Malinchea

Malinchea –

Garbiñe Ubeda idazleak, Euskadi Irratiko Faktorian.

.

Nire nerabezaroko lehen maitale aitortua ezkertiarra zen, eta abertzalea, eta teorian euskaltzalea, beti gaztelaniaz ari zen arren. Eta oso gogoko nuen beste ikaskide ezkertiar, abertzale, euskaltzale eta antiklasista baten antzean, “¡qué kaxera!” esaten zidan sarri, “¡qué kaxera, solo te falta la marmita!”.

MalincheaNire inozentean koipea ematen ari zitzaidala iruditzen zitzaidan, ni are limurtzeko hitzak zirela, Ibarrako baratzeen artean bizi izan nintzen garaiko lagun-minekin parekatzen ninduelako; kuriosoki baserritarrak, salbuespenik gabe, miresten nituenak. Bai, hura harrotasuna nirea “¡qué kaxera!” esaten zidan bakoitzean. Atseginaren atseginez gorritu egiten zitzaizkidan masailak, zirrara sexual batek astintzen zidan gorputza.

Aurreko astean, Durangoko Azokan nintzela, antzeko zerbait adierazi zidan ezagun batek. Espresuki etorri zitzaidan kopeta ilunduta, Radio Euskadiko Pompas de Papel saioan egin zidaten elkarrizketa entzun zuela, eta literalki gazteleraz “de puta pena” aritu nintzela esatera. Hantxe, aurkezpen publiko bat bukatu berri. Gaineratu zidan euskaldunak ondo agertu behar duela beti, bai ala bai, eta… jode!, minimo minimoa dela gazteleraz edo frantsesez ongi egitea. Baina hura ez zen nire nerabezaroko maitalea, eta are gutxiago nire gogokoa. Eta maitasun bulkadarik ez zegoenez, eta geroztik joan diren ia 40 urtean zaunka egiten ere ikasi behar izan dudanez, utikan bidali nuen, begi-bistakoena esatea ahantzita. Euskañola eta mordoilokeria ere balekotzat, kasik estilistikotzat jo dugun honetan, euskaldunaren minimoa, eta zer esanik ez idazlearena, ez dela erdaraz eroso eta markarik gabe mintzatzea, euskaraz ongi egitea baizik.

Kuriosoak gara euskaldunak, kuriosoa da arlotearen langa non daukagun jarrita: ahobizi izan beharra daukagu, eta belarriprest, eta bihozbera, eta eskuzabal, eta haginka egiten digutenean gainera samur, baina inoiz ez konplexurik gabeak, inoiz ez natural. Geu gara gure Malintxeren madarikazioa.

Malinchea Malinchea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Malinchea”-ri buruz

  • Latza!
    “Euskaltzale” mota ezberdinen arteko bi, zorrotz aurkeztu ditu Garbiñek.
    Bata, euskaltzale platonikoa:
    “… ezkertiarra zen, eta abertzalea, eta teorian euskaltzalea, beti gaztelaniaz ari zen arren”
    Bestea, “euskaltzale2 erdararen azpikoa:
    “…euskaldunak ondo agertu behar duela beti, bai ala bai, eta… jode!, minimo minimoa dela gazteleraz edo frantsesez ongi egitea”
    (Badira, euskaldun “onak” euskaraz gain, inguruotako erdara bat barik biak, española eta frantsesa, menperatu behar duela esaten dutenak ere).
    Eta bukaerakoa, biribila:
    “kuriosoa da arlotearen langa non daukagun jarrita: ahobizi izan beharra daukagu, eta belarriprest, eta bihozbera, eta eskuzabal, eta aginka egiten digutenean gainera samur, baina inoiz ez konplexurik gabeak, inoiz ez natural”. Malintxe gehiegi gure artean, zalantzarik gabe.