Troika etxeko egin dugu

Troika etxeko egin dugu –

Diputatuen Kongresuak otsailaren 27an ontzat eman zituen espainiar Gobernuak 2020-2023 epealdirako proposatutako aurrekontu-egonkortasun helburuak; horien artean, gastu-araua (zeinak ezartzen duen aurrekontua gehienez zenbat gehitu daitekeen; honek estatuko erakunde guztiei eragiten die, baita euskal administrazioei ere ). 2020rako PSOE-Unidas Podemos gobernuak %2,9ko igoera proposatu du, hots, Rajoyk erabaki zuen kopurua baino hamarren bat gehiago (%2,8).
Troika etxeko egin dugu

Honek esan nahi du 2019an udal, Aldundi edo gobernu autonomiko batek 100 milioiko aurrekontua izan bazuen aurten gehienez 102,9 milioikoa erabaki dezakeela, nahiz eta superabit handia izan. Kopuru hortik gorako diru guztia bankuentzat izango da (“zorra amortizatu”, eufemismoa nahiago dutenentzat).

Halaxe ezarri zuten Zapaterok eta Rajoyk 2011ko abuztuan Konstituzioaren 135. artikulua aldatu zutenean, Merkel eta Sarkozyren aginduz. Hortik datoz Aurrekontu-Egonkortasunaren Legea eta ondoren etorri diren austeritate politika guztiak (murrizketak, autogobernua indargabetzea…). Bada, 2020ko Estatuko Aurrekontuetarako bidea eginez, Kongresuak %2,9ko gastu-araua onartu du, EAJren aldeko botoaz (noski, PSOE eta Unidas Podemosen proposamenarekin bat egin dute jeltzaleek), baina batez ere ERCren, BNGren eta EH Bilduren abstentzioari esker; katalanena ezinbestekoa zen, baina ez galegoena eta Bildurena.

Gogorra da gogoratu behar izatea, batik bat ezkerreko alderdiei, gastu-araua onartzea (%2,9) Rajoyren austeritate dosi berberari men egitea dela, %0,1eko aldea gorabehera.

Gastu-arauaren xedea da sektore publikoaren pisua murriztea: baliabide aski ez izanik, zerbitzu publikoak higatu egiten dira eta gizarte-prestazioak areago murriztu (pentsioak, etab.). Horrenbestez, espainiar Gobernuak Troikaren aurrekontu-politika bere egiten du. Ezinezkoa da aurrekontuak sozialak izatea murrizketa hori aintzat hartuz gero. Eta ildo horri jarraitzea erabaki dute Kongresuan gastu-arauaren onarpena posible egin zuten alderdi guztiek.

Kontutan izan behar da azken urteetan Hego Euskal Herriko administrazioek superabit handia izan dutela; haatik, gastu-arauak aurrekontuei muga ezartzen die. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Rajoyrekin hitzartu zuten gastu-araua 2019rako %2,7koa eta 2020rako %2,8koa izan zen (hau da, hemengo aurrekontuek inongo kasutan ez lituzkete gaindituko kopuru horiek, zeintzuk beste autonomia-erkidegoei ere inposatu zizkieten). Orain sabaia %2,9koa da, eta berriz ere akordio gisa saldu nahi izango digute. Baina zenbateraino sostenga dezake propagandak garaipena izan dela halako ukoa?

ELAren ustez ezin da onartu EAJk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk austeritate politika ontzat ematea, zeinaren oinarria den Zapaterok eta Rajoyk 2011n inposatu zuten 135. artikulua. Espainiako Kongresuan onartu denak EAEko eta Nafarroako erakundeen aurrekontuak mugatzen ditu datozen urteetarako. Honela naturalizatu egiten dira autogobernuaren kontrako erasoak eta Hego Euskal Herrian politikak benetan erabakitzeko debekua.

EAJren posizioa ez da berria; alderdi honen aldetik ohikoa da austeritatea ezartzen duten aurrekontuak onartzea; Rajoyren egonkortasun helburuak aurrera ateratzeko behar ziren botoak ere jarri zituen bere garaian. Alabaina, EH Bilduk eman dituen argudioak Calviño ministroaren helburuak bideratzeko oso kezkagarriak dira, osagabeak; superabita duten udalek inbertsio iraunkorrak gehitzeko irekitzen den bidea oso estua da. Aurrez ere nolabaiteko malgutasun hori bazegoen, baina legez oso murritza da.

EH Bilduk dio berri ona dela halako neurri bat, baina oso mugatua da geta zalantzazko aplikazio praktikoa izango du; bitartean, Troikak ezarri duen aurrekontu-diziplinarako tresna nagusiari argi berdea eman dio, gure herriaren burujabetza mugatu eta politika alternatiboak galarazten dituen arren.

Argi dago erabaki politiko hau ez dela bat ere koherentea; baina batez ere adierazten du ezkerraren oinarrizko printzipioei uko egin zaiela, eta izugarrizko eragina du milioika pertsonaren eguneroko bizimoduan, hain zuzen azken urteetan krisi delakoaren ondorioak pairatzen ari direnen horiengan.

Bateragarria ote da greba orokorrari sostengua ematea eta Troikaren neurriak babestea? Ez ote litzateke kontrako norabidean jokatu beharko? Politika progresistak garatu eta euskal erakundeen aurrekontuak Madrilen erabaki daitezen ekiditeko bestelako ahaleginak behar ditugu: 2012ko Aurrekontu-Egonkortasun Legea indargabetzen saiatzea lehentasuna izan beharko litzateke ezkerreko eta soberanista den edozein indarrentzat.

Beste guztia propaganda da, ustela gainera.

Troika etxeko egin dugu
Troika etxeko egin dugu
Mitxel Lakuntza

ELA sindikatuko idazkari nagusia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude