[Uztaritze iraultza garaian I] Uztaritze, 1789ko iraultza frantsesaren garaian

1789ko iraultza frantsesaren garaian –

 

Michel Duharten “Ustaritz au temps de la revolution” liburuaren itzulpena

 

«Zer Herria den Herri hau, adiskide. Naturaren edertasunek eta xarmek zinez hunkituak direnentzat. Irudikazazu ibar freskoena, irriegileena, erreka batek erditik moztua, zeinaren ur beti urdinek zeru ederrenaren urdina islatzen baitute, mahastiz, oihanez estalitako munoz, eta, Pirineoko katearen parte batez inguratua».[1]

1789ko iraultza frantsesaren garaian
Arg: El Pensante

Horra nola, 1806 urtean, Dominique Joseph Garatek, lirismo poetikoari baino filosofiari ixuriagoa zen Herriko semeak hitz hunkigarrietan deskribatzen zituen Uztaritzeko inguruak.

Hogei urte lehenago, ingurumen bera marraztuko eiki zuen, bainan purguan zegoen aktibitatea azpimarratuko zuen, bai eta, joritasuna[2] islatzen zuten  lapurtar burgesetxeetako[3] aintzinalde ederrak.

  • Uztaritze Iraultzaren bezperan (1.orrialdean)

Lant zitezkeen lur eremuen hedadura eskasaren gatik, irabazi tipiegia emaiten zuen laborantzatik ez zetorkeen akibitate hura jadanik desagertua zen Garatek lerro hauek idazten zituen denbora horretan.

Laborariak, jakina, ez ziren sobera maluros, lurren proprietateaz edo maiztergoaz gain, tradizioz artaldeak lur amankomunetan bazkatzeko eskubidea baitzuten eta, ezkur sasoinean, beren zerriak baitzabiltzaten herria inguratzen zuten harizti zabaletan barna. Gehienek bazuten Uztaritzeko aktibitateak ahalbidetzen zien beste ofizio bat, sasoikoa edo urteguzikoa.

XIII.mendetik beheititzen hasia zen arren, sortze tasa oraindik altua geratzen zen. Euskal ohitura zaharrak etxondoa premuari emaiten zion, hau izan zitekeela neska ala mutiko. Denbora berean ezkongabe anitz desterratzera derrigortzen zuen. Hauek itsaskaritzan sartzen ziren edo, teilagile askoren beharra zeukan Espainiara joaiten ziren. Aldiz, oraindik independiente ez ziren Txile eta Mexiko herriak hetsita zeuden gazte anbizios eta abenturazaleentzat.

Herriak bere irabazien parte bat ateratzen zuen aragiaren eta arnoaren kontsumoaren gainean ezarritako zergetarik. Hauek saltzeko eskubidea enkante publikoan gehien eskaintzen zuenari esleitua zen. Bainan diru sartze haundiena, Herriko hiru oihanzainek artoski zaintzen zituzten bere oihanen ustiapenetik zetorkion.

Arbol mozketen ondotik, uztariztar guziek derrigorrez berlandatzeari ekin behar zioten. Oihanei esker, herriak gastu arruntei aurre egiten ahal zizkien: uholdeek maizki eremaiten zituzten zubiak konponduz, edo, aspaldiko usaia baten araberan, etxea, barkua edo dolarea konpondu nahi zuen jabea lagunduz.

Haatik, Uztaritzeren ospea eta aberastasuna ez zetozen nekezaritzako ekonomiatik, ez, haiek beste bi arrazoi nausi zauzkaten.

Alde batetik, Komuna[4] Lapurdi probintziako Bailearen[5] egoitza zen. Horrek biziarazten zuen andana bat arropa jende : abokat, grefier, notari, uxer, sarjent bai eta presondegizain bat ere.

Bestetik, Uztaritze untsa kokatua dago Errobi ibarreko toki berezi batean, nun erreka hau nabigagarria baita Baionako aldera eta, nun Ainhoa eta Zuraide barna pasatzen den Nafarroarekiko trafikoaren parte haundi bat iristen baita. Horrengatik bazen portu aktibitate haundi bat, funtzionari askoren presentzia justifikatzen zuena (gogora dezagun Uztaritzeko erdigunean «Konturlorenea», alegia, kontrolatzailearen etxea), bai eta merkatarien, mandozainen, ibai marinelen eta biltegizainen presentzia ere.

Jende horiei gehitu behar zaizkio, artesauak, tanatzaileak, zapatagileak, zurginak, arotzak, ehuleak, eta araiz ostatuzain asko.

Trafiko horren arrazoia zen aspaldi danik Lapurdik eta Baionak zaukaten atzerriarekiko komertzioa egiteko pribilegioa. Erreinuko Zergabiltzale Orokorren[6] egitateen faltaz libertate hori atakatua zen bakoitzean, estagnazioa jartzen zen probintzian. Horrela gertatu zen 1760 eta 1770 urteetan. Dupré de Saint Maur, Guyeneko[7] intendentearen defentsaren ondotik, 1784ko uztailean, Erregeak pribilegioa berritz indarrean jarri zuen. Halaere, hartu zuen erabaki bat biziki poxelagarria, aduanaren muga Errobiko eskuineko lehorrean jartzen zuena. Erabaki horrek Uztaritze bi partetan zatikatzen zuen eta erreka zeharkatu nahi zuten aldi oro, uztariztarrek mugazainen kiskilkeriak pairatu behar zituzten

Frantzian gaindi nekezariak Estatuaren, Gazteluetako Jaunen eta Elizaren zergek lehertuak zegozelarik, Lapurdin zerga sistema bat hobea bazuten : zerga feudalik ez zegoen; taila[8], derrigorrezko laguntza[9] eta gabela[10] ez ziren existitzen ere; tabakoa ere erdi preziotan saldua zen Erreinuko beste tokiekin alderatuta.

Kuotaren sistema bati esker, urtez urte, Lapurdiko parropiek prezio finko bat ordaintzen zioten Sindikuari[11]. Adibidez, 1788 urtean, Uztaritzek 3800 libera ordaindu zion, bertan zeuden 600 bat etxaldeen artean banatua.

Erretoreari zor zitzaion dimari[12] dagokionez, diru horren biltzearen kargua gehien eskaintzen zuen herritarrari esleitua izaiten zitzaion, bildutakoaren herena edo laurdena Baionako apezpikuarentzat zelarik.

1739 urteko Pouillé deituriko parropiako kontabilitate erregistroan, agertzen da Uztaritzek 750 libera[13] emaiten ziola apezpikuari. Horrek erran nahi du apaizak kobratzen zuela 2500 eta 3000 libera artean, kasuala,[14] prebenda,[15] eta, gauzazkoa[16] kontatu gabe. Asko dela emaiten du, bainan erretoreak hiru bikari bizi arazi behar zituen, hamarren[17] deituriko zerga ordaindu eta, mahai bat janariz beteriko bat zabaldu hortik pasatzen ziren gomit ugariei.

Laburbiltzeko, uztariztarrek Estatuari eta Apaizeriari 7000 libera inguru ordaindu behar zieten urtero. Libera bat zen, gutxi gora behera, eskuko langile baten egun baten soldata. Bada, etxalde bakoitzak ordaindu behar zuen, bana beste, langile baten hamabi lan egunen balioa.

Iduriz, Sindikuak edo Erretoreak hautaturiko kobratzaileak[18] egiten zuten esfortzuaren banaketa onargarria izango zen, kontestazio guti zegoelako. Gainera erran beharra dago zergen pisuaren parte bat herriak berak hartzen zuela bere gain.

Zergen moderazio erlatibo horren truke, Lapurdik mila gizonez osaturiko militzia bat mantendu behar zuen, partikulazki muga defendatzeko.

Horra zer ziren guti gora behera, 1788an, bizi baldintzak Uztaritzen. Alabainan, ondoko hamar urteetan, aspaldiko ohituren eta tradizioen gainean irmoki oinarritua iduri zuen gizarte hura erabat desegina izanen zen.


[1]MD Pierre Ginguené ganako gutun argitaragabea.

[2]BC Geroxago ikusiko dugun bezala, Iraultza Uztaritzen batez ere izan da ekonomia suntsiketaren sinonimo bat.

[3]MD «Uztaritzeko etxeak gustatuko zaizkitzu, beren euskal berezkotasuna atxiki dute, mahats girgilez apaindutako zurezko balkoi luzeak aterbetzen dituzten teilatu aintzinatuekin». R.Hennebutte, l’Album des 2 frontieres, Bayonne 1852. Etxe burgesak Uztaritze erdian kokatuak ziren sustut Hiribeheren eta Purguan, Arruntzako eta Heraitzeko bi auzoak erruralagoak egon zirelarik.

[4]BC : «commune»  testuan, bainan gaurko izena da eta «parropia» hitza hobea izanen zen beharbada garaia ikusita.

[5]BC : «bailli» testuan, Lapurdi probintziaren mailan Erregearen ordezkaria, harek izendatua, batez ere Biltzarra bigilatzeko.  Baionako seneskalearen baliokidea. Horrek erakusten du Baiona eta Lapurdi 2 entitate bereizi zirela Erreinuko addministrazioarentzat ere.

[6]BC : «ermiers generaux» testuan. Lapurdin zerga biltzeko sindiku orokor bat izanki, horrelakorik ez zegoen. Bai ordea Baionan eta Bordalen.

[7]BC : «Guyenne»a zen erregimen zaharreko dukerri bat, Lapurdi eta Zuberoa edukitzen zituena eta Bordale zaukana hiriburutzat.

[8]BC : «taille» testuan

[9]BC : «aide» testuan

[10]BC : «gabelle» testuan, gatzaren gaineko zerga alegia.

[11]BC : «syndic» testuan. Sindikua, kargudun gakoa zen Lapurdin, zerga biltzen zuen eta Erregeari bere kuota emaiten zion. Horrek piskabat eta urrundik  pentsarazten du finantzia autonomia bati, EAEkoa bezalako bati.

[12]BC : «dime» testuan.

[13]MD : Haristoy «les paroisses du Pys basque pendant la periode revolutionnaite» Tome 1 Pau  1895

[14]BC : «casuel » testuan.

[15]BC : « prébende» testuan

[16]BC : adibidez zerri hiltzetan erretoreari eskaini ohi ziren zerrikiak.

[17]BC : «decimes» testuan.

[18]BC : « fermier » testuan, horrek erran nahi do kargua erosi zuela eta bildutakoaren parte bat atxikitzen zuela bere lanaren ordaintzat.

[Uztaritze iraultza garaian 0] Aitzinsolasa

1789ko iraultza frantsesaren garaian
1789ko iraultza frantsesaren garaian
1789ko iraultza frantsesaren garaian

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

7 pentsamendu “[Uztaritze iraultza garaian I] Uztaritze, 1789ko iraultza frantsesaren garaian”-ri buruz

  • Eskerrik asko, Beñat. Erraz jarri diguzu hain gutti ezagutzen dugun Bidasoaz bestaldeko lurren iraganera jauzia!

  • Eskerrik asko Beñat, pixkanaka garai horretako egoera ezagutarazteagatik.
    Martinez Garateren liburuak irakurtzeko gogoa sortu zidan, orain bai irakurriko dudala!

  • Benat Castorene 2020-03-24 12:07

    Milesker Jonjo, horixe zen ene xedea. Michel Duharten liburua euskara itzuliz.
    Bainan hari zor dizkiogu lehen ezkerrak.
    Espero dut beste atalak atera arau galderak sortuko direla zeren eta biontzat plazer bat izanen baita elgarrekin erantzutzea..

  • Mendiboure mixel edo buru 2020-03-25 20:57

    Irakurtzen ari
    Astia nahikoa
    Zaindu eta laster arte mixel

  • Benat Castorene 2020-03-26 08:24

    Mixel, kondatzen dut Lapurdi 1609eko ekiparen gainean galdera eta iruzkin zorrotzak egiteko. Hau da zuzeuren indarra egiaren bilaketa kolektiboa erraztean. Goraintziak..

  • Benat Castorene 2020-03-29 17:50

    Michel Duharten liburuaren lehen lerro hauen itzultzeak gogoetatsu utzi ninduen;
    Zer eizanen zen gaur Uztaritze, eta Lapurdi .1789ko interbentzio inperialista basa hori egin beharrean Frantziak bakea, eman baligu eta, utzi bagintu gure barne indar propioez aintzinatzera.
    Beti danik buruan sartu digu berak ekarri zizkigula zibilizazioa eta progresoa eta orai gutariko gehienek horrela pentsatze dute..
    Alta hemen ikusten dugun bezala hemengo egoera politikoa eta ekonomikoa ez zen iduriz Frantzian baino txarragoa.
    Aderantziz erran nezake hemen bazela bizitza demokratikoa ordurako ( Biltzarrean nobleek eta apaizek ez zuten parte hartzerik ez parropiako asanblatetan ez eta. Biltzarrean) egia erran oso noble guti zeuden gainera.
    Lapurtarrak pleinitzen ziren pobreak zirela baina erregeak kuata ez emendatzea gatik.. Ekonomia nahikoa orekatua orai ez bezala, laborantxa, artesautza, Baionarekiko eta Hegoalderikiko harreman komertzialak…
    Gure arbasoek Erregea erreknozitzen zuten bainan berak Lapurdiko antolakuntza forala errekonozitzen bazuen, ez ziren orai bezala frantses sentitzen geroago ikusiko dugun bezala.
    Nik erraz imagina nezake suitza tipi bat bezalako herri bat hegoaldeko euskal probintziekin konfederatua edo federatua. Bainan alferretan imaginatzen dut auzoko bi inperialismoak kontuan hartu gabe.. .

  • Benat Castorene 2020-04-01 18:23

    Udalerriaren irabazi iturriei dagokienez, gehitu behar da oihan komunal handi baten ustiaketa eta Auzetegiaren eta Biltzarraren egoitzaren presentzia, asko lan postu sortzen zituena eta lana emaiten ere ostatuentzat.Biltzarraren bileren karietara. . ..