Duintasuna pribilegio

Duintasuna pribilegio –

Maite Berriozabal Berrizbeitiak Bizkaiko Hitzan.

Duintasuna pribilegioEmakumeok pozik egon beharko genuke urteotan lortu dugunaz. Harro egon beharko genuke zinemara bakarrik joan gaitezkeelako edota, are gehiago, lantzean behin lagun desberdin batekin joan gaitezkeelako. Eskertuta egon beharko lukete pentsiodunek hilero kontu korrontean dirua jasotzeagatik eta garraio publikoan merkeago ibiltzeko aukera dutelako. Zorioneko sentitu beharko luke lana duen beharginak, eta eskertuta egon beharko luke lanaldi osoko kontratua sinatu duenak. Balioa eman beharko liokete daukatenari, hilabetean igande bat libratzen duen ostalariak eta abuztuan oporrak hartu dituen iturginak. Eskubideak pribilegioen prezioan saldu dizkigute.

Eskubidea pribilegiotzat saltzen digunak eskubide guztiak ditu, bereak eta bereak ez direnak. 950 euroko soldata batekin ondo bizi daitekeela dioenak, gutxienez, bere hileko soldatatik, ahalegin handirik egin gabe, 950 euro aurrezten ditu. 700 euroko pentsioa duenari fin eginez gero denera iristeko aukera izango duela esaten dionak, pentsio sistema pribaturen batean, 700 euro hilabetero aisialdiko kontuetan gastatzeko adina diru dauka.

Gure etxeko nagusien zaintzan aritzen direnen garrantziaz aho betean ari den askok gutxietsi egiten dute beraien lana. Bulegoko garbitzailearen izena ere ez dakienari berdin zaio zer den garbiketa lanak hezurretako minez egitea. 67 urterekin lanean ari den dendaria heroitzat duen asko erretiratuta zegoen 60 urte bete zituenerako. Ikerketa beka negargarri bat duen gazteak egindako lana txalotzen duen askok uste du norabait iritsi nahi duenak sufritu egin behar duela.

Oinarrizko eskubideak aldarrikatzen ditugunean, esaten digute aldaketak etorriko direla. Egoteko lasai, gutxieneko soldata igo dutela eta igoko dutela. Gehienetan emakumeenak diren ordainpeko eta ordaingabeko lanen aitorpena egiten dutela, eta sosega gaitezela, ezin dela dena egun batetik bestera aldatu, asko hobetu dela dagoeneko. Erretiratuek ez dutela ulertzen ez dagoela denerako dirurik, eta, hala ere, apur bat igoko dizkietela pentsioak.

Gu munduratu aurretik egindako borroka eta aldarrikapenei esker eskuratu ditugu hainbeste eskubide. Emandakoak baino eskatutako eskubideen jabe gara, eta hori gogoan izatea garrantzitsua dela uste dut. Gauzak berez aldatzen direla eta aldaketak denborarekin etorriko direla esaten duenari galdetuko nioke ea nola aldatzen den ezer aldaketarik eragin gabe.

Ezer eskatu ez, eta prekaritatea bizilegetzat onartzen duena goratzen duen sistema batean bizi garela esango nuke. Sinetsarazten digute bizitzako joko-arauak bere horretan onartu behar ditugula, ematen digutenarekin bizirautea dela bizitzea eta duintasunez bizitzea gutxi batzuen eskubidea dela. Adi ibili behar dugu, zapalkuntzak ikusi eta ikusarazi, neurririk txikienetik handienera, zuzenean eragiten digunetik gure herritarrei eragiten dienera. Kolektiboki egin behar dugu indarra. Atera ginen kalera urtarrilaren 30ean eta jendarte hobe baten alde lanean jarraitzea dagokigu orain. Ez baikara pribilegioez ari, bizitza duinaz ari gara.

Duintasuna pribilegio

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.