[Venezuela 4] Bachaqueo-a

Venezuela –

[Venezuela 4]

Bachaqueo-a: ustelkeria sistemikoaren adierazpena eskasia garaietan

Ustelkeriak eta batzuen pribilejioak mantentzeak jendarte venezolarra ahultzen dute barrutik eta sektore iraultzaileen etsipena areagotzen dute. Venezuelan ustelkera endemikoa da. Hedabideetan erakusten diguten kaleko inseguritatea bezala (benetakoa dena), ustelkeria ez zen Chavezekin heldu. Are gehiago, komandantearekin ustelkeria jaitsi zen asko gobernu mailan, nahiz eta guztiz ez desagertu. Kontu honetan ere, astuna zen IV Errepublikaren herentzia, Estatu aparatu erraldoiaren bazter guztietan, baita harreman sozialetan ere, hedatuta zegoena.

Venezuela

Egoera okertzen denean, benetako beharra dagoenean, pikarokeria naturaltasun gehiagorekin azaleratzen da, gehiengoaren onespenarekin edo, behintzat, gaitsezpenik gabe. Alemaniar ideologiaidazkian, Marx-ek eta Engels-ek adierazi zuten sozialismoak ekoizpen-indarraren garapen handia behar duela, garapen hori gabe gabezia orokortuko zelako eta, pobreziarekin, ezinbestekoagatiko borroka hasiko zen berriz, aurreko zikinkeriara bueltatuz.

Besteak beste, petrolioaren prezioaren jaitsierak, estrategia ekonomiko argi baten faltak, barne akatsak eta, bereziki, inperialismoaren gerra hibridoak ekonomia venezolarra egoera larri batera eraman dute, venezolar gehienen eguneroko bizitza kolpatzen duena. Testuinguru horretan, praktika batzuk areagotu dira. Hala ere, ezberdindu behar da oinarrizko produktuak lortzeko pertsona askok, haien ideologiatik haratago, praktika irregular batzuk erabiltzea (resolver) eta negozioa egiteko besteen beharrez aprobetxatzea. Eta azken mota honetan kokatu behar da bachaqueo-a, populaziora bideratutako produktuak bereganatzea, bidean atzematea, hartzaile berari edo kanpoko populazio bati askoz prezio handiagotan saltzeko. Bachaqueo-a ez da berria baina azken urteetako krisi ekonomikoarekin hazi da asko eta benetako minbizi bilakatu da.

Bachaqueo-a, auzokideei produktuak lapurtzeaz gain, Estatuari lapurreta da ere. Izan ere, sektore guztiek eskuratu ahal izateko Estatuak diruz lagundutako produktu horiek askoz garestiago saltzen dituzte bachaquero-ek, etekin handi bat lortuz Estatuaren kontura eta populazioa horniduraz gabetzearen kontura.

Bachaqueo-ren adibide argienak CLAP-en (Comités Locales de Abastecimiento y Producción) kutxak dira, non auzoetaraino heltzen den banaketa-katearen puntu ilunetan produktuak desagertzen diren. Produktu horiek ager daitezke gero kaleetako postuetan salmenta librean edo Kolonbiako herrietan (beti askoz prezio handiagotan). Disfuntzio hau latza da, sabela begiraz gain, populazio orokorraren eta, bereziki, prozesu eraldatzailearekin lerrokatuta daudenen adorean. Gogorra egiten da ikustea 23 de enero auzora CLAPen bidez esne-hautsa ez dela heltzen eta, handik kale gutxietara, Catia auzoan, CLAP-eko esne-hautsa kalean prezio librean saltzen dela. CLAPeko produktuez gain, dendetan saltzen diren elikagaien eta beste oinarrizko produktuen (higieneari lotutakoak adibidez) prezioak oso altuak dira. Batzuek badakite nola probestu eskaintza-eskarien legeaz, herriaren pairamenaren kontura bada ere.

Herriaren oinarrizko beharretan oinarrituta, farmakoak ezin ziren libratu praktika honetaz. Izan ere, bachaqueo-aren beste lehentasunezko jomuga dira. Kasu honetan, gainera, farmaziek ere erantzukizun handia izan dute, askok produktuekin espekulatu baitute, urritasuna egon ala ez egon. Farmako eta beste produktu batzuk farmaziako biltegietan gorde eta apaletara gutxika atera, urritasuna irudikatuz eta prezioak igoz, praktika ohikoa izan da. Eta apal huts horien irudiez gainezkatu gaituzte hedabide masiboetatik Venezuelan zein gaizki dauden azaltzeko…

Baina, janari eta sendagaiz gain, praktika maltzur honetan diru gehien mugitzen duen produktua erregaia da. Gasolina Venezuelan ia dohainik da baina Kolonbian dolar batean edo gehiagotan saltzen da litroa, negozio biribila bihurtuz. Muga zeharkatzeko bideak anitzak dira, mendian zeharreko bideak (trochas), errepide asfaltatu arruntak (gaur egun batzuk itxita eta gainontzekoak askoz kontrolatuago) baita kostaldeko itsasbideak ere, motordun txalupen bidez. Mafia-egiturak aberasteaz gain, badaude familia asko kontrabando praktika hauetaz bizi direnak. Batzuek “kontrabando langileak” terminoa erabiltzen dute, praktika hori normaltzat hartuz.

