Estreinaldiak: Ekainak 14

Estreinaldiak: Ekainak 14 –

 

The Breadwinner (El pan de la guerra)

Annecyko jaialdi ezagunean epaimahaiaren eta ikusleen saria eskuratu zituen, besteak beste, Nora Twomey zinemagileak zuzendutako animaziozko lanak, eta Europako Zinemaren Sarietan, Oscar sarietan zein Urrezko Globoetan animaziozko film onenaren kategorian proposatu zuten. Irlandatik helduko zaigun filmak Afganistango Kabul hirian bizi den 11 urteko Parvana gaztearen bizipenak erakutsiko dizkigu. Talibanen menpe egongo da hiria, eta Parvanaren aita atxilotuko dutenean, familia baliabiderik gabe geratuko da. Horregatik, neskatilak mutiko plantak egin beharko ditu lan egin ahal izateko eta familiari sostengua eskaintzeko.

Di qiu zui hou de yen wan (Largo viaje hacia la noche)

Luo Hongwu gizonezkoa Kaili sorterrira itzuliko da, eta maite zuen emakumearen bila hasiko da, ezin izan baitu sekula ahaztu. Wan Quiwen izena zuela esan zion hark. Cannesko Un Certain Regard sailean, Toronto International Film Festival jaialdian eta New York Film Festivalean, besteak beste, hautatu zuten iaz Bi Gan zinemagile txinatarrak zuzendu eta idatzitako drama.

Tolkien

The Lord of the Rigns eta The Hobbit bezalako nazioarteko literatura-arrakasten egile J.R.R. Tolkien idazle, hizkuntzalari eta irakaslearen inguruko biopic-a. Filmak sortzailearen gaztaroa ekarriko du gogora, laguntasunaren, maitasunaren eta inspirazio artistikoaren bila zebilen garaia. Orduan egin zuen eztanda Lehen Mundu Gerrak ere, eta horrek Tolkienen lagun taldea arriskuan jarri zuen. Bada, bizitako esperientzietan oinarritu zen gaztea Erdi Aroan girotutako bere obrarik ezagunenak sortzeko. Nicholas Houltek eta Lily Collinsek gorpuztu dituzte bi protagonistak.

Frères ennemis (Enemigos íntimos)

2018ko Veneziako zinema jaialdian lehiatu zen, ostera, David Oelhoffen zinegile frantziarraren drama. Oso bide ezberdinak hartuko dituzte Driss eta Manuel gaztaroko adiskideek: lehena polizia izango da, eta bigarrena droga trafikatzailea. Baina bien bizitzek topo egingo dute, eta elkarren beharra izango dutela jabetuko dira bizirik jarraitu nahi badute.

Sauvage

Prostituzioa eta homosexualitatea aztergai dituen drama frantziarrari esker Cesar sarietan opera prima onenaren kategorian lehiatzea lortu zuen iaz Camille Vidal-Naquet zinemagile eta gidoilariak. Filmeko protagonista 22 urteko Leo da (Félix Maritaud). Diru apur baten truke salduko du bere gorputza, eta etorkizunak zer ekarriko zain jarraitzen duen bitartean, gizon ugari ezagutuko ditu.

The Sun is Also a Star (El sol también es una estrella)

Immigrazioa, maitasuna eta nerabezaroa uztartzen dituen drama erromantikoa aurkeztuko du, bere aldetik, Ry Russo-Young zinegileak, Nicola Yoonek idatzitako eleberri laudatuan oinarrituz. Daniel Bae unibertsitateko ikaslea eta Natasha Kingsley jamaikar gaztea New Yorken ezagutuko dira, eta egun horretan bertan maitemindu egingo dira. Baina Natasharen familia AEBetatik deportatzeko prozedura abian da, eta itxuraz, ez du atzera bueltarik. Neskak horren aurka borroka egin beharko du, Danielengatik sentitzen duena argitu bitartean.

Le Mystère Henri Pick (La biblioteca de los libros rechazados)

Henri Pick sukaldaria zen, eta ingurukoek uste zutenez, bere bizitzan idatzi zuen gauza bakarra erosketak egiteko zerrenda izan zen. Baina editore batek Pickek izenpetutako eleberri zirraragarria topatuko du, eta sekulako arrakasta izango du. Horregatik, egilearen alabarekin batzea erabakiko du idatziaren atzean dagoen misterioa argitzeko. Rémi Bezançonek zuzendu du David Foenkinosen eleberrian oinarritutako komedia frantziarra.

Men in Black International

Lowell Cunninghamen komikietan oinarritutako zientzia fikziozko sagako proposamen berria F. Gary Grayk zuzendu du, eta protagonisten artean dira Chris Hemsworth, Tessa Thompson, Liam Neeson eta Rebecca Ferguson, besteak beste. Beltzez jantzitako gizonek (eta emakumeek) orain arteko mehatxu handienari egin beharko diote aurre: MIB antolakundeari berari.

Kin

Eta AEBtatik, halaber, zientzia fikziozko bigarren lan bat helduko zaigu asteburuan: Jonathan eta Josh Bakerrek idatzi eta zuzendutako akziozko Kin thrillerra. Jack Reynorrek antzeztutako preso ohiak eta haren anaiak ihes egin beharko dute arma misteriotsu batekin, mendeku bila ariko den kriminal batek eta naturaz gaindiko soldatuak atzetik dituztela. Aktore taldean dira, besteak beste, Myles Truitt, James Franco, Carrie Coon eta Jöe Kravitz.

Little (Pequeño gran problema)

Eta zer gertatuko litzateke helduek bizi duten presioa albo batera uzteko aukera izango bazenu, berriro ere gazte izateko? Tina Gordon Chrismek zuzendu eta idatzitako filmak egoera horren aurrean aurkituko den andrazkoaren istorioa eramango du pantaila handira, komedia generoan. Justin Hartley, Regina Hall, Issa Rae eta Marsai Martin dira aktore nagusiak.

Estreinaldiak: Ekainak 14

Euskal pantailaren gunea