Mendigorria, beste eskola txiki bat arriskuan
Mendigorria, beste eskola txiki bat arriskuan –
Mendigorriko familia askok D eredua hautatu dute 3 urteko haurrentzat. Gainera, aukeratu dute herriko eskola, Mendigorrikoa, umeek bertan ikas dezaten. Baina Hezkuntza Departamentuak nahi du Garesera joatea, eskualdeko eskolara alegia, non hizkuntza eredu guztiak PAI programarekin ematen diren. Hala ere atzo, otsailaren 3a, astelehena, galarazi zieten aurrematrikula egitea Mendigorrian.
Horrela, urratzen da familien eskubidea, haurrentzat aukeratu duten hizkuntza ereduan matrikulatzeko. Egintza ulertezina benetan, PSNek, Hezkuntza Departamentua zuzentzen duen alderdiak, aldeko botoa eman baitzion 2015ean D eredua Nafarroako ikastetxe publiko guztietan irekitzea bideratzen zuen Euskareren Legearen aldaketari. Kontraesana handiagoa da kontuan harturik programa-hitzarmenaren zenbait puntu, zeinek aipatzen duten ikasleen lehen eskolatzea familiagandik ahalik eta hurbilen egin, eta hizkuntza eredu ezberdinak biltzen dituzten ikastetxeak sustatu behar direla, eta herrietako eskolei eutsi behar zaiela.
Bestalde, eskolan tokia dute D ereduko gela berria hartzeko, baita patio handi bat ere eskola zabaltzeko, behar izanez gero. Bide batez, D eredua eskolako ikas komunitatean integratuko litzateke.
Zoritxarrez, eskualde berean bi eskola itxi zituen Hezkuntza Departamentuak, Ziraukikoa 2009an eta Mañerukoa 2010ean, ikaslerik gabe gelditu baitziren D ereduko lerroa irekitzea ukatu zuenean. Berdin gertatu zen 2014an Murietako eskolan. Horregatik, eskatzen diogu Carlos Gimeno kontseilariari ireki dezala D ereduko lerroa Mendigorriko eskolan, berma dadin, horrela, haren etorkizuna.
Mendigorria, beste eskola txiki bat arriskuan