasunaren soziologiaz eta horrek politikarekin dituen sartu-irtenez ez zekiat ezer, baina hortik landa, bestelakorik iradoki duk, eta atentzio gehien honetxek eman zidak Juan Luis: “Zer egunkari irakurtzen ditugu? Interneteko zein gunetan bilatzen dugu informazioa? Zer garrantzi eman diogu (…) euskaldunok alfabetatzeari, Rikardo Arregi hil ondorengo 40 urteetan?
Ematen dik, bereziki, euskaraz alfabetatu ez diren euskaldunak ari haizela salatzen, jipoitzen! Gure garaiko batzuk euskal irakaskuntzara, kazetaritzara eta abar jo genian autonomi estatuarekin eta ireki ziren -ireki zituzten- euskarazko lanbideen bidetik-eta, eta, beharbada, eskola gutxiago zutenek edota beste lanbide batzuetara jo zutenek, non gaztelaniaren beharra askoz nabariagoa zen, gaztelaniaz alfabetatu hituen proportzio handi (samar) batean…
Baina, galderara etorrita, ez al dute horretan asko lagundu, eta ez al dira laguntzen ari, elebidun izateko asmoz sortu, eta euskaraz onenean %15etik behera jarraitzen duten egunkariek eta?, zergatik ez dute, hire ustez, urrats ausartagorik ematen, erdal hedabide izatetik euskal hedabide izatera igaro daitezen?
Bazekiat galdera zaila dela. Aurrez, eskerrik asko
Dudarik gabe, “elebidun izateko asmoz sortu, eta euskaraz onenean %15etik behera jarraitzen duten egunkariek” ez ziotek asko lagundu euskarari, Pako; ezta, oro har, han eta hemengo aginte postuetan egon direnek ere; ezta euskara ikasteari uko egin dioten euskal herritarrek ere… eta abar, eta abar… Ados. Baina uste diat hori esan beharrik ere ez dagoela Berriako (edo Zuzeuko) irakurleei zuzentzerakoan. Edo bai, esan beharra egongo duk beharbada, baina nik ez diat beharrik sentitzen, badagoelako hori zeinek esana, eta azken batean irakurle gehienok ados gaudelako horretan. Baina nik hemen salatu nahi dudana duk euskaldunak oro har askoz ere emanagoak garela adierazpen masibo ebentual eta azlekoetara euskararen aldeko benetako jokabide batera baino. Errazago eta erakargarriago zaiguk Esopainiako Erregeari denok batera txistu egitea (eta ez zaidak gaizki iruditzen hori egitea) geure hizkuntzan alfabetatzea baino. “Gure esku” dagoen hori ez diagu egiten eta ez zioagu garrantzirik ematen egiteari: alfabetatu, geure hizkuntza eta geure kultura ezagutu. Iruditzen zaiguk eraginkorragoak garela protesta eta purrusta egiten geure hizkuntzan eroso eta gai izaten ahalegintzen baino. Euskaldunon alfabetizazio maila, gaur egun, Rikardo Arregi hil eta 50 urtera, LOTSAGARRIA iruditzen zaidak, eta hori hala izanik giro batzuetan (giro euskaldun jator abertzale alfabetatu gabe batzuetan) Felipe VI.ari txistu egitera joateko sumatzen dudan grina hori hutsala eta patetikoa iruditzen zaidak, egia esan. Hitz batean esanda: “Herri alfabetatua inoiz ez zanpatua”. Lekutan gaudek, alajaina!
Artze trakets parafrasetuz: Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, baizik eta: dakitenek, umearekin eta txakurrarekin, etxe giroan edo lagunartean, hizkuntza horretan hitz egin arren, beste hizkuntza batean edo batzuetan irakurtzen eta idazten dutelako, beste hizkuntza batean edo batzuetan ikus-entzuten dituztelako ikus-entzunezkoak ea abar…
Konforme. Eskerrik asko