Frantsesa ikasteaz
Frantsesa ikasteaz –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Artetan entzuten dira lider abertzale batzuk erraten Euskal Herrian denek ikasi behar luketela frantsesa, edo frantsesa gure herriko hiru hizkuntzetako bat delakoan, edo frantsesik ez dakiten euskaldunak (eta –bereziki– erdaldunak) maizago joan daitezen Ipar Euskal Herrira.
Hizkuntzak ikastea beti da gauza aberasgarria, eta gure auzo herrietako bat izanik Frantzia (Espainia bezala), badu logika hizkuntza hori ikasteak. Artikulu honen helburua ez da erratea frantsesa ez dela ikasi behar, baizik eta frantsesa ikasteko erabilitako bi arrazoi horiei erantzutea.
Hasteko, Euskal Herrian ez daude hiru hizkuntza. Hizkuntza bat da berezkoa, eta beste bi azken mende eta erdian inposatu direnak, berezkoa (euskara) ordezkatzeko helburua izan dutenak eta linguizidioa egin eta egiten dutenak. Eta egoera hori naturala balitz bezala onartzea euskararen kontrako erasoak normaltzat jotzea litzateke. Horiek horrela, hizkuntza eskaerak lan munduak finkatzen ditu: zenbait lanetarako, Donostian berean adibidez, komeni da frantsesa jakitea. Baina, leku gehienetan ingeles maila on bat eskatzen dute, eta frantsesik ez. Horrek markatzen ditu irakaskuntzaren eta gurasoen lehentasunak. Ez Ipar Euskal Herrira egun edo asteburu pasa joateko beharrak. Hego Euskal Herriko jendeak ez badaki frantsesik, logika horren arabera, Hegoaldeko nehor ez litzateke joanen Landetara edo Parisera. Baina joaten dira. Italiara ere bai, italiera jakin gabe, Txinara txinera jakin gabe eta abar. Zergatik, beraz, Iparraldera joateko, behar da frantsesa? Ez dute, bada, kezkarik, Angeluko arropa dendetara joateko.
Horrelako solasekin ematen den mezua da: “Ipar Euskal Herrira joateko frantsesa jakin behar da; hots, ez badakizu frantsesik, normal da ez zaitezen joan”. Ez ditugu horrela animatzen Iparraldera joatera. Inkontzienteki ere, ari gara azpimarratzen Ipar Euskal Herria Frantzia dela. Eta penagarria da entzutea batzuetan frantsesa ikastera joateko ateraldiak egiten dituztela Hendaiara.
Eman behar dugun mezua justu alderantzizkoa da: Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako euskaldunak bistaratu behar dira, eman behar dira bideak euskaldunak eroso senti daitezen, jakin dezaten non jaso dezaketen edozein zerbitzu euskaraz.
Ez ote da gibelera egitea Iparralderako frantsesa behar dela dioen mezu hori? Ez ote ditugu, funtsean, erdaldunak lasai utzi nahi? Alderantziz, gure herria euskalduntzen segitu behar da.
Hegoaldekoak Iparraldean eroso sentiarazteko indarra guk egin behar dugu, euskarari leku handiagoa eginez, arlo guzietan. Horretarako, seinaletika, menuak eta abar euskaratzearen aldeko indar handiagoa egin behar da, euskarazko zerbitzu gida erreferentziazko bat sortu, ostatu eta abarretan euskara lanerako hizkuntza beharrezkoa bihurrarazi.
Alternatiba, Lurrama, EHZ, Herri Urrats eta horrelako bestetan, publikoarekin harremana duten boluntarioak euskaldunak izan behar dira; eta erdaldunak jar bitez publikoarekin kontakturik ez dutenetan. Absurdua litzateke horrelako besta batzuetan deseroso sentiaraztea euskaldunak. Hego Euskal Herriko 12 urtetik gorako gehienak jadanik ez dira frantsesa ulertzen dutenak, beraz mintzo gara epe luzeko kontu batez. Oraingo haurrek frantsesa ikasteko behar duten denboran ikas dezakete adin bereko haurrek euskara, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.
Arrazoi osoa. Euskaldunon trinkotzeko tresnen beharra larria da, zer esanik ez ipar-hego loturak mantentzea. Euskararik gabe ez dago independentziarik ez kristorik, ea konturatzen garen. Animo!
Zurekin erabat ados nago, iparraldekoi euskara hegoaldekoekin harremanak izateko tresna dela sentiarazi behar diegu. Frantsesa haiekin erabiltzea haien aurkako etnozidioa areagotzea litzateke.
Bai, kontua da Ipar Euskal Herriko pertsona ainitzek gazteleraz ikasten dutela, eta normalean gazteleraz defendatzeko gaitasuna izaten dutela, eta hor euskara ez dela beharrezkoa. Ipar Euskal Herriko kostaldera hurbilduz gero adibidez, ez duzu inolako arazorik frantsesez ez jakinda ere, espainolez aski ongi moldatzeko aukera izanen duzu eta toki gehienetan. Euskaraz galdeturik ere, erantzuna gazteleraz jasotzea bera ere oso arrunta izaten da… eta frantsesez galdeturik ere zenbaitetan…
Bestetik, bertzaldeko euskara arrotza egiten zaigu maiz bi aldetakoei, belarria egina ez izateagatik gehienetan. Erramoldeak, erreferentzia kultural nagusiak eta abar erdaretatik heldu zaizkigu sarri ta hegoaldean gazteleraren eragina oso nabaria den gisan, iparraldean ere agerikoa da frantsesarena. Euskara batuak bi erdaren eragina jasotzen du eta horrek ere ez gaitu hurbiltzen erdarak ezagutzen ez ditugunean behintzat.
Gure arteko harremanak, zubiak indartzean legoke gakoa, euskaraz, komunitatea trinkotuz herri bat osatzen jarrai dezagun.
Ados nago, euskara ez dugu inoiz bigarren mailan utzi behar, baina euskara gure hizkuntza nazional bakartzat dugunontzat, gaur egun frantsesa (hegoaldekoentzat) eta espainola (iparraldekoentzat) jakiteak kontuan hartu beharreko aukerak eskaintzen ditu.
Ni Oiartzunen bizi banaiz eta frantsesez ez badakit, oso gertu, Lapurdin, dauden lan-postuen %99an ez dut aukerarik izango. Nik frantsesa ondo menperatzen badut lan-postu horiek eskuragarri izango ditut eta Lapurdin lan egin edo bizi ahal izango naiz. Eta euskalduna naizenez nire lantokia, ingurunea etabar euskalduntzeko ekarpena egingo dut.
Aldiz, frantsesa ez badakit ez dut planteatu ere egingo Lapurdin lan egiteko aukera eta kasu askotan lan-postu horiek Frantziako jendeek beteko dituzte lantoki eta ingurunea are gehiago frantsestuz.
Mugaren beste norazkoan berdin-berdin.
Euskaltzaleok tinkoak izan behar dugu, baina burutsuak ere.
Frantsesa jakinda, zurekin batera berrehun erdaldun joango lirateke Lapurdira espainola zabaltzera. Erronka da harremanak euskaraz sustatzea, hori baita gu batzea onar dezakegun gauza bakarra.
“Hizkuntza bat da berezkoa, eta beste bi azken mende eta erdian inposatu direnak” Ezin naiz ados egon esaldi honekin. Gure Euskal Herriko zonalde zabaletan gaztelera edo frantsesa askoz ere lehenago dute berezko hizkuntza: Erribera, Arabako lurralde handiak, Bizkaiko mendebaldea… Ez gaitezen betiko akatsean eror, Euskal Herria anitza da, ez da dena berde, ez da dena baserri eta ez da dena euskaldun.
Bai, pentsatzen nuen erantzun hori etorriko zela. Zenbait lekutan, euskararen gibelatzea (askoz) lehenagokoa da, bistan da. 150 urte da orokortze bat, gutxi gorabeherako batez besteko bat. Baina, badakigu nondik datorren espainolaren eta frantsesaren nagusitasun politiko, legal eta soziala.