Onkeriak berri

Onkeriak berri-

Oiongo IKAren euskaltegiko Andoni Landari egin diote elkarrizketa Berrian.

Erantzun mamitsuak eman ditu. Euskalgintzaren inguruan ohikoena den mezu politikoki xuxena auzitan jartzeko modukoak asko. Dena-ondo-doazaleen mantrak ezeztatzen dituztenak. Berbarako:

“…egoerari buruzko hausnarketa egin genuen. Ondorioztatu genuen zulo bat zuen zaku bat betetzen ari ginela…”.

“Ikastoletako irakasleek esaten zuten ikasle izandakoekin elkartzen zirela, eta euskaraz egiten zieten arren ikasle ohiek gazteleraz erantzuten zutela…”.

“ikastolako irakasle batek pasadizo bat kontatu zidan. 14-15 urte inguruko ikasle batzuk ikusi zituen, eta horietako batek euskaraz egin zuen bati bota zion: «Qué pringao, habla en euskara»…”.

“Euskaltegiko ikasleek inoizko mailarik onena dute, baina eskaileretan inoiz baino gaztelera gehiago erabiltzen da…”.

“Etorri nintzenean, esango nuke jendeak ikasten zuela euskara jakin nahi zuelako. Gaur egun, gehiago ikasten dute, baina titulua dute buruan. Kontua da ez dakidala ikaslerik izango ote genukeen horregatik ez balitz…”.

“Kontua da oraindik urrun gaudela, euskara bezalaxe, helduen euskalduntzean dauden lan baldintzak normalizatzeko. Hor ari gara, administrazioarekin betiko borrokan…”.

Onkeriak berriHamaika baieztapen gordin, egiazko, hariari tira egin eta sakontzea merezi duten horietakoak…

Baina orduan, kazetariari bonbila piztu zaio eta ezetz asmatu! Etorkinen eta bertokoen eskola segregazioarekin gogoratu da, eta jakina, euskara omen da segregazio horren arrazoia, aitzakia, bidea edo dena delakoa, eta berebiziko galdera distiratsu, Pulitzerra merezi duen horietako jaurti dio Andoniri ustekabean, txisteratik aterata bezala:

“Eskoletako segregazioaz luze eztabaidatu da. Arabako Errioxan zein da egoera?” Eta irakasleak erantzun:

“Eskola publikoa eta ikastola Bastidan eta Oionen daude, eta esango nuke bi herrietan segregazioa nabarmena dela. Pena handia ematen dit euskara bereizteko erabiltzeak, eta ez biltzeko”.

Berriro eskola publikoaren eta ikastolaren arteko “banaketa gaiztoa”. Berriro ere, eskola publiko “integratzailea” eta ikastola “segregatzailea”. Eta barriro be, euskara “banatzeko eta ez elkartzeko” erabilia.

Errematerako, erantzun horixe aukeratu du kazetariak elkarrizketako goiburu gisa: “Pena handia ematen dit euskara bereizteko erabiltzeak, eta ez biltzeko”.

Maila (eskax) horretan gabiltza. Onkeriak eta menpekotasunak hezurretaraino jota.

Negargura ematen du halako aldrebeskeriak, ez Vocenton edo Prisan, baizik eta Berria batean ikusi behar izateak.
Hau da marka, hau!

Onkeriak berri Onkeriak berri
JJ Agirre

ELAkidea eta abar.

20 pentsamendu “Onkeriak berri”-ri buruz

  • Geure nortasunaren aurkako ofentsiba erabatekoa da. Euskaldun gisa bizitzeko desioa ere estigmatizatzen ari dira, ez omen da nahiko “inklusiboa”. Asimilatzeari eta desagertzeari uko egiten diogunak “xenofoboak” gara, moda dekadente berriei muzin eginez gero “eskuindarrak”. Pozoin ideologikoa barruraino sartu digute geure kulturan, autogorrotoa normaltzat jotzeraino.

    Ez bagara garaiz esnatzen, 100 urte barru ez da euskaldunik egongo

  • euskaldun bat 2019-03-10 17:31

    Egunero ikusten ditut nik adibideak eta nire ideia berresten dute: kanpotik etorri den inor ez da euskaldun egiten ale batzuk salbu. Batzuk hizkuntza ikasiko dute, bai, guk ere ingelesa badakigu eta noizean behin erabiltzen dugu baina ez gara ingeles egiten, eta bihar bertan ingeles guztiak mundu honetatik desagertuko balira, guk ez dugu salbatuko, akabo ingelesa! Ba beste guzti horiekin berdin: tituluagatik ikasiko dute gogo txarrez bederen, baina gu desagertuz gero beraiek ez dute ezer egingo.

    Beraz, ESKERRIK ASKO etorkinei ongi etorria egiten diezuen guztiei!

  • Peru Gabiriko 2019-03-10 19:20

    Iepaaa euskaldun bat.

    Ezin dira ukatu zure arrazoiak. diozun bezala gertatzen baita.

    Hala ere, zure proposamena ongi etorriko litzateke hona.

