Miren Gorrotxategik irabazi du 2019ko (H)ilbeltza beka
Miren Gorrotxategik irabazi du 2019ko (H)ilbeltza beka Vianako bihotza egitasmoarekin –
Bekaren xedea: Beka honen xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten sormen lana egiteko beka egokitu da.
Lehenbiziko edizioa sormen beka izan zen, Miel Angel Elustondok irabazi zuen eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019ko hasieran. Iazko deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren The Blunderer nobela euskaratzen ari da Josu Barambones. Urte akaberan kaleratuko da.
Baztanek aspalditik du euskal nobela beltzarekin lotura. Izan ere, Jose Antoni Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan ziren lehendabiziko euskal nobela beltzak.
Euskal Nobela Beltzaren astearen harira sortu zen beka. Beraz, esan dezakegu Baztan euskarazko nobela beltzaren erreferentziazko eskualdea dela.
.
Bekaren antolatzaileak:
Baztango Udala
(H)ilbeltza elkartea
Txalaparta argitaletxea
Aurkeztutako egitasmo kopurua: (H)ilbeltza bekara 10 lan aurkeztu dira.
Epaimahaia:
Joseba Otondo, Baztango alkatea.
Castillo Suárez, (H)ilbeltza elkarteko ordezkaria.
Garazi Arrula, Txalaparta argitaletxeko ordezkaria.
Lan irabazlea: Miren Gorrotxategiren Vianako bihotza.
Epaimahaikideek azpimarratutakoa: Literatura beltza izanagatik ere, proposamenak ohiko polizia eta detektibe istorioetatik ihes egiten du. Tramak Donejakue bidea eta upategien negozioa uztartzen ditu, eta horrek ezohiko agertoki batera garamatza. Epaimahaikideoi egitasmo arriskatua eta egingarria iruditu zaigu aldi berean, eta horixe saritu nahi izan dugu, betiere deialdi honen beka izaerak liburua idazteko ez ezik lantzeko ere aukera ematen duela aintzat harturik.
Saria: Lagin irabazleari 3.000 € emango zaizkio orain eta beste 3.000 € lana akitzerakoan.
Argitalpena: 2020ko abenduan argitaratuko du lana Txalaparta argitaletxeak.
Saridunari buruzko informazioa: Miren Gorrotxategi Azkune (Azpeitia, 1981). Itzulpengintzan lizentziatua eta Turismoan diplomatua da. Hotel zuzendaritzako master bat eta Bigarren Hezkuntzako irakasle masterra ditu. Atzerriko zenbait unibertsitatetan ere egon da, ikasle zein irakasle modura. Itzultzaile eta idazkari lanetan ibilia, azken urteotan euskara irakaslea da Bigarren Hezkuntzan. 2016an lehen liburua argitaratu zuen, 33 ezkil (Elkar).