Bediaga komandantea eta Sabigaineko gatazka
Bediaga komandantea –
Herri baten historia-liburuetan badira orri alaiak eta orri tristeak, garaipena islatzen dutenak eta porrotaren berri ematen digutenak, orri ederrak eta ezkutuan edukitzeko modukoak. Eta horixe bera da Euskal Herriaren historian gertatzen dena. Dena den, momenturik txarrenak, larrienak, izaten dira herriaren oroimen kolektiboan hobekien grabaturik gelditzen direnak, eta aunitzetan gertakizun gogor eta lazgarri horien inguruan mistika bat sortarazten dutenak. Ezin dugu gure gogotik aldendu karlistaden inguruan idatzitakoa, edota gaurko matxinadaz idazten ari dena, edo 36ko gerraren inguruan gure herrikideek hitzez eta idatziz helerazi digutena. Garai hartan etsaia gero eta hurbilago genuen, gero eta ankerrago. Euskadi gorroto zuen, eta berarekin batera gure ikur eta nortasun alor guztiak: euskara, ikurrina,…
Euskadi, edota garai hartan esan eta idazten zuten bezala Euzkadi, egituratzen ari zen. Itxaropenak piztu-piztuak zeuden. Abertzaletasuna gora. Erakunde sortu berriak genituen: jaurlaritza, lehendakaria, ikurrina, gudarostea, ertzaintza… Euskal egituratze berriaren osagaiak hor zeuden, eta etsai gaiztoa gure ateetan, edozein momentutan sartzeko prest. Ez da harritzekoa, bada, une latz haietan sortutako mistika abertzalea eta galtzaileen gogoan utzitako oroitzapen ezabaezina. Euzkadik bizi nahi zuen eta horretarako gerra-zelaietan irabazi beharra zeukan. Gerrak bi aldeak ekarri zituen: gurea eta etsaiena, bi aldeen banderak: ikurrin zuri-gorri-orlegia eta gorri-horia, gudariak eta milizianoak alde batetik eta falangistak eta erreketeak bestaldetik, sufrimendua, odola eta heriotza, gorrotoa eta irabazteko grina. Beraz, bazen mistika abertzalea sortzeko beharrezkoa zen guztia. Herriak ahoz aho, esamesek eta kontakizunek, bertsoek eta kantuek, artikuluek eta liburuek egin zuten falta zena, hau da, denon bihotzetan zegoena beste arlo batera eramaten, mistikaren arlora, mistifikazioaren arlora, gerra galdu zuen herri oso baten oroitzapen kolektibora, hain zuzen ere.
Mistika honetan murgilduz gero, gauza anitz, pasarte asko daude oroitzeko, baina bada bat biziki berezia dena, bertan euskal ikurrinaren eta espainiar banderaren arteko lehia gogorarazten baitzaigu. Iñaki Egaña historialari donostiarrak “Ikurriña, 100 años” izeneko liburuan, 84. orrialdean honela kontatzen digu pasarte hau:
“…Gernikako bonbardaketa izan aurretik, zenbait gatazka odoltsu izan ziren. Gerra guztietan gertatzen den bezala, gatazka hauetan mitoa eta errealitatea nahastu ziren. Gatazka horietako bat izan zen gure gudariek Sabigain mendia berreskuratzeko gauzatutakoa. Mila metro inguruko menditzar honek Otxandioko ibarra babesten du. 1937ko apirilaren 14an, borrokako bi egun ondoren, Felipe Bediaga komandanteak Sabigaingo gailurra hartu zuen, eta esku kolpe batez bandera espainola kendu eta ikurrina ezarri zuen haren ordez. Hau egiten ari zela, tiro bat eman zioten eta ikurrinaren itzalpean erori zen zerraldo. Hurrengo goizean, frankistek, ehizako hegazkinen laguntzaz, mendiko gailurra berreskuratu zuten. Hamar egun beranduago, Gudari aldizkariak Juan Briones Ortun-ek Bediaga komandantearen omenez egindako erdarazko olerki ederra kaleratu zuen”
Eta hauxe da, nik oroitzapen kolektibo honen isla gisa, eta gure gudari guztien aldeko oroigarri bezala, orain euskaraturik eskainiko dizuedan olerki edo kantua. Jatorrizkoa ikusi nahi izanez gero, jo ezazue Gudari aldizkariaren bosgarren zenbakira.
“ARANA-GOIRI” BATAILOIKO HEROIAK. SABIGAINeko GAILURRAREN HARTZEA” 1937ko apirilaren 14a:
Sabigainen gora, /gudari adoretsuak aurrera doaz. / Ez daramate inolako babesik, / eta gailurretik / inbasoreek bidaltzen dizkieten balak / desafiatuz, / aurrera darraite. / Gora, gora euskaldunak! / Gora arraza indartsuko mutilak! /Gora sekula inbasoreak menperatu / ezin izan duen lur honek / emandako seme leialak! / Gora gure aberriagatik! / —Modu honetan berotzen ditu /Bediaga komandanteak bere gudariak— / Bera aurrera doa, mendian gora igoz, / atsedenik gabe, / ezerk ezin baitu Bediaga geldiarazi.
Hotzak, haizeak, euriak / gudari gazteak kolpatzen dituzte, / baina bihotza tente eramanez, / lur azalean barrena arrastaka, / lau hanketan, / etsaiaren metraila engainatuz, / aurrera darraite. // Gailurrera ari dira iristen, / Buruz buru ari dira borrokan, / gizonez gizon, baionetaz, tiroz,… / ahal den moduan. / Eskuko lehergailuak ari zaizkie jaurtitzen. /
Aurrera euskaldunak! / Aurrera gure aberriagatik! / Aberriaren askatasunak aurrera segitzea / eskatzen digu! / Aberriaren ohore garbiak / honela agintzen digu! // Etsaiak Bizkaiko bihotzeraino / nahi du iritsi. / Aurrera aberkideak, / garaipena gurea da eta! / —oihukatzen du, behin eta berriro, /Bediaga komandanteak— / Eta lehoi baten gisa, / arraza handi baten sorterria den / euskal lur santua / profanatzen ari diren arerioen kontra /eraso egiten du.
Etsaiek, izuturik, / igarotzeko bidea uzten diote, / bera korrika eta lasterka, / denborarik galdu gabe, / gailurrera igotzen da, / eta han zutik eta harro dagoen / espainiar bandera lurrera jaurtiz, / eta bere tokian ikurrin zuri-berde-gorria / airoski ezarriz, / Gora Euskadi askatua”/oihu egin du. // Gudariak, / euren komandantearen adoreak piztuta, / aurrera doaz, / etsaiak mendian behera, / bala eta laino artean, / bidaliz.
Baina komandantea hilik dago, / eta bere gorpua berak ezarritako /ikurrinaren gerizpean datza. / Gorpua etzanda dago, / ikurrina, berriz, zut-zutik. / Euskal ikurrin garbia / haizager dago, / zuri-berde-gorri, / Euskal Herri osoa agurtuz, / euskal mendi gorenak estaliz.
Euskadi! / Faxismoak ez dezala zurekin / inoiz buka! / Euskal ikurrin santua / segi haizager! / gure lurren gainean kulunkatuz, / aberriaren askatasuna gainezka dadin / gurutzearen eta ezpataren gainetik!