Txillardegiren klika Baionan, euskara batuaren sehaskan
Txillardegiren klika Baionan, euskara batuaren sehaskan –
Txillardegiren klika bideoa ikusi ahal izango da datorren asteazkenean, hilak 13, Baionako Kalostrapen, 19:00etan, Korrikaren inguruko programazioren barruan. Bideoa ikusi ondorengo solasaldian, Txillardegi Liburutegia elkarteko kide Fito Rodriguezek eta Joseba Alvarezek hartuko dute parte.
Ekitaldia Baionan egiteak oso esanahi berezia du. Izan ere, AEK-k 21. Korrikaren bidez Txillardegi omentzen du oroz gain euskara batuaren «aita» izan zelako. Bada, «aitatasun» hori Baionan zertu zen.
Euskal Idazkaritza izeneko elkartearen ekimenez, 1963ko udazken eta 1964ko uda bitartean, mugaz bi aldeetako hainbat euskaltzale astero bildu ziren Txillardegiren inguruan, Baionan, zehatz-mehatz, Cordeliers karrikako 14ko lehen solairuan, Enbatak utzitako gela batean.
Bilera haiek burutzeko, 1964ko abuztuaren 29an eta 30ean, mugaz bi aldeetako berrogei euskaltzale bildu ziren toki berean, Piarres Lafitte euskaltzaina buru zutela. Hura izan zen Baionako Biltzarra. Biltzar hartan onartu ziren euskara batuari buruzko lehen neurriak: grafia, deklinabidea, bi aditz laguntzaileen oinarrizko erabilera eta H hizkia behar zuten hitzen lehen zerrenda bat. Neurri haiek ia aldatu gabe onartu zituen gero Euskaltzaindiak 1968ko udan, euskara batua «ofizial» bihurtu zuen Arantzazuko Biltzarrean, alegia.