Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian (eta II)

Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian (eta II) –

Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian (I)

Gatozen Espainiako historiari egindako kritikara.

Nolako iraultza burgesa izan zen Espainiako Independentzia gerra deiturikoa? Iraultza bat iraganaren alde, dio Azurmendik. Frantses tropek Espainia osorik hartu zutenean, Fernando VII.ak abdikatu zuen Baionan, eta ilustratu espainol puntakoenak antiabsolutistak ziren (despota ilustratuaren aldeko, baina) eta frantsestuak zeuden, eta Jose Bonaparteren kolaborazionistak izan ziren. Frantzian Luis XVI.ari eta Maria Antonietari lepoa moztu zieten; Espainian? Frantsesen inbasiopean, frantsesen aurka definitu beharra izan zuen iraultzak, eta frantsesa izateak berekin zekarren guztiaren aurka. Iraultza eskuindarra, funtsean, Francorena gertatu zen bezala, aldeak alde.

Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahianÁlvarez Junco historiako katedradunak (Madrileko Unibertsitate Konplutensean) honela dio: “Resulta díficil negar el predominio de llamamientos en defensa de la religión heredada frente a los revolucionarios ateos, especialmente por parte del bajo clero, a quien los franceses y sus colaboradores denunciaron desde el primer momento como principal agente inductor de la insurrección” (Espainiaren arimaz. 51-52orr.).

Azurmendirentzat, “Independentziako gerra” deritzana, mitologia nazional espainolaren asmazio bat izan da: “aitortu beharrekoa ematen du: hasteko, inbasorerik ez zegoela; gero, herriaren altxamendu espontaneoa, elizak eta nobleziak xaxatu eta antolatua izan dela; eta, amaitzeko, gerra krudel hori, independentzia gerrarik edo baino, gurutzada erlijioso bat izan dela, Errege Katoliko eta Filipe II.aren tradizio espainolik hoberenean, zer eta “impíos, incrédulos, deístas, ateístas, herejes, apóstatas de la Francia y de la Europa toda”, hots, pentsamendu ilustratu-jakobino modernoaren inbasioaren aurka”. Horixe dago, bada, estatu-nazio espainolaren eraikuntzaren hasmentan. Eta haren bilakaeran?

Zer eragin izan du estatu-nazio espainolaren eraikuntzak galego, katalan eta euskal nazioentzat?

Esperimentu txarra izan dela dio, katalan, galego eta euskaldunentzat liberalen asmakizuna den Estatu-Nazioaren kontzeptua XIX. mendetik hona; izan ere, Antzinako Erregimeneko gorputz politikoa, monarkaren buruan bateratzen zena birpentsatzean, Gorputz Mistikoa hartu zuten erreferentziatzat Estatu-Nazioa Eliza Nazional bihurraraziz, dogma eta inkisizio guztiekin. Nazio espainol berriari, komeni bezalako historia asmatu zitzaion, hura dohain ederrez jantzirik, batez ere aurrerapen eta progresoarekin lotuaz, eta gainerako herrienak mespretxatuz. Orain, nahitaez, espainola izan beharra dago, eta Espainiaren esentzia ez da inoiz katalana, galegoa edo euskalduna, baizik eta gaztelaua.

Estatuko denok kultura eta memoria historiko bakarra: Konstituzio bat, hizkuntza bat (beste hizkuntzak toleratu egiten dira, baina bakarra inposatzen, lehenesten, pribilegiatzen, beste guztiak ahulduz eta galbideratuz).

Eta Espainiaren ezina, intelektualena bezala letragabeena, Espainia benetan federala onartzeko. Zer izan da Estatu moderno espainolaren sorkuntza Azurmendirentzat?: “Gurutzada basati bat, berdin erlijioso -erlijio laikoz orain-, berdin krudel eta suntsikor, berdin dogmatikoa. Eta XI., eta XII. mendeko gurutzadak gustuko ez baditugu, zergatik gustatu behar zaizkigu gurutzada liberalak?”

Etorkizunari begira zer?

Iruñean, 2015ean egin zuen hitzaldian esandakoa jasotzen duen Hizkuntza, Nazioa, Estatua liburuan (2017), esan digu independentismoa beste itxaropenik geratzen ez deneko azken esperantza dela, azkeneko soluzioa. Espainia eta Frantzia hain zentralista eta jakobino izango ez balira, beste planteamendu batzuk posible izan zitezkeen, benetako federalismo edo konfederalismoaren ildotik.

Frantzia eta Espainiaren artean komunitate txiki diferentziatu batek bizirik irauteko separatismoa da salbabidea, Azurmendiren ustez. Bestela, estaturik gabeko beste nazio guztien bidetik joango da gurea ere andeatzen, desegiten eta desagertzen.

Jakina. separatismoa ez da harremanik ez izatea, burujabetasuna baizik: “Ez-dependentzia Parisek eta Madrilek gure zeregin guztietan esku hartu behar horretatik. Ez-dependentzia Espainiako justizia zikin politikotik, Torturaren Barne Ministeriotik. Ez-dependentzia gure lana, ekonomia, hezkuntza eta osasunbidea erabakitzeko. Hoberena guretzat zer den geuk erabakitzea. Erantzukizuna geurea izatea. Ez-dependentzia, azken buruan” (116or.).

Ikusi berri dugu estatus politiko edo estatutu politiko berriari buruz zer adostu duten %80an, EAJ-PSE-Podemos gehiengo berriak, EAJ-EHBildu gehiengoak adostutako oinarri konfederalak bazterturik EAJk. Azurmendiren hitzek argitasun bikoitza hartzen dute. Egungo statu quo-ren bermatzaileak nola izango dira gauza hura hautsi eta beste bat, Euskal Herriarentzat demokratiko(ago)a izango litzatekeena abian jartzeko?

Azurmendiri eskertu behar diogu historia eta politika eta beste gauza asko geure euskaldun begiz ikusteko egindako lana eta baliatzen saiatu.

Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian (eta II)

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

2 pentsamendu “Joxe Azurmendiren obrari etekina atera nahian (eta II)”-ri buruz

  • Peru_Gabiriko 2019-12-18 12:31

    Mila esker Patxi, artikulu hau hona ekartzeagatik.

    Honen aurreko atala oraindik gogoan iraulka nenkarrela eman baitiozu segida. Oso ongi dago gauza hemen plazaratzea. Espero dut gai hauek irakurleen artean eztabaida edo hausnarketa bizia piztea !

  • Eskerrak zuri, Peru Gabiriko, eta ea zuk diozun bezala gertatzen den.