Jean Duvergier de Hauranne, Baionako seme jansenista

Jean Duvergier de Hauranne, Baionako seme jansenista –

Jean Duvergier dugu, zalantzarik gabe, Baionak eman duen pertsonaiarik eztabaidatsuenetako eta ospetsuenetako bat, garaiko botere politiko-erlijiosoak kartzelara eta isiltasunera kondenatu zuen arren, historian oihartzun handia utzi duena.

Jean Duvergier de Hauranne, Baionako seme jansenista1.- Jean Duvergierren  haurtzaro eta gaztaroa

Jean Duvergier de Hauranne Baionan sortu zen 1581. urtean, goi mailako burgesiako euskal familia batean. Aita Jean Duvergier zuen, Baionako herriko etxean lehen axuanta eta diruzaina izan zena,  eta ama Ines Etxeberri. Jean Duvergier aita, bi aldiz ezkondu zen, eta hamahiru seme-alaba izan zituen, Jean Duvergier de Hauranne bigarren emaztearen semea izan zelarik.

Duvergier familiak politikagintzarako zaletasun handia zuen eta hirian, gobernadorearen aurka izan ziren istiluetan parte hartu omen zuten. Duvergiertarrak liskarzaleak eta aski bortitzak ziren, ezpata erabiltzeko orduan trebe samarrak. Jean Duvergier aitak, politikan aritzeaz gain, haragiaren hornidura kudeatzen zuen Baiona hirian, eta kontrabandoan ere aritzen zen. Horrela, diru ainitz metatu zuen. 1596ean hil zen, 44 urterekin, eta Jean semeak 15 urte zituelarik.

Jean semeak lehen ikasketak Baionan egin zituen jesuiten eskola batean, eta hasieratik liburuekiko eta giza zientziekiko zaletasun handia erakutsi zuen. Geroago Sorbonako unibertsitatean filosofia ikasten hasi zen eta Lovainako unibertsitatean ikasketa horiek bukatu zituen. Lovainan defenditu zuen Eliza Teologiari buruzko bere tesia, garai hartan indartzen ari ziren ildo humanistetatik abiaturik. Hiri horretan ezagutu zuen Cornelius Jansen, gero teologo famatua izatera iritsi zena. 1605ean, Duvergier eta Jansen Edmond Richeren ikasle izan ziren Parisen, eta honek erakutsi zien antzinako giristinotasuna aztertzen. Ondorengo urteetan literatura augustinianoa aztertu zuten eta Eskolastikak baztertutako ideien defendatzaile sutsu bilakatu ziren bi-biak.

 

2.- Jansenismoaren bideetan barna

Irakasle izateko tituluak eskuan zituela, lehenik Parisen bizi izan zen. Geroago, 1611n,  Campipraten bizi  izan zen, Baionako Bertrand Etxauz apezpikuaren babespean. Azken honek Duvergier de Hauranne Baionako katedraleko kalonje izendatu zuen eta Jansen berriki sortutako eskola baten zuzendari. Laguna kargu horretan jartzeko, Jean Duvergierrek jesuiten aurka gogor egin behar izan zuen.

Baionan, Jansen eta Duvergierrek Hiponako Augustinus apezpikuaren teoriak aztertzen jarraitu zuten. Baionan zela, Jansen-ek bere liburu ospetsua idazteko materiala bildu zuen: Augustinus deitu zuena. 1641ean Eliza katolikoak liburu hori kondenatu zuen teoria heretikoak zabaltzeagatik. Duvergier de Haurannek eta Cornelius Jansenek uste izan zuten beti Jaungoikoak eliza katolikoa berritzeko aukeratuak zituela.

1617an, Baionako apezpikua Toursera aldatu zutenean bi lagunek Baiona utzi zuten. Jansen Lovainara joan zen eta Duvergier  Breneko Saint Cyranen abadiaren zuzendaritzara. 1620an monasterioko abade nagusi izendatu zuten. Hortik etorri zitzaion orduz geroztik bereganatu zuen ezizena, hau da, Saint Cyran, eta ezizen horrekin pasatu da historiara. Silvain Pouvreau abadian izan zen apaizgai eta Duvergierren zerbitzura egin zuen lan idazkari gisa. Pouvreauk kontatzen zuenez, Jean Duvergier biziki euskalduna zen eta bere senideekin eta baita gainerako euskaldunekin ere, beti euskaraz egiten zuen. Puvreauk euskaraz Jean Duvergierrekin ikasi zuen eta apaiztu zelarik, euskaraz horren ongi zekienez, Baionako apezpikuak Bidarten jarri zuen erretore. Urte berean bere lehen liburua plazaratu zuen. 1622an bere karguari uko egin eta Parisera itzuli zen, gorteko eliz gizonetik gertu egoteko.

Jean Duvergier de Hauranne, Baionako seme jansenista
Port Royaleko abadia

Cornelius Jansenekin adiskidetasun handia izan zuen beti eta elkarri gutun frango idatzi zioten. 1623an, Saint Cyranek harreman zuzena izan zuen Port-Royaleko abadiarekin. Urte haietan, Angelique Arnauld zen bertako abadesa eta abadia giristino zaharren pobrezian eta zuhurtzian oinarriturik, berrantolaturik zuen. 1635ean bertako mojen kontzientzia-zuzendari izendatu zuten. Biziki ongi baliatu zuen Jean Duvergierrek izendapen hori  Port Royaleko abadian jansenismoa zabaltzeko. Jesuiten aurkako mezuak areagotu zituen eta horiek mendekatu ziren Richelieu kardinalaren aurrean heresiaz salatzeko.1638ko maiatzaren 15ean atxilotu zuten eta Vincenneseko gazteluan preso izan zuten bost urtez, Mazarinok 1643an askatu zuen arte. Presondegian gaixotu zen eta eritasun horren ondorioz, hil zen zazpi hilabeteren buruan. Hirurogeita bi urte zituen.

3.- Jean Duvergierren idazlanak

Atxilotu zutenean haren esku-izkribu guztiak bildu eta zehatz-mehatz aztertu zituzten. Hauek dira gaur ezagutzen ditugun idazlan ospetsuenak:

  • Considérations sur la mort chrétienne  / Heriotza giristinoari buruzko gogoetak.
  • Considérations sur les dimanches et les festes des mysteres, et sur les festes de la Vierge et des saints. /  Igandeei eta gainerako bestei buruzko gogoetak.
  • Examen d’une apologie qui a esté faite pour servir de defense à un petit livre intitulé Le chapelet secret du Très-Sainct Sacrement Et pour refuter quelques remarques qui avoient été faites sur ledit chapelet. / “Très-Sainct Sacrement”  izeneko liburuaren defentsan egindako apologia bati buruzko azterketa.
  • Instructions chrestiennes. Giristino irakaspenak.
  • La Somme des fautes et faussetez capitales, contenues en la Somme theologique du Pere François Garasse de la Compagnie de Jesus. / Jesusen Lagundiko François Garasseren teologia idazketen kontrako idazlana.
  • Lettres chretiennes et spirituelles de messire Jean du Verger de Havranne, abbé de S. Cyran, qui n’ont point encore été imprimées jusqu’à présent. / Argitaratu gabeko gutun giristino eta izpiritualak.
  • Œuvres chrétiennes et spirituelles. / Idazlan giristino eta izpiritualak.
  • Peins Aurélius.
  • Pensées morales. / Gogoeta moralak.
  • Question royalle et sa decision. / Errege auzia eta bere deliberoa.
  • Refvtation de l’abus pretendu, & la descouuerte de la veritable ignorance & vanité du pere François Garasse. / François Garasse jesuitaren urkako idazlan gogorra.
  • Théologie familière, avec divers autres petits traitez de dévotion. / Familia-teologia eta deboziozko hainbat idazki.

Ikus dezakegun bezala, ez da nolanahikoa Jean Duvergier baionarrak bere ideia jansenisten alde egindako lana. Bizitza osoan, eta gazte-gaztetik, ideia horiek defenditzen eta zabaltzen ari izan zen. San Agustinen dotrina zen beretzat erreferentzia nagusia, eta jesuitak eta eskolastika gorroto zituen. Port Royaleko abadian aukera paregabea izan zuen jansenismoa praktikan jartzeko, eta horrela egin zuen, jesuitek, Duvergierren erasoez arras nazkaturik, heretikotzat salatu zuten arte. Maleruski, eta nik dakidala, ez dugu euskaraz inolako itzulpenik. Aipatzeko modukoa iruditzen zait, Luis Haranburu-Altunak 1987an gure mintzairaz plazaratu zuen St. Cyran izeneko antzerki-liburu eder eta iradokitzailea.

Jean Duvergier de Hauranne, Baionako seme jansenista
Brenneko Saint Cyran abadia
Jean Duvergier de Hauranne, Baionako seme jansenista
Jean Duvergier de Hauranne, Baionako seme jansenista
Jean Duvergier de Hauranne, Baionako seme jansenista

Euskaltzalea eta irakasle-ohia