Birao egiteak mina murrizten du

mina

Min hartzen duzunean biraoka hasten al zara eta ingurukoek gaizki begiratzen dizute? Lasai, arazoa ez da zeurea, besteena baizik, ez baitakite hitz itsusiak esateak efektu analgesiko indartsua duela. Hori ondorioztatu dute Keeleko Unibertsitateko zientzialariek ikerketa baten ondoren.

Teoria frogatzeko, 18 eta 46 urte bitarteko 71 boluntariorekin egin dute lan. Boluntarioek ur izoztuan sartu zituzten eskuak, batzuek biraoak botatzen zituzten bitartean eta beste batzuek, hitz lasaiak esaten zituzten bitartean. Emaitza: lehen taldekoak eskuak ur hotzetan denbora luzeagoz mantentzeko gai izan ziren.

Horrez gainera, biraoak botatzen zituztenen mina lasaitzeko gaitasuna besteena baino lau aldiz handiagoa zela aurkitu dute.

Zientzialariek uste dute mina murrizteko efektua “borroka ala ihesa” erreflexuaren emaitza dela. Erreflexu hori estres handiko egoeretan agertu ohi da: adrenalina askatzen dugu, bihotz taupadak bizkortzen zaizkigu eta gorputza indarrez borrokatzeko edo azkar ihes egiteko prestatzen da.

Beraz, belaunarekin mahaiaren hankaren kontra jotzen duzun hurrengoan, ez zaitez lotsatu eta birao egin, min gutxiago sentituko duzu eta.