BAZINEN BEHIN: Ane Labaka, umorean aditu

Ane Labaka, umorean aditu –

Maiatzak 30, osteguna, arratsaldeko 20:00ak, hiru hizlari eta 50 ikus-entzule inguru Kontadores Zentroko areto nagusian. Ane Labakari egokitu zitzaion lehen postua. Bazinen Behin proiektuaren lehenengo egitasmoan parte hartzea, eta gainera, lehenengo hizlaria izatea, lehena izateak suposatzen duen guztiarekin. Are gehiago, hitzaldi tradizionalen eskema guztiak hausteko asmoz zerotik abiatutako proiektuaren lehen hitzordua izanik.

Ane Labaka, umorean aditu

Lehenengo aldiak ez omen dira perfektuak izaten, beti omen dago hobetzekorik, zuzentzekorik eta ikastekorik, eta gu ez gara inor baino gutxiago izango…

Adituaren ikuspuntutik hitz egin zuen Labakak, “bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik” ikerketa ardatz hartuta, eta garbi hitz egin gainera. Zur eta lur gelditu ginen bere hausnarketa, gogoeta eta kontatu zituen esperientzia zein bizipenekin. Oso datu interesgarriak eta pentsarazteko azalpenak eman zituen bertsolariak, inork umorearekiko izan dezakeen ikuspegia zalantzan jarri eta birplanteatzeko gonbita egingo lioketen horietakoak.

Hala ere, hitzaldi tradizionalak hain barneratuta ditugun honetan, zaila da hauek izan ohi duten kutsua egun batetik bestera ezabatu eta modelo berriekin asmatzea. Ondorio hori izan liteke lehen hitzaldi honen iruzkina, aurrera pausoak bai baina oraindik findu eta borobildu beharreko zertzeladak. Aurrera pausoak ematea, baina, denborak baldintzatuko du.

Oraingoz, lehen ekitaldi honetako gainerako hitzaldiak ikusi eta gozatzea tokatzen da, eta lehen platera mahai gainean duzue jada. Gozatu!

Ane Labaka, umorean aditu

 

Billabonatarra. Berritsua eta pentsalaria, ikus-entzunezko komunikazioa ikasi eta proiektu berritzaile askoren sortzaile izatea helburu duen 22 urteko he(gaztia).