    Zein bide proposatuko zenuke? Horma sendo bat ipintzea,?? Beste lekuetara bidaltzea??
    Nola lortzen da hori?

  • Peru Gabiriko 2019-03-10 19:44

    Artikulua irakaskuntzaz mintzo baita, nago etorkinen seme-alabekin gogorrago jokatu behar genukeela. Zure diagnosia, euskaldun bat, zuzena da. Hauentzat euskara oztopo bat da, eta gazte orok egin ohi duenez, oztopoa arbuiatu egiten dute. Errazkerian bizi nahiko lukete. Ez dakit, oro har, gurasoek esfortzuaren kultura ongi erakusten ote dieten etxeetan…

  • Euskara ez da segregatzeko erabiltzen, eskola publikoetan ere euskara ikasten baita (A edo B ereduan bada ere).
    Hainbeste lan egin zuten gure guraso eta gaur egun ere aiton-amona abertzaleak diren ondorengook Arabako Errioxako ikastolei izugarrizko atxikimendua diegu. Etorkinek ez dute hori baloratzen eta ekonomikoki eskuragarriagoa zaien eskoletara bidaltzen dute haien haurrak.

    Beraz, horrelako kazetariei haien ideia asimilatzaileak aldarrikatzeko gure senideek gu eta eskualdea euskalduntzeko egin zuten ahalegin hori ez erabiltzeko eskatuko nieke.

  • euskaldun bat 2019-03-11 09:24

    Peru Gabiriko, duintasunagatik bederen, “ongi etorri errefuxiatuak” pankartarekin ez ibili, hori gutxienez eta hasteko; eta gutxiago autokarabana hartu eta Greziara joan batzuk hona ekartzeko, hori ere ikusi dugu eta. Eta are gutxiago Eurko Jaurlaritzak egin duen bezala 400.000 euro eman ezezagun batzuri itsasuntzi bat Mediterraneora joateko prestatzeko. Horma guk ezin dugu eraiki gure esku ez dagoelako, baina ez dago beharrik ere: laguntza zero. Gure jaiotze tasa handitzeko politika eraginkorrak hor zehar tontakerietan dirua xauhutu beharrean. Eta noski, fotokopia ateratzeko euskaraz hartatuko zaituzten dendara joan, urrunago badago ere.

  • Errefuxiatuei laguntza ematea egin behar oinarrizkoa da. Besteak beste gure “gizarte-eredu aurreratuaren ongizatea” herrialde ustiatuen lepotik eraiki dugulako. Bietatik bat, edo irekitzen dizkiegu ateak mixeriari eta heriotzari ihes egin diezaioten, edo laguntzen diegu euren herrialdeetan bizimodu duin bat eraikitzeko aukera izan dezaten, edo biak.
    Egia da ez garela Estatu bat, eta ez daukagula nahikoa eskumen inmigrazio politikan gura beste eragiteko, baina alderdi (abertzale) ausartagoak eta prestuagoak izango bagenitu, badago zer egin, badaude aukerak, baita euskara integrazio tresna bilakatzeko ere. Arazoa da, erakunde politiko eta sindikal abertzaleek, batzek beste batzuek baino gehiago, erdarak dituztela ardatz, eta ez euskara.
    Horiek esanda, artikuluak ez dauka zer ikusirik batek edo bestek zabaldu nahi izan duzuen eztabaidarekin.

  • euskaldun bat 2019-03-11 13:18

    Lehenbizi arazoa sortzen lagundu gero arazoa ezin konpondurik ibiltzeko. Lehenbizi partidu abertzaleei bozkatuko ez dien jendea ekarri eta gero partidu abertzale “ausartagoak eta prestuagoak” eskatu. “Gizarte-eredu aurreratuaren ongizatean” bizi garela sinestu eta jarraitu autogorrotatzen, beste batzuk jango dute eta segregatutako tarta zatia.

  • “Errefuxiatuei laguntza ematea egin behar oinarrizkoa da. Besteak beste gure “gizarte-eredu aurreratuaren ongizatea” herrialde ustiatuen lepotik eraiki dugulako”.

    Hori, JJ, ez dakit noraino zuzen den: non dago marra gure eta besteen artean? Tartekorik ez dago? Dena beltz eta txuri? “Gure”? Nor da “gu”? Argentina non kokatzen duzu? Batzuek besteak ustiatzen dituztela, ados, betidanik eta toki guztietan, baina zuk diozun marra hori non dago? Afrikarren artean ere ez al da izan eta dago besteak ustiatzen dituenik? Globalizazioaren munduan gaudelarik eta bla, bla, bla, nolatan hitz egin daiteke hain garbi “batzuk” baten eta “besteak” baten artean?

    Beste irtenbide bat, JJ: ongizate-estatua desegin. Prest nago ni. Eta bide batez estatuaren boterea murriztu.

  • “Euskaltegiko ikasleek inoizko mailarik onena dute, baina eskaileretan inoiz baino gaztelera gehiago erabiltzen da…”. Artikulutik.

    Oso adierazgarria. Euskal Herriak bizi duen egoeraren gordina. Eta gogorragoa izango da urteak igaro ahala.

  • Gilen Mejuto 2019-03-11 14:45

    Topo egin duzu euskal morroi hetero zuriekin, JJ.

    Ea behingoz hasten diren aurpegia ematen eta euren neurriko euskal VOX edo dena delakoa muntatzen duten. Zinez interesa daukat ikusteko noraino ailegatzen den olatua.

  • Bai… futbolaz idatzi izan banu, leku berean amaituko genuen, antza.

  • Zergatik erabiltzen da segregazio hitza inor baztertzen ez denean? Auto-segregazioa litzateke hitz egokiagoa, izan ere, guraso euskaldun edo euskaltzaleen joeraz ari gara zeina beren helburua den seme-alabak euskal giroan heztea, horretarako erdal girotik ezberdinduz edo auto-segregatuz. Zer du horrek txarretik? Hori ere salagarria omen? Ezin ote gara euskaldunak euskaldunokin elkartu aniztasun-kuota bete gabe? Nahikoa zaila da ikastola batek mesedetu dezakeen baldintza erlatiboki ezberdindu batean euskalduntasuna aurrera ateratzea, pentsa nola izango litzatekeen kontua zuzentasun politikoaren kumeek aldarrikatzen duten “eredu integratzaile” batean: ezinezkoa eta ezegokia.

  • Antton baldarra 2019-03-11 21:59

    Euskara xenofobiarekin lotu dute beti, erabilera propagandistiko bezala. Orain, agian, espainola multikulturalismoarekin lotu dezakete, ea jendeak zer deritzon. Nik ez dut jendea pozik ikusten… “Trasantlatikoaren biraketa” berri bat “arerioa hankamotz” uzteko? Ezer ez da ezinezko.

    Bestetik, zentzugabekeria litzake herri honetan gelditzen diren abertzale leial gutxi horiek, zer eta gure herria berriz saltzeko alderditto bat sortzea, xoxa pare baten truke. Baina tira, zoritxarrez batzutan (edo gehienetan), ezer ez da ezinezko herri honetan.

  • Ados, Oier. Euskaldunoi bizirauteko gelditzen zaigun aukera bakarra auto-segregazioa da.

  • Mundu global honek inposaturiko egoeran auto-segregazioa normaltasunez ezarriko da, kultura-aniztasuna ameskeria hutsa baita. Giza-komunitate bakoitzak bere bizimodua izaten jarraitu nahi du. Horren adibide dira kultura aldetik anitzak diren hirietan gertatzen dena, hau da, herrialde ezberdinen izaerak auzoek ordezkatzen dituzte (China Town, Korea Town, Little Havana, Little Italy…). Edozein hiriko mapa etnikoa bilatu eta auzo etnikoak aurkituko dituzue.

    Euskal komunitatea bizi nahi badu, korporatiboki antolatu beharko da. Bestela itsaso erdaldunak euskal komunitatea irintsiko du.

  • Nik Donostiako Jakintza Ikastola Publikora eramaten dizkiat haurrak. Arrazoi askogatik. Artian inguruko ikastola pribatuetan baino euskera gehiago egiten delako, bai haurren artian baita gurasoen artean. Bala horrek Donostian ez dik balio, ez behintzat Antiguan.

  • Jose Inazio Lopez de Luzuriaga 2019-03-12 23:18

    Kultura aniztasuna ez da ameskeria, amarrua eta gezurra baizik. Hizkuntzari dagokionez, praktikan euskaraz bizitzea ia ezinezkoa da Donostian, adibidez, eta hori Euskal Herriko hiriburu euskaldunenean. Bitartean espainieraz Madrilen bezain lasai bizi zaitezke Donostian. Orain dirua emango du Eusko Jaurlaritzak euskal prentsa sustatzeko. Ongi. Baina euskararen normalizazioan aurreratzeko euskaldunok behar duguna da euskararen estatusa aldatzea eta espainolarekin pare jartzea. Bitartean jai daukagu.

  • Eusko Jaurlaritzaren (euskararekiko) hizkuntza politikaren oinarria eskupekogintza da.
    Sos batzuk zabaltzen ditu euskalgintzako eragileen artean ozta-ozta biziraun daitezen, baina isilik egon daitezen sikiera.
    Ez dago aurrerapausurik. Ez dago euskaldunon eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko borondaterik. Baina ez dago politika mixerable hori auzitan jarriko duen erakunde politiko ez Euskalgintzakorik ere.
    Ezker abertzalearen kasuan, ez zaielako gaia interesatzen, bozka gehiegi mugitzen ez dituenez. Eta Euskalgintzaren kasuan, biziraupena arriskuan jarriko luketelako.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-03-17 23:12

    Begi bistakoa euskalgintzak eta jokoan diren dirutzak ezin direla konparatu Iparraldean eta Hegoaldean, ez aparantziarik ere.
    Halere, Han Txon, zure analisiak balio luke tiletez-tilet hemengo euskalgintzaren eta administrazioaren arteko harremanak azaltzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude