Argazkialdia: euskararen erabilera D ereduko kirolean

Argazkialdia: euskararen erabilera D ereduko kirolean –

D ereduko kirola ikerketaren emaitzak aurkeztu berri dituzte Donostian. “Euskarari garrantzia ematen dioten klubak” hautatu omen dituzte azterketarako, euskara ere “taldearen identitate-zeinu” nahi dutenak.

Argazkialdia: euskararen erabilera D ereduko kiroleanTalde hauek hizkuntza-plangintzarik ez, baina erabaki batzuk hartu ei dituzte, adibidez: entrenatzaile euskaldunak izatea eta horiei euskaraz egiteko eskatu izana. Euren erreferentzialtasunak taldearen hizkuntzan eragiteko aukera eskaintzen du, eta gazteak euskara gehiago erabiltzera bultzatzen ditu. Gainera, “une jakinetan gaztelera erabilita, gazteen mintzapraktiketara hurbiltzen dira”. Entrenamenduetan gaztelania gehiago entzuten da euskara baino; gazteok euskara gehiago erabiltzen dute entrenatzaileei hitz egiterakoan euren arterako baino. Talde batetik bestera alde nabarmenak daude, euren inguru hurbilaren ezaugarrien arabera.

Gazteon hizkuntza gaitasuna: aitortzatik errealitatera dagoen aldea

Gehienek euskaraz eta gaztelaniaz berdintsu moldatzen direla adierazi dute, eta oso gutxi izan omen dira erdaraz hobeto moldatzen direla aitortu dutenak. Euskaraz hobeto moldatzen direla diotenak, ingurune euskaldunetakoak dira.
Alabaina, Realeko erdiak eta Gasteizko, Getxoko eta Arrigorriagako taldeetako kide gehienek gaztelaniaz gehiago hitz egiten dute.

Zarautzen ia talde osoak eta Realeko beste erdiak euskaraz aritzeko erraztasun handia dute, (familian, lagunartean, eskolan… hala egiten ohituta).

Emozioak gazteleraz, aginduak euskaraz

Oro har, emozioen adierazpenetan gaztelaniaz gehiago egiten omen dute; euskaraz gehienbat agindu edo azalpen teknikoetan. Hizkera informala euskararekin lotzea kosta egiten zaie gazte gehienei, sarri euskaraz gaitasun nahikorik ez dutela sentitzen baitute.

Gasteizen, Arrigorriagan eta Getxon gazteek modu informalean nagusiki gaztelania erabiltzen dute. Zarautzen euskara, eta Realean tarteka euskaraz da, baina gaztelaniaren presentzia nagusitzen da.

Gehienbat “euskaraz” jardutean, oso ohikoa ei da esaldi berean euskara eta gaztelania erabiltzea. Gainera, euskaratik gaztelaniarako hizkuntza-mudantza edo aldaketa maiz agertu da.

Aisialdian gaztelania da norma, eremu oso euskaldunetan izan ezik.

Testuinguru jakinetako gazteek diote arrotza dela euskaraz hitz egitea eta entzutea eskolatik kanpo:
“zer ari zara euskaraz? Ez gaude eskolan!!!”, entzun dezake gazte batek lagunekin jolasean ari dela euskaraz egiten badu…

Ondorioak, proposamenak eta galderak

Proiektuaren koordinazioa eta gidaritza Klusterrarenak izan dira, UPV/EHUko Gizarte Antropologia sailarekin lankidetzan.
Parte hartu dute Urtxintxako eta Topaguneko teknikariek ere.
Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren –hau da, gu guztiona- babes ekonomikoa izan du.
Egileek hainbat ondorio atera eta dagozkien proposamenak egin dituzte, azterketaren laburpenean ageri direnak.
40 urtetan Jaurlaritza ez da jabetu euskararen berreskurapenerako kirol eremuak (ere) duen garrantziaz?
Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek ez dute inongo interesik gai honetan? Nafar Gobernuak? Iparraldeko Elkargoak? Hiriburuetako udalek? Alavesek? Osasunak? Eibarrek? Baskoniak? Athletic gorri-ta-zuriak? Ez?

Azterketaren egileok hainbat proposamen luzatu dituzte…

Jaurlaritzak (EAJ-k. PSOEk badakigu ezetz) proposamen horiei heltzeko asmorik badu?
Edo hamaikagarren azterketaren aurkezpeneko ai-ene-garren argazkian agertzearekin asetuko da?
Inork uste du benetan, telebistan, irratian, segapoto bidezko erauntsian, hizkuntzaren ospean, hizkuntza-kalitatearen gainbeheran, helduen eremuan eta beste alor batzuetan eragin ezean, gazte-kirol eremuan emaitza esanguratsurik lortuko dela?