Gobernuak eta Estatuaren egiturak ezagutzen dituzte ondo bachaqueopraktikak, baina arazoari aurre egitea ez da batere erraza. Gobernuak inspektoreak dauzka elikagaien edota farmakoen prezioak aztertzeko saltokietara doazenak, edo garraio publikoan bidaiariei biletea zenbat kostatu zaien galdetzeko igotzen direnak. Honek espekulazioa oztopatu du, baina ez du inolaz ere arazoa konpondu. Erregaien kasuan, Kolonbiatik gertu dauden zonaldeetan, eros daitekeen bolumena mugatua dago auto bakoitzerako, kotxea muga zeharkatu, tanga ustu eta betetzera bueltatzea ekiditeko. Neurri honen irudi grafikoena Barinas eta Apure estatuetako gasolindegietako kotxe ilarak dira.

Prezioak eta kontsumo-ondasunen kantitateak kontrolatzea baino zailagoa da bachaqueokatean eroskeriak jasotzen dituztenak kontrolatzen saiatzea. Izan ere, hainbat poliziak eta militarrek (eta ez bakarrik errepideko kontrol ugarietan daudenek) onartzen dute dirua salgaia pasatzen uzteagatik. Kasu batzuetan, trafiko-talde kriminal antolatuak tartean daudenean, diru eskaintza hutsetik mehatxu zuzenetara hel daiteke, agentearen kontra edo bere senitartekoen kontra. Diru eskaintzak lortzen ez duena heriotz-mehatxuak lor dezake. Herri sektoreetatik, praktika hauek prozesua nabari ahultzen dutela kontziente izanda, praktika mafioso hauekin guztiekin bukatzeko jarrera irmoa izatea eskatzen zaio gobernuari. Ez da erraza, hala ere, Venezuelako herria eta ekonomia kolpatzen dituen izurri honekin bukatzea. Ez da erraza jakitea ere zein puntutaraino Gobernua bera ezindua dagoen Estatuaren egitura polizial eta militarretan piezak mugitzeko.

Edozein kasutan, eta beste Estatuekiko mugetatik urrun, Caracasen bertan adibidez, ez litzateke hain zaila izan behar kontrolatzea zer ateratzen den,  katearen puntu bakoitzetik zer pasatzen den eta auzo, kale eta familia bakoitzera zer heltzen den. Teorian behintzat, zeren eta praktikan, ustelkeria kulturarekin batera, kaosaren kultura nahiko erratua dago Venezuelan (Latinoamerikan venezolarrena soilik ez bada ere). Venezolarrek bideratzen dakiten kaos zertxobait surrealista, hain zuzen ere.

Praktika hauek guztiak era hain irekian irauteak urritasun-arazoak areagotzen dituzte, baina agian efektu kaltegarriena prozesuaren eta gobernuaren beraren sinesgarritasunean dago. Izan ere, chavista asko ari dira prozesua defendatzen, lan egiten, eskasiari eusten eta, aldi berean, ikusten ari dira nola beste batzuk aberasten diren halako praktikekin eta inpunitate osoz. Diskurtso iraultzaileen artean, chavismoaren izenean eraso inperialistari aurre egiteko eta ez errenditzeko mezuak entzuten direnean, gobernutik kontrol eta zigor-neurri eraginkorragoak ez hartzeak higadura sozial handia ekartzen dio prozesuari. Kide iraultzaile batek esaten zuenez, “gure akatsen gainean zamalkatzen ari dira”, kapitalistek eta inperioak barne ahulezi eta akats hauetaz aprobetxatzen ari direla irudikatuz. Batzuek negozioa egiteaz gain, bachaqueo-ak beste funtzio horiek dauzka: herriaren sufrimendua eta desmoralizazioa areagotu, eta prozesuarekiko atxikimendua ahuldu.

 

[Venezuela]

     0. “Ze gaizki dauden gauzak Venezuelan”. Utzidazu labur-labur azaltzen

  1. Blokeo ekonomikoa: sortu nahi baina lortu ez duten hondamendi humanitarioa
  2. Blokeo ekonomikoa: zertan islatzen da eguneroko bizitzan?
  3. Elikagai ekoizpenaren erronka, gainditu beharreko proba
  4. Bachaqueo-a: ustelkeria sistemikoaren adierazpena eskasia garaietan
  5. Venezolarren migrazioa: bere testuinguruan jarri beharreko errealitate gordina
  6. Hala eta guztiz ere, Chávezen herria badoa
  7. Komunak, garatze oztopatua testuinguru zailean
  8. Komunak, ekidin ezinezko kontraesanak areagotzen
Venezuela
Venezuela

Internazionalista. EHUko irakaslea