Globalizazio neoliberala
Globalizazio neoliberala –
70eko hamarkadatik aurrera, ultraliberalizazio ekonomikoan eta autoritarismo politikoan oinarritutako metaketa eta dominazio kapitalistaren marko hegemonikoan, sistema kapitalista finkatu egin zen nazioartean, polo politiko, militar eta ideologiko bakarra gailenduta eta indar eragile nagusi gisa AEB zuela. Hain zuzen ere, ekoizpen harreman kapitalistetan egindako berrantolaketak, gauzak birplanteatzea ekarri zuen, bai harreman inperialistei eta dominaziorako modalitateei zegokienean, bai dominazioaren inplementazioan sartuta zeuden aktoreei zegokienean.
Neoliberalismoa mundu mailan errotzearen faktorerik esanguratsuenetako bat da merkantilizazio intentsiboaren eta estentsiboaren konbinaketa. Nahasketa haren bitartez, inperioaren ekintza-eremua kualitatiboki eta kuantitatiboki zabaldu egin zen, irabazien logikatik kanpo egon zitekeen aukera sozial eta geografiko txikienik ere utzi gabe. Menpeko herrialdeak izan ziren dinamika hedakor pribatizatzaileak harrapatu zituen lehenak; laborategi neoliberalaren eskuetan zeuden.
Beste faktore bat da mundu mailako ekonomian sektore finantzarioak indarra hartzearen eraginez, eta zehazki, nazioarteko sistema finantzarioaren hipertrofiaren ondorioz, nazioarteko kapital finantzarioaren zirkulazioaren bolumena, %90 baino gehiago espekulatiboa, eguneko 3.000.000 dolarrera igo zuela, munduko merkataritzan ondasunen zirkulazioa baino ehun aldiz gehiago.
Testuinguru berri hartan, sistema kapitalista inperialistak haren ortodoxia espekulatibo eta pribatizatzailea bermatuko zizkion instituzioak zituen: Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Munduko Bankua. Haiek ziren periferiako herrialdeei presio egitearen arduradunak, mailegu berriak emateko beharrezkotzat zituzten doikuntzak (eskubide murrizketak eta pribatizazioak) egiteko. Bestalde, Gobernuz Kanpoko Erakundeetan oinarritutako egituren bitartez, inperialismo europarrak eta yankiak asistentzialismo injerentzista sustatu zuen, pobretutako herri masen atsekabea eragiteko eta sakoneko aldarrikapen politiko nahiz antolakuntza zantzu oro desaktibatzeko.
Azkenik, sistema kapitalistaren ardatz zapaltzaile eta esplotatzailean, mundu mailako bihurtu nahi zuen neoliberalismoaren dimentsio hedakor eta finantziarizatuak areagotu egin zituen desparekotasunak herrialde guztietan, baina, bereziki herrialde inperialisten eta menpeko herrialdeen artean. Burgesien arteko lehiakortasunean oinarritzen den ardatzean, berriz, neoliberalismoak gerraosteko inperialismoaren berezko joera finkatu zuen, potentzia inperialisten arteko gerra-konfrontazio gabeko testuinguru batean garatu zena, periodo klasikoan (XIX. mendean eta XX. mendearen lehen erdian) ez bezala. Fase neoliberalean, mundu mailako bloke dominatzailearen baitan, kontraesanak ez dira lehertzen inperioen arteko gerretan, bi arrazoirengatik: batetik, jatorri nazional desberdinetako (transnazional, multinazional) enpresen arteko asoziazio ekonomiko sendo bat eratu eta indartu zelako; eta bestetik, eragile nagusietako batek, AEBk, gailentasun beliko absolutua eta beldurgarria eskuratu zuelako.
Hala, fase inperialista berri honen ardatz esplotatzailearen (merkantilizazioa eta finantziarizazioa) eta lehiakorraren (kapitalen arteko asoziazioa) oinarrian elementu ekonomikoak egon arren, bada beste elementu gako bat, bi ardatz horietan agresibitatea eta kooperazioa ahalbideratzen dituena: militarismo yankia. Aurreko inperialismoen gisan, gaur egungo inperialismoak ere berregin beharra dauka gerraren bitartez. Aurrekoekin alderatuta, aldatu dena gerra horien hartzaileak eta formak dira. Lehen, potentzia handien arteko konfrontazio odoltsuak ziren; egun, burgesien arteko disuasioa eta yankiek koordinatutako inbasio inperialista suntsitzaileak.
Globalizazio zer…? “Sistema kapitalistaren ardatz zapaltzaile eta esplotatzailea”, “fase inperialista”… Ze nekagarria dena!
Kapitalismoa definizioz indibidualista da, ez dago sistematizatua. Sistemak dira, adibidez, faxismoa eta komunismoa, Estatua indibiduoen gainetik jartzen dutenak.
Egun ezagutzen dudan globalizazio bakarra da “ezkerrekoak” aurrera eramaten saiatzen ari zaretena.