[Zine kritika] La vérité
Zuzendaria: Hirokazu Koreeda
Herrialdea: Frantzia-Japonia Urtea: 2019
Saila: Perlak
Fabiannek memoria-liburua argitaratu berri du, eta huraxe irakurtzeko gogoz itzuliko da etxera, Parisera, gidoilari gisara New Yorken lan egiten duen Lumir alaba, Hank senarra eta Charlotte alaba txikia lagun dituela. Frantziako zinemaren industriako izar handia da Fabianne, eta ahoan bilorik gabe hitz egiten du etxean dituen gizonekin (bikotekide berria, senar ohia, agentea…), baina baita kazetari eta lankideekin ere. Lumirrek zirriborroa bidaltzeko eskatu bazion ere, amaren etxera iritsitakoan irakurriko du aurrenekoz haren obra, eta suminduta, iraganeko jokamoldeak eta elkarren arteko harremanaren hutsuneak leporatuko dizkio. Pixkanaka, baina, Fabiannen ezkutuko egia ezagutuko du, hurkoa ulertzeko horren lagungarri izan ohi zaigun egia.
Koreedaren berrienak Veneziako zinema jaialdia zabaldu zuen hilabete hasieran, eta 67. Donostia Zinemaldiko Perlak sailean Donostia Hiria publikoaren saria eskuratzeko lehiatuko da. Zinemagileak Japoniatik kanpo errodatu duen lehen filma da, eta Juliette Binoche eta Catherine Deneuve bezalako antzezle liluragarriak izan ditu bere aginduetara. Aitortu beharra dut penaz hartu dudala lekualdaketa, eta bi protagonisten interpretazioak ederrak iruditu zaizkidan arren, Koreedaren istorioek zinemagilearen sorterriarekin izan ohi duten lotura estua faltan bota dudala. Bere kultura nazioartekotzen jarrai dezan nahiko nuke, garatzen dituen istorioen unibertsaltasuna ukaezina bada ere.
Horrez gain, pertsonaiak sortzeko dohain harrigarria duela esango nuke. Detailez janzten ditu filmeko pertsonaia nagusi zein bigarren mailakoak, eta hartu-eman aberats bezain konplexuak lantzen ditu. Iraganeko erabaki eta ekintzek etorkizunean sortutako arrakalak pixkanaka, istorioak aurrera egin ahala, bistaratzen ditu, eta erabat kontrajarriak diren pertsonaiekin identifikatzeko aukera eskaintzen die ikus-entzuleei.
Gidoiaren zorroztasuna eta errealizazioen erakutsitako maisutasuna azpimarratuko nituzke, baina La véritek ez dizkit japoniarraren filmografiako lan askok transmititu izan didaten zirrara eta bakea igorri. Ama-alaben arteko harremanak ez nau hunkitu. Eta metazinema ariketa interesgarria iruditu zaidan arren (adierazteko zailtasunak dituenari gidoia prestatzearen jokoa, kasu), uste dut Koreedaren lan honek Like Father, Like Son (2013) edo Kamakura Diary (Our Little Sister, 2015) bezalako filmen magia falta duela. Pelikula ederra da, baina bere sorkuntza ezaugarritzen duen giro japoniar inspiratzailera bueltan nahiko nuke zinemagilea. Eskatzea zilegi baita.
…