Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian (I)
Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian (I) –
Euskal historiarekin kritiko da Azurmendi, eta Espainiaren historiarekin ere bai. Lehenik, labur-zurrean atzokoari begira arituko gara, eta ondotik egun-biharkora etorriko gara.
Zergatik ez genuen euskaldunok Errenazimenturik izan? Hegoaldeari dagokionez, eliteak Espainiako errege eta gorteari begira jarri zirelako. Italian, Dante eta Petrarca-eta hasi ziren lehenik, orduan Europako hizkuntza landu nagusia zen latina (grekoa eta hebreera ere prestigiodunak) utzi, eta Toskanako hizkuntza arruntean idazten, eta Erroma inperioa zen garaiko literaturan oinarritzen, gainbehera etorriak gorabidean jarri beharrez; laster, antzeko xedez, gainerako herriak, idatziz landu gabeak ziren hizkuntza orduan arruntak erabiltzen, erabiliaren erabiliaz, eta landuaren landuaz, greko eta latinaren bikaintasunera iritsiko zirelakoan. Eta euskaldunak? Iparraldeko Etxepare, Leizarraga eta Sarako eskolakoak-eta, Oihenart-eta alde batera, kultur basamortu!
Hegoaldeko euskararen apologisten, elite euskaldunen ordezkari paradigmatikotzat har dezagun Esteban Garibai arrasatearra -izen bereko fundazioaren berri ere izan dugu berriki, Urquijorekin eta!-. Estutasun ekonomikoetan zela, Espainiako Filipe II.a errege eta enperadoreak liburuzain izendatu zuen, eta kronikari, eta Garibaik esker onez, eta estasiaturik audientzia pribatuan hartu zuela-eta, honako trisagioa eskaini zion: “Dios le guarde. Dios le guarde. Dios le guarde muchos años. Amen”. Fausto Arozenak honela azaltzen zuen Garibairen erregezaletasuna: “monarquismo ferviente, mayor quizá que el que constituía la tónica de su tiempo”. Caro Barojarentzat berriz, erregezaletasuna eta inperiozaletasuna eta foruzaletasuna ez zeuden derrigor elkarri muturka; aitzitik, batera gerta zitezkeen, Garibairen baitan bezala: “Que en el siglo XVI se pudiera ser imperialista y monárquico de un lado y partidario de las libertades forales de otro, es algo que hay que admitir, nos guste o no” (Espainolak eta euskaldunak. 1. edizioa. 474or.).
Errege eta enperadore Filipe II.aren morroi-morroi lehenik, Espainiaren eta Gaztelaren miresle bigarrenik, eta azken-azkenean, euskaldun foruzale. Eta gaztelaniaren lantzaile, eta euskarazko errefrau-biltzaile -haren izena daraman fundazioko kideek baino gehiago egin zuen euskararen alde, gutxi eginagatik-.
Euskal eliteek ez zuten beren kontrolpean zituzten forupeko Batzar Orokorren bitartez eta unibertsitaterik eraiki eta finantzatu -Oñatiko Unibertsitatea salbuespen bitxi bat izan zen, Rodrigo Mercado de Zuazola oñatiarrak eraiki eta finantzatua osorik, baina batzar orokorrek eta beren gain hartu gabea-, eta badakigu arraina burutik kirasten hasten dela. Burujabetasun kulturalik gabe, politikorik ere ezin, bada!
Foruak atxiki genituen bitartean, politikoki eta kulturalki burujabe al ginen? Egia da W. Humboldt prusiar intelektual handiak 1799-1801 urteetan Euskal Herria Espainia baino oparoagoa eta batez ere ezberdina, bestelakoa ikusi zuela. Baina, jakina da, era berean, euskarari mende bateko bizia baino ez ziola iragarri, nazio kulturala desegiteko oinarriak paratuak zekuskielako. Baina berriro galderara etorrita: foruekin (kasik) independenteak al ginen? Joan Antonio Zamakola bizkaitarrak ez zuen batere erreparorik izan noiz eta 1818an, bere liburuari “Historia de las Naciones bascas” izenburua jartzeko, eta argitaratzeko. Laster, guztiz ezinezko izango zen (nazio bakarra Espainia). Zamakolak naturaltasun guztiaz aipa zezakeen: “la independencia absoluta con que siempre se habían gobernado los bizcaynos bajo la protección de los emperadores romanos y de los reyes de España” (484or.). Bai, euskaldunek beren independentziaren kontzientzia osoa zuten XIX. mendearen hasieran bertan ere, eta, halaber, espainolek euskaldunen independentziarena XVI.-XVII. mendeetan (1506an, Burgosko Gorteetan erabaki zen euskaldunek ez zutela Gaztelako Gorteetan esku hartzerik “Estados separados” zirelako. “Nación separada” deizioa oso arrunta zen euskal nazioaz mintzatzeko. Baina aurki horrek bazuen ifrentzurik. Honela dio Azurmendik: “Errealitatean izan ere, Moderniarekin, bi printzipio absoluturen konfliktoa sortzen da: Foru-Legearen subirania eta balio absolutua, batetik; bestetik, aldiz, Monarkaren aginpide, agian ez teorian, baina bai errealitatean, geroz eta gehiago absolutua; eta aurki baita teorian ere absolutua. Bi aginpide-printzipio absolutuk ez daukate elkarren buruz-buru koesistitzerik. Bietan batek atzera egin beharko du”.
Denok dakigu atzera zein printzipiok egin zuen XIX. mendean. Honek guztiak burura ekartzen dit XVI. mendetik XVIII. mende bitarteko Euskadi forala (Nafarroa Garaia barne, Iparraldea bereiz) eta egun 1978ko Konstituzioaren pean EAEn eta NFEn duguna, diferentzia historiko-kulturalak diferentzia, funtsean antzekoak direla, botere zentralarekiko mendekotasunean oinarritzen direlako.
Ikusi dugu Azurmendik errotik hautsi zuela jeltzaleen artean nagusi zen ikuskera, hots, foruek iraun zuten bitartean independenteak ginela. “Manifestu atzeratuan” (1968) poetikoki adierazi zuenez: gure kondaira pobrea da, Agiñako zero bat da (Oteizak Lesakako Agiña mendian Aita Donostiari, gorazarrez eskainitako estela).
…
Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian (eta II)
Zuzenbidean nik baino gehiago dakien adiskide batek ohar hauek egin dizkit eta eskertzen dizkiot:
1. Gauza bat da errealitate “politikoa”: egia da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Batzar Orokorrek gutxitan esan ziotela ezetz erregeri, eta Gaztelako eliteekin harreman estua zuten herriko semeek kontrolatu zituztela ganbara hauek mende luzetan, baina inondik inora ez da konparagarria foruen baitako burujabetasuna, eta gaur egun estatutarekin dugun “autogobernua”.
2. “Nazioarteko zuzenbide publikoaren ikuspuntutik Gipuzkoa, burujabea zen 1839 arte, batasun konstituzionala inposatu zuten arte, gerra odoltsu bat galdu ostean.”.