Ondorioak norberak.

Argazkialdia: euskararen erabilera D ereduko kirolean Argazkialdia: euskararen erabilera D ereduko kirolean

Oinezkoa

12 pentsamendu “Argazkialdia: euskararen erabilera D ereduko kirolean”-ri buruz

  • Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikak itxuragintza du oinarri.
    Zerbait egiten dutelako itxurak egiteko, argazkiak eta prentsaurrekoak noiznahi, ondotik, aurkeztutako egitasmoak bertan behera edo egonean uzteko gehienetan.
    Ondorio larriak dauzka politika horrek euskaldunontzako. Euskaltzaleak desmobilizatu egiten ditu, instituzioak euskararen aldeko lanean ari direlakoan, eta euskararen erabileraren gainbehera mozorrotu. Bien bitartean, Euskalgintza ez-instituzionala nora begira ari den jakitea ondo legoke.

  • Benat Castorene 2019-03-31 18:17

    Nabarmen da gazte-kirol munduan JJAgirrek deskribatzen duen arazoa gizarte guziaren isla dela eta ezin da bera bakarrik eta aparte soluzioanatu.
    Izo, momentuz Eusko jaurlaritzak ez ditu karta guziak eskuetan.
    Bainan egun batez denak balitu, zer nolako neurriak ikusiko zinituzke haren aldetik?
    Badakit ez dela galdera erraza eta nihaurk ez nakikeela zer erantzun.

  • Jaurlaritzak, tresna guztiak ez, baina baditu tresna eta baliabide nahikoak egiten duena baino askoz gehiago egiteko. Bereziki gazteen hezkuntzari edota aisialdiari lotutako alorretan, baita telebistan, irratian, mugikor bidezko komunikazioan, hizkuntzaren ospean, hizkuntza-kalitatean, eta abar. Telebistan edo irratian adibidez, baliabide gehienak espainierazko kateetara bideratzen ditu, euskarazko kateen kaltetan tamalez.
    Nire ustez, borondaterik eza da arazoa. Hasteko, Hizkuntza Politika sailburuordetza batean dago zokoratuta, Jaurlaritzaren antolakuntzaren hirugarren mailan, nolabait esateko. Aldiz, garai batean Lehendakaritzaren barnean egon zen kokaturik, egun Emakunde dagoen gisan, adibidez. Kokapen horrek ondorio zuzena du Jauelaritzan bertan eragiteko duen gaitasunean, kalterako.
    Hona ekarritako adibidea esanguratsua dela uste dut. 2018. urtean azterketa bat egin behar izatea, gazte-kirolaren garrantzia Jaurlaritzari ikusarazteko, oso kezkagarria dela iruditzen zait. Eta azterketa baten aitzakian, neurri bakar bat ere abian jarri aurretik, Kultura Sailburua eta Ahaldun Nagusi batek agerraldia eskaintzea, enpin…

  • Alde batetik argazkialdiarena egia izango da, baina badago jendea honetan sinesten duena eta lan sakona egin dute hau aztertuz. Nik, azkar batean txostena irakurri dut eta ez ditut oso garbi ikusi ikerketaren ondorioak. Baina garrantzitsua litzateke ondorio batzuk atera eta kirolean aplikatzea. Nik uste beharrezkoa dela honetan ere sakontzea.

  • Ez da azterketa kritikatzen dena, politikari jakinek azterketa horretaz egin duten erabilera interesatua baizik. Azterketa baten ondorioekin halako agerraldia egin badute, zer egingo dute neurriren bat hartzen duten egunean? …
    Bestalde lotsa eman behar lieke 40 urteren ondoren horrela egotea oraindik, eremu horretan (ere) umezurtz. Iruditzen zait gure egoeraren irudi nahikoa zehatza ematen duela ekintzak: publizitate asko baina ekimen gutxi.

  • Alpargatero 2019-04-04 12:53

    Gaur egun Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean, autonomiako 40 urteren ondoren, erdaraz lan egiten da, eta herritar gisa bertara joz gero erdara erabiltzera behartuta egongo zara. Azalpen gehiagorik behar?

  • Arrazoi duzute egindako kritikekin. Nik esan nahi nuena da ezin garela kritikan bizi. Azterketa garrantzitsu bat egin da, ondorio batzuk atera dira, ondorioak ulertuta ekintzara pasa behar da. Nahiz eta askok itsurakeria egin beste askok benetan sinesten dute egindakoan, beraz beraiek babestea garrantzitsua dela deritzot.

  • Nor bizi da kritikan? Euskalgintza baino mugimendi akritikoagorik eta otzanagorik ez dago-eta.
    Euskal Herrian (Jaurlaritzak “euskararen lurralde” eitzen duen horretan) hizkuntza politika ezin tristeagoa daukagun arren, norbanakoen kritikak baino ez dira ageri. Ez dago erakunde bakar bat hizkuntza politika hilgarri hau salatzen duenik.
    Ezin da beste inora begira egon beti. Eta ezin dira parekatu Klusterraren eta agintari politikoen ardurak. Klusterrak bere lana egin du, eta Jaurlaritzak nahiz GFAk etekina atera nahi izan diote lan horri debalde, ezertxo ere egin gabe. Hori salatzea ez da “kritikan bizitzea”. Akaso, hori ez salatzea besterik izan daiteke…

  • Katalunian eztabaida bizia dabil. Hizkuntzalari garrantzitsu zenbait oso kezkatuta ageri dira hizkuntzaren etorkizunarekin (gurean gutxi bezala, harrigarria bada ere).
    Ez dira kritikan bizi. Kritikoak dira, libreak.
    Eztabaida librea Euskal Herrian askoz zailagoa da, askoz mugatuagoa.

    Pau Vidal: ‘Durant trenta anys no hem dit la veritat sobre la immersió lingüística’… durant anys ens hem auto enganyat sobre la força del català, a base de creure’ns enquestes i teories… ‘El català no s’està morint, l’estem matant. L’està matant la fal·làcia oficial segons la qual aquí no hi ha conflicte lingüístic.’

    Carme Junyent: ‘No ho fem bé. El català no té el futur assegurat’. Junyent és una de les veus més crítiques i destacades en la denúncia del bilingüisme i la demanda de superar-lo a través del multilingüisme. Diu Carme Junyent: ‘si parles en castellà tot és possible, si parles en català ets d’una mena de manera. És un dels símptomes que el català recula.’

    Gabriel Bibiloni. ‘El nou estat només ha de tenir una llengua oficial: el català’.
    ‘la política lingüística en el nou estat ha de tenir un objectiu fonamental: la normalització del català, per convertir-lo en una llengua d’ús tan normal com qualsevol llengua del món. I, per tant, posar fi a tots aquells mecanismes que descrivíem de subordinació, d’interferència, de dèficits en l’ús de l’estàndard i de dèficits en l’ús de la llengua’.

    Txalotzekoa da Azurmendiren, Lertxundiren, Xamarren, Hartsuagaren, Aristiren, Bidegainen, Castoreneren eta beste gutxi batzuen ahalegin jantzia.
    Ez da batere erraza “euskal oasian” egiak bere gordinean botatzea. Gaizki ikusita dago.

  • Benat Castorene 2019-04-06 15:31

    Alta aditzen ohi da espainierarekiko hurbiltasun linguistiko haundiago baten gatik katalana ez litzatekeela Euskara bezain mehatxatua.
    Vidal horren aipamenak ez du gure beldurra konfirmatzen baizik.
    Izan ere, dela han edo hemen, kausa berak eragiten du ondorio bera.
    Ez bada hegemonikoa bere lurraldean, alegia, estatu libre batek, bere estatuak, babestua, garai moderno hauetan bederen, hizkuntza batek ezin du luzaz biziraun.
    Nola da posible oneski dudatzea oraindik ? Nola da posible beste aterabide bat amestea ?
    Odriozolak merezi luke aipatua izaitea nik baino gehiago. Ni Aristik eta Odriozolak pentsarazi ninduten eta konbentzitu ere. Egia da Iparraldearen bilakaera begien aurrean nuela ere.

  • Odriozola! Bai horixe!
    Ahaztea ere… Ariniketan idaztearen ajeak.

  • Benat Castorene 2019-04-07 11:03

    Oierek erran zuen bezala, genero honen iruzkinen ekidinezko ajeak dira: ahanztea, gaizki idaztea edo sobera fite aritu nahiz ekibokatzea ere batzuetan …
    Onartu behar dira, elgarri barkatu behar, printzipala da hausnarketan koletiboki aurreratzea. MileskerJJ eta segi aurrera.