Ekonomiaren lege gogorra

Ekonomiaren lege gogorra –

Ekonomiaren lege gogorraOhituak gara zapalkuntza politikoak gure kontzientzietan eragindako kaltea aitortzen, bainan, gutiago, dependentzia ekonomikoak ere eragiten duela dependentzia ideologikoa eta, epe laburrean, sumisio politikoa finkatzen duela gure buruetan.

Bertze zentzuan ere, zapalkuntza politikoak dependentzia ekonomikoa faboratzeko joera nabarmena du.
Hau untsa jabetua zuten Lapurdiko biltzarrekoek, 1789eko Iraultza denboran orobat defendatzen baitzuten gelditzen zaien beren autonomia fiskala eta aldarrikatzen beren euskaltasuna Baiona frantziarrekiko bateratze administratibo bortxatua.

Azpimarratzeko faktua da euskarak, kolonizazioak egindako pertsekuzioaren gatikan ere, luzaz biziraun zuela, «mirakuluz» bezala ekonomikoki nahikoa autonomoa zen baserrialdearen munduan, eta, larriki ahuldu zela azken hau desintegratu egin zen bezain laster.

Gaur, bizi dugun dependentzia ekonomikoak, hertsatzen eta baldintzatzen du gure izpirituaren funtzionamentua sumisio politikoaren onetan, eta, hain diren biak elgarri lotuak nun gure kasuan zaila den bien kalteak elkarrengandik bereiztea.

Nahiz baldintzapen ekonomikoari baino gehiago despotismo politikoari zegokion, ez nakike egon Diderot idazle frantziarraren «Essais sur les règnes de Claude et Néron» 1779eko obraren pasarte bat aipatu gabe:

«Gobernu despotikoen hertsadurak hertsitu egiten du gure izpiritua, gu ohartu gabe ere. Mekanikoki, pentsakera fuerte mota bat ekiditen dugu zaurtuko gintuzkeen oztopo batetik urruntzen garen bezala. Ibilera otzan eta uzkur horretan ohituak gaudelarik, nekez itzultzen gara portaera ausarta eta zuzen batera».

Iparraldeko euskaldunek, hainbat kolonizazio menderen buruan, gure Lapurdiko biltzarreko arbasoekin alderatuta, kontzientzia politikoan nabarmen atzera egin dugu. Izan ere, asimilazioaren azken fasean garela ere, betiereko egia hau, alegia ekononomiak gure baitan eragindako baldintzapena, ez dugu gehiago ikusten edo hobeki erraiteko ez dugu aitortu nahi.

Horrengatik, orai, politika arloan, sozial arloan, debrua ikusiko dugu, Diderot idazleak aipatzen zuen «portaera ausart eta zuzen bat» hartzera.

Bainan, kontuz, Hegoaldean ere, dependentzia ekonomikoaren arriskua badago, bere ondorio politiko txar guziekin. Izan ere, azken datu sozio ekonomikoei erreparatzen badiegu. Zer ikusten da ? Herriko enpresak talde arrotzei hainbat saltze, enpresa berri sortze gero ta urriago, ume bakan, jubilatu asko, gazteen heziketa teknikorako interes falta, kontsumo modu bat frenetiko…

Alde honetarik ikusita emaiten du, zuek ere, guk bezala, lasai eta eroso bizitzen ari zaretela zuen aurrekoen esfortzu iraganei esker, eta, gainera, azen ontzeko, zuen ondokoen etorkizuna hipotekatuz.

Kontuz ibili behar gara denok, pesta honek ez du menturaz beti iraunen, ekonomiak ez die ezer barkatzen lanaren kontua serio-serio hartzen ez dutenei, hauek izan daitezen gizabanako, familia, nazio, edo, herri.

Ekonomiaren lege gogorra

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua