Deitu iezadazue inkisizio

Deituidazue inkisizio –

Badira diskurtso batzuk -eta aburu zenbait ere bai- arriskutsuak direnak. Arriskutsuak, ez dutelako bat egiten esan behar denarekin, botereak ezarri nahi duen kontakizunarekin. Zure baitarako pentsatu ditzakezunak, baina, inola ere ez esan, ez partekatu. Ezta umorearen trukoa baliatuz ere. Tira, lanpostua galdu nahi ez baldin baduzu, edo multa erraldoien edo epaitegietako ziega zuloaren erruletara jokatu nahi ez baldin baduzu behintzat. Hasier Etxeberriak ere idatzi zuen hontaz, behinola. Aste honetan kalapita izan dugu txiokinean, Barbara Goenagaren tregoa indefinitua dela eta ez dela, Irantzu Varelarekin izandako “eztabaida” aitzakia gisa hartuta. Eta hori gutxi balitz, Teleberrietako denbora preziatua dedikatu zaio gaiari, eta egunkari zenbaitetan albiste izan da.

Deituidazue inkisizio
The Discussion (1948, Geoffrey Arthur Tibble)

Ez dut feminismoaren inguruan sortzen ari den eztabaidaz hitz egingo, ezta Varela eta Goenagaren arteko ika-mikaz ere. Nork duen arrazoia, nork jokatu duen zuzen, ondo, duin, eta nork ez.  Egia esan behar badut, futitzen naiz. Txiokineko anekdotaren gibelean dagoena da amorragarria, eta anekdotak ekarri duen kontakizun tranposoa, zinismoa dariona.

“Gauza interesgarriez informatzeko, arte eta zinema albisteak irakurtzeko sortu nuen Twittter kontua”, dio Barbara Goenagak bere agurrean, gero gehitzeko, “gris eskalarik gabeko zuri eta beltzaren sektario” gehiegi dagoela bertan. “Inkisizio” gehiegi dagoela, “jazarpenean eta zentsuran” sinisten ez duen batentzat. Tira, 2009an Twitter kontua zabaldu nuenetik, izan ditut bertan zenbait iritzi trukaketa. Ez dakit eztabaida deitzea merezi duten. Eta pare bat izan dira Barbara Goenagarekin. Dagoeneko denok dakigu Twitterrek nola funtzionatzen duen, eta tresna bikaina da gauza askotarako. Denok dakigu ideiak partekatu ditzakegula. Filiak eta fobiak adierazi. Elkartasuna batzuetan, errefusa bestetan. Edukiak partekatu, eta haiekin balorazioak. Gehienok horrela darabilgu sare soziala. Baina joko horren arauak oso argi daude: edonork erantzun diezaguke. Edonork du gaitasuna gure aburua berearekin osatzeko, edo alde, edo kontra egiteko. Bertxiotzeko edo bihotza klikatzeko. Aipatutakoa, pellokeria badirudi ere, badirudi merezi duela azpimarratzea.

Zeri deitzen dio inkisizio Goenagak? Nori sektario? Ematen du iritzi, ikuspuntu eta balorazioak ezin direla erantzun. Onkeriak ezin direla eztabaidatu. Kontakizunak ezin direla zalantzan jarri. Esaten duzunak bezainbeste definitzen zaitu esaten ez duzunak. Salatzen duzunak bezainbeste salatzen ez duzunak. Fermin Muguruzak kontatu zidan Barruan Gaude podcasteko elkarrizketan, hauteskundeen ostean herri eta hirietako emaitzak begiratzen egon zela, nora joan ahal izango zuen eta nora ez jakiteko. Willy Toledok urteak daramatza lanik egin gabe, betoa jarri diotelako. Aitor Merinok bereak eta bi bizi ditu ‘Asier eta biok’ dokumental bikaina hainbat lekutan estreinatzeko. Valtonyc erbestean da idatzitako bertsoengatik jazarri nahi dutelako. Azala behar da twitterreko troll batzuk eta erantzunak medio, zeure burua inkisizioaren biktima bezala jartzeko. Zinikoa, zure gremioko lankide asko pentsatzen dutena esateagatik –Esan behar denari kontra egiteagatik- lanik ezin eginda daudela baldin badakizu. Eta kasu, haiek ere ez dira troll madarikatuez libratzen.

Deitu iezadazue inkisizio.

“Ezin dut bizi izan dudan denbora neure erara gogoratu, dagokidan eta nire neurea dudan memoria hau behar bezala eraiki. Beste norbaitena behar diot neureari nahitaez gainetik ezarri, nola lapa-zorriak arrokaren gainean dakien bat egiten harriarekin”

Hasier Etxeberria

Deituidazue inkisizio
Deituidazue inkisizio
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzio burua. Barruan Gaude elkarrizketa saioa ZuZeu Podcasten. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude