Zer da barne komunikazioa ?

Barne komunikazioa aipatzen dudan gehienetan, nire lagun eta ezagunak kopetilun jartzen dira. « Zer da barne komunikazioa ? » Kasu gehienetan barne komunikazioa lanerako beharrezkoa den komunikazioarekin nahasten da. Gauza ageria da talde batean aritzeko ezinbestekoa dela lankideen artean elkarren berri izatea. Baina barne komunikazioaz ari natzaizuenean, enpresak enpresa bezala bere lankideekin daukan harremanaz ari naiz, alegia, zer irudi eskaintzen dien, zer garrantzia ematen dien, eta haien iritziak kontutan hartzen ote dituen. Aste honetan bolo-bolo ibili den Expansion.com-eko post batean zioten, galdezkatutakoen artean, %69k uste zuela haien empresako barne komunikazioa gaizki zebilela.

Alta niri oso garrantzitsua eta interesgarria iruditzen zait, kanpora begira enpresak daukan irudian eragiten duelako, baita lankideen eraginkortasunean ere. Azkenean, lankidea da enpresaren lehen bozeramailea, eta hark gaizki hitz egiten badu, irudi txarra zabalduko du kanpoan. Gisa berean, ezin da ukatu engainatuta edo baztertuta sentitzen den lankide batek bere ehuneko ehuna ez duela emanen. Gehienetan egin beharreko gutxienekoarekin geldituko da. Edo, oso profesionala izan behar du, eta nire ustez, ez dago horrelako lankiderik. Inork ezin du zalantzan jarri hobe dela motibatua eta pozik ari den lankide bat izan, ordulariari begira 8 orduak noiz bukatuko ote diren begiratzen jarduten duen bat baino.

Zurrumurruak saihestu egin behar dira, eta ezinezkoa izan bada, erraten dena aztertu . « Zergatik ? Zer egiten dugu gaizki ? Nola konponduko dut hau ? ». Baina eraginkorrena dudarik gabe, enpresak berak haren komunikazioa bere gain hartzea da, egiak erranez, une egokienean eta filtrazioak saihestuz. Nik argi daukat ezin duela dena zabaldu, eta lankideek ere hori onartu behar dute, nire ustez. Zuzendariaren esku dagoen informazio guztia ezin da edozein momentutan edozeinen esku utzi. Baina argi daukat enpresak aurreikusi behar duela zer komunikatu, zergatik, noiz eta nola, eta ez duela azken unea arte itxaron behar. Berak hitz egin behar du besteek beretzat hitz egin ez dezaten. Egoera txarra baldin bada eta kaleratzeak izango baldin badira, egoerari aurre egin behar dio aurreko galdera horiei erantzun eta gero.

Hemen maiz aipatu dudan bezala, komunikazioak bi aldeetara funtzionatu behar du, beraz, barne komunikazioan ere ezinbestekoa da entzutea, lankidearen iritzia kontutan hartzea eta pertsona baloratzea. Baina ariketa horretan ere erne ibili behar da, enpresak horrelakorik inoiz ez badu egin, edo azkenaldean erabakiak nahi dituen bezala hartu baldin baditu, bapatean lankideen iritzia jaso nahi izateak kontrako efektua izan dezakeelako, alegia, lankideek pentsa dezaketela engaino bat besterik ez dela, enpresak nahi duena egiteko azkenean. Barne komunikazioa iraunkorra izan behar du, eta arlo guztietan, eta ez batean bai, bestean ez.

Tresnak

Oso zabalduta dagoen beste uste batekin jarraituz, ez pentsa egun osoa bilduta pasatzeak enpresaren barne komunikazioa ona dela erran nahi duenik. Berriro diot bereizi egin behar direla lanerako beharrezkoa den komunikazioa eta enpresa eta lankideen artekoa. Azken hau aurrera eramateko tresna asko daude, intraneta, barne blogak, sare sozial pribatuak, foroak, inkestak, iradokizunen posta, barne astekariak eta bilerak banaka ala taldeka. Baina horren guztiaren gainetik ezinbestekoa da komunikatzeko gogoa benetakoa izatea, eta tresna hauei bizitza ematea. Alegia, ez du balio tresna guzti horiek martxan jartzeak eta horretan uzteak. Komunikazio ekimen guztietan bezala erakargarriak izan behar dute, eta pertsonalak. Anonimotasunak ez du balio, besteak beste anonimoa den pertsona batekin oso zaila delako modu eraikitzailean komunikatzea.

Aldaketarako prest

Murrizketak eta kaleratzeak egin behar badira, makinak aldatu behar badira eta teknologia berriak sartu  behar badira , lankideak errazago onartuko ditu baloratua eta entzuna sentitzen bada eta enpresarekiko konfiantza badu. Hala ez bada, aldaketa gauza txarra bezala ikusiko du, eta denbora gehiago beharko da horiek gauzatzeko. Azken finean enpresa galtzaile aterako da, barne komunikazioa zaintzen ez badu.

GAUZA AGERIA

3 pentsamendu “Zer da barne komunikazioa ?”-ri buruz

  • Kaixo, Xan
    Gaur lanera bidean ROrdorika kantuan entzun ahal izan dut irratian.
    Bere ahotsean Artzeren Gure Bazterrak entzuteak hitzetan erreparatzea suposatu dit.
    Letra eta kantua aurkeztu diet nire ikasleei saioaren hasieran, eta kontatu diet noiz eta noal hartu izan dudan erabaki hori, konturatuta bainago ez garela gure inguruko ezertaz ohartzen, edota ez garela kapaz gertakizun niminoak adierazteko.
    Udazken aparta honetan agian lanbroa itzela izaten jarraitzen du, eta ezta geure bazter miresgarriak ikusteko kapaz ez gara.

  • Addio Xan:

    Hain juxtu hire enpresak eta horri lotutako enpresek asko ditek oraindik hobetzeko barne komunikazioari eta formei dagokienez.

    Animo lanean

    • Aupa Landalan,
      Ez dakit zer enpresarekin identifikatzen nauzun, eta ez du inporta, norberak egin behar baitu bere autokritika. Nik horretan laguntzeko asmoz idazten dut. Informaziorako, autonomo bezala ari naiz komunikazioan, beraz nire enpresako barne komunikazioa eramatea nahiko erraza da, nahiz eta batzutan barne eztabaidak eduki buruan 😉

      Ongi segi eta milesker iruzkinagatik