Nora doa hitanoa

Nora doa hitanoa –

Hiromi Yoshidak Uztarria aldizkariaren 2019ko maiatzeko zenbakian idatzia.

.

Otsailean Azpeitira etorri aurretik, Maider lagun zestoarrak jakinarazi zidan Zestoan hitano ikastaroa egongo zela eta nik ere baneukala han parte hartzea. Pozik eman nuen izena, eta oso ondo pasatu nuen ikastaroan. Gogoan dut orain dela 30 bat urte, Tokion bertan euskaraz ikasten hasi nintzenean, gure irakasle zenak (Suzuko Tamurak, hain zuzen ere) esan ohi zuena: “Gu bezalako kanpotarrak euskaldunekin hitanoz aritzea portaera ausartegia denez, ez dugu hitanoz egin behar”.

Nora doa hitanoaGauzak horrela, aditz forma batzuk ezagutu arren, ez nuen ikasi hitanoz hitz egiten. Baina ikastaroa zela eta, hitanoz ondo ikasteko gogoa piztu zitzaidan, eta klasetik kanpo ere saiatzen hasi nintzen hitanoz egiten. Lagun batzuek lagundu zidaten horretan; adibidez, Laratzeko Olatzek animatu ninduen hitanoz egitera, baina ez geundenez batere ohituta gure artean noka egitera, askotan esaten genion elkarri: “Aizan! Antzerkia egiten ari garela ematen din!”, eta barrez lehertzen ginen. Beste lagun batzuk ere hasten zitzaizkidan noka egiten, eta ondo pasatzen nuen, nahiz eta oraindik ondo ez jakin.

Zergatik izan zen hain dibertigarria? Ba, ikusten nuelako gero eta hobeto ari nintzela, eta hobekuntza beti da pozgarria. Bestalde, banekien hitanoz hitz egiteko ohitura desagertzen ari dela Euskal Herrian orokorrean, batez ere noka hilzorian dagoela: batetik, neskei noka egiteari erabat utzirik, zuka egiten zaielako haiei; bestetik, neskei nokaren partez toka egiten zaielako (belanunaldi bateko zenbait hiztunek, behintzat). Beste gauza bat ere azpimarratu nahiko nuke: mutilek neskei ez badiete noka egiten, hitanoz hitz egitera animatuta dauden nesken artean soilik geratuko litzateke noka. Hori ere bizirautea denez, erabat galtzea ere hobe da, beharbada.

Euskararen ezaugarririk azpimarragarrienetako bat den hitanoak nondik norako bidea hartuko ote du? Zeinen esku egon daiteke haren etorkizuna?

Nora doa hitanoa
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Nora doa hitanoa”-ri buruz

  • Tamalez ikastolan ez dute hitanoa irakasten, nik ikasi nuen ikastolan bederen.

  • Tamalez, badugu gai larriagorik euskaran. Egia da hitanoa galtzean euskarak bere aberastasunaren eta kolorearen alderdi bat galtzea duela. Baina erabilera hutsa bera jokoan dagoenean,…. niri askoz nabarmenagoak iruditzen zaizkit datozen hamarkadetarako datozen beste kontu hauek:

    – ergatiboa kolokan
    – “Si ez naiz etorri berandu” modukoak
    – Erdal preposizioa dagoen segmentuaren hasieran euskarazko posposizioaren lekura iristea itxoin ezina edo ezintasuna (buruz itzultzen ari baitira, noski): “jokatuko dugu… kontra Real Madrid”, “joango gara… al handien gela”
    – “Jon haserre joan da etxera” esaldiaren galderan, galdegaia galdetzailearen ondoren jarriordez, baiezko esaldiaren ordena berari jarraitzea: “Zergatik Jon haserre joan da etxera?” (eta ez, “Zergatik joan da Jon haserre etxera?”
    – “Hauek bost” edo “hauek bi” esatea, “Bost hauek” edo “bi hauek” esan ordez
    – LL hotsaren galera totala (yeismoa)

    Bai, badakit… esango duzue euskaraz ondo egiten ez duten umeen kontuak direla goian aipatutakoak. Baina jarri belarria ohiki gaztelaniaz mintzo diren ume/gazte horien euskarari, baldin eta inoiz euskaraz egiten badute (Herri/hiri handietan uharte oso bakanak dira elkarren artean euskaraz egiten duten umeak eta tamalez zabaltzen ari da eboluzio hori… baita herri txikietan ere, ez begiratu gaurko egoerari baizik azken 10 urteotan izan den bilakaerari), eta esango didazue.

    Eta tira, hizkuntzaren eboluzio normaltzat har daitezke kontuok, eta eboluzio hori gertatzen bada, oraindik euskaraz (ondo edo gaizki) egiten duen hiztun komunitate bat badela eta pozik egon beharko dugu… Baina orduan, pentsa non geratzen den hitano gaixoa.

  • 1. Eskola ez da alokutiboa lantzeko tokia, ez bada aztergai akademiko gisa.
    2. Eskolan ez badizute zerbait irakasten, zu ez zara zeure kabuz ikasteko gai?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude