Armagintza eta euskal erantzukizuna

Armagintza eta euskal erantzukizuna –

“Kontzientziaren mugetatik haratago” izenburupean argitaratu zuen Günther Anders filosofoak Hiroshiman bonba atomikoa jaurtitzeko agindua eman zuen Claude Eatherly soldadu ohiarekin izandako eskutitz-trukaketa. Eatherly psikiatrikoan zegoen, errudun-kontzientziak jota, nahiz eta EEBBetan askorentzat heroi bat izan. Anders-entzat, munstrokeria horren erantzuletako bat izan arren, biktima ere bazen. Nahiz eta administrazioak buru-gaixotzat hartu eta itxi, bere ingurunea baino osasungarriago zegoen, erruaz kontziente zelako eta ahaztu nahi ez zuelako. Aldiz, egindako basakeria gainditu eta normaltasunez bizi ziren soldadu ohiak osasuntsu omen zeuden jendarte horretan. Bonba jaurti zuen Enola Gay bonbaketariko tripulazio-kidea zen Joe Stiborik-ek arinki azaldu zuen: “bonba bat baino ez zen izan, handiagoa zena ordea”.

Armagintza eta euskal erantzukizuna
Eurofighter typhoon. Zenbait pieza Euskal Herrian ekoizten dira.

Aipatutako liburuak hausnartzeko elementu interesgarriak ditu, hemen bertan egunerokotasun osokoak. Euskal Herritik bonba atomikorik jaurti ez badira ere, herri batzuen hondamendia dosifikatzen da. Urte hasieran Gasteizen egindako Gerrarako Eusko Label armak jardunaldietan salatu denez, hemen armagintza oso presente dago, nahiz eta Radio Euskadiko elkarrizketa batean Urkullu ehiza-armetara mugatzen saiatu. Batzuentzat harrotasun-iturri den tradizio handiko euskal armagintzak bere horretan dirau, ekoizpen solik militarra ala zibila ere daukaten enpresak 100 baino gehiago izanda (ikusi web-ean Gasteizkoak kolektiboaren “Estas guerras son muy nuestras”). SAPA, Aernnova, ITP edo Sener bezalako enpresek bere lanean darraite, banku askoren (BBVA, Caixabank, Caja Rural, Kutxabank…) finantzazioa eskuratzen eta instituzio publikoen (nagusiki Eusko Jaurlaritza, baina ez bakarrik) diru-laguntzak eta sariak ere jasotzen. Bitartean, milaka kilometrotara, pasa den urtera arte Bilboko portuan ontziratutako bonbak Yemenen etengabean erortzen dira, euskal piezez hornitutako Eurofighter-rek Yemen eta beste herri batzuk bonbardatzen dituzte edota hemengo enpresekin kolaborazioak dituen sektore aeronautiko sionistak palestinarren garbiketa ahalbidetzen du. Era berean, euskal unibertsitate publiko zein pribatuetan garatzen den ikerketak eta sinatzen diren hitzarmenek heriotza-industria honetan topatzen dute ere beren aplikazioa. Beste herrietako biktimen odolak ez du euskal lurra zipriztintzen fisikoki baina hemengo enpresa, instituzio eta langile asko heriotzaz, mutilazioaz eta dramaz zikinduta daude.

Izan ere, heriotza-industria kate luze bat da, non eragile askoren inplikazioa behar den, suntsiketa-produktuak negozio-bidea aukeratzen duten enpresarietatik haratago. Eskrupulurik gabeko negozio bat baino ez da haientzat; estaltzen saiatu behar dena, baina negozio huts bat, non etika lehiakortasunerako oztopoa baino ez den. Humanismo baloreen izenean negozio hori alboratzeko eskatzea harrapakaria belarjale bihurtzeko eskatzea bezain alferrekoa da.

Historiak erakutsi digu ere kapitalismoak ez duela funtzionatzen merkatu libre batean eta kapitalistek Estatuaren instituzioen estaldura daukatela beren jardueretarako. Euskal armagintzak jasotzen duen diru publikoak baita ikerketa zentro publikoekiko kolaborazioek agerian uzten dute instituzioen erantzukizuna. Nagusia den klase burgesaren interesak defendatzeaz gain, gainontzeko herritarren interesak defendatzea omen badagokie, ez legoke gaizki beste herrietako pertsonen interesen alde egiteko eskatzea, hemen ekoiztutako gailuek hilda ez izateko eskubide apala bada ere… Nahiz eta inposturik ez ordaindu hemen, bizitzarako eskubidea daukate beren herrietan.

Beste aldetik, ezin dugu ahaztu langileak ere kate horren ezinbesteko parte direla, armen diseinuan, ekoizpenaren fase ezberdinetan, logistikan edo armen garraioan. Kate-begi hauek gabe, heriotza-kiribil honek ez luke jarraituko herriak eta pertsonak triskatzen. Anders-ek azaltzen zuen gehiegitan ez ditugula lotzen gure ekimenak eta ondorioak, eta ohartarazten zuen bakoitzaren lana diluitzen eta ondorioen arduraren karga desagerrarazten saiatzeaz. Ihes-bide ezberdinak daude langilearen kontzientzia deskargatzen saiatzeko: ekintzaren ondorioa zorian utziz (fusilamendu pelotoietan jaurtigairik gabeko fusilen moduan, agian nik ekoitzitako bonbek ez dute inor afektatu… ez dut inoiz jakingo), norberak egin ezean beste batek egingo lukeela, lan bat egitera mugatzen ari dela, aginduak betetzen ari dela (“transmisio-uhal hutsa” izanda erantzukizun osoa beste bati transferituz) edo elikatu beharreko seme-alaben defentsak beste seme-alaben heriotza edota mutilazioak justifikatzea (“nireak”, inoiz ezagutuko ez ditudan “beste horien” gainetik).

Baina parte-hartzaile zuzenez gain, jendarte baten parte bezala guztiok daukagu erantzukizuna. Ezaguna da III Reich-en kolektibitate batzuen sarraskien aurrean Alemaniako populazioak izandako konplizitatea edota Argentinan 30.000 lagun desagerrarazi zutenean klase ertaineko zati handiak izandako ez-sinetsi-nahi jokabidea, suma zitekeena ez zela hainbesterako izango auto-sinestaraziz. Hurbilago, azken hamarkadetako milaka tortura kasuen aurrean ukatze edota gutxitze jarrera oso zabalduta egon da askoren artean hemen ere. Galdetu behar diogu gure buruari ea ez garen antzeko zerbait egiten ari eusko label armagintzarekin. Ardura daukagu, lehenik eta behin, hemen zer ekoizten den eta zertarako erabiltzen den jakiteko eta ezagutarazteko, ez-ikuste posizio erosoak alboratuz. Mugimendu antimilitaristak jakinarazi digu aspaldidanik datu zehatzekin. Horretaz haratago, beharrezkoa da instituzioak presionatu industria-mota hau inolako bultzada publikorik ez jasotzeko eta erabilera militarrak ez dituzten enpresetara eraldatzeko eskatzeko. Ez dezatela saldu eta ez dezagula erosi ankerkeria hau ekonomiaren edota lan-postuen izenean. Euskal instituzioetatik bertatik zabaldutako eta hain era akritikoan barneratzen dugun jendarte solidario izatearen ideia hori astindu behar dugu ere, auto-konplazentzia lasaigarria deseginez. Elkartasun-marketina baino ez diren instituzioen diru-laguntza eta kooperazio-proiektu askok ezin dute zuritu euskal armen ekoizpen eta esportazioaren errealitate gordina.

Beste herrien triskantzaren konplize zuzenak edo ez-zuzenak garen bitartean, hemengo gobernu eta instituzioek heriotza-merkatua babesten duten bitartean, ez gara gehiegi ezberdintzen EEBBetako jendartetik non Hiroshima bonbardatu zutenek ulertze eta gorespena zeukaten.

Armagintza eta euskal erantzukizuna
Armagintza eta euskal erantzukizuna
Armagintza eta euskal erantzukizuna
Armagintza eta euskal erantzukizuna

Internazionalista. EHUko irakaslea

13 pentsamendu “Armagintza eta euskal erantzukizuna”-ri buruz

  • Herri inbaditua, masakratua, okupatua eta kolonizatua izan ez gero orain inperialismozaleak garela entzun beharra dugu…
    Gu gara inperialismoaren biktimak eta ez ditugu instituziorik, gureak suplantatuak izan direlako.
    Estatu bahitua gara eta bahitzaileak neutralizatu arte ez dugu nazioarte mailan ezer pintatzerik eta ezer egiteraik.

  • Jesus! Freud, hori baldin bada herri honetaz daukazun perzepzioa hobe zenuke hemendik alde egitea e do zeure buruari tiro bat botatzea. Desgrazia ikaragarria izan behar da zuk deskribatzen duzun bezalako herri batean bizitzea ( agian Burkina Faso izango da?). Nik ez dut hemen zuk ikusten duzun herri hori errekonozitzen….

  • Eta nola neutralizatuko ditugun bahittzaileak ihesa egiten badugu edo gure buruari tiro bat botatzen badugu, Xan? Etsaia gustora geratuko litzateke baina ez diogu plazerra hori emango. Bertako betaurrekoekin hemengo errealitatea ikusiko zenuke baina inperialismoaren tri-dimenzional aparatuekin, egia da, abentaila osoa bere eskuetan dagoela.

  • Nik ez dut betaurrekorik behar nire ingurua begiratzeko, neure begiekin ikusten dut eta harrituta nago, ez dut inondik inora zuk aipatzen dituzun izugarrikeriak hiperbolikoak ikusten. Agian betaurreko okerrak zeuk erabiliko dituzu….

  • Eta, 2019. urtera iritsita, nor ez da dagoeneko “beste herrien triskantzaren konplize zuzena edo ez-zuzena”? Demagogia eta autogorroto gutxiago, mesedez, ematen baitu batzuk santuak direla eta besteok kabroi putak.

  • “Historiak erakutsi digu ere kapitalismoak ez duela funtzionatzen merkatu libre batean eta kapitalistek Estatuaren instituzioen estaldura daukatela beren jardueretarako”.

    Bi zati ditu esaldi horrek. Lehenik, kapitalismoak oso ongi funtzionatzen du merkatu libre batean (kontrol-mekanismo gutxi batzuk beharrezkoak dira). Bigarrenik, salagarria da Estatuaren neurrigabeko edo gehiegizko esku-sartzea merkatu libre batean, eta maizegi gertatzen da.

    Beraz, esaldiaren lehen zatiarekin ez nago ados; bigarrenarekin, bai, ez baitzait gustatzen gehiegizko esku-sartze hori.

  • Xakht, zure pentsamoldearen baitan ez dut antzematen merkatuaren bidez Estatuek baino are botere handiagoa eskuratu duten korporazio edo kartel pribatuen zantzurik, zeinek merkatuko esparru gehienen monopolioa eskuratu duten aspalditik, eta, ondorioz, merkatua beren esparru pribatua bilakatu duten. Kartel horien boterea horren da handia ezen aspalditik duten sartua euren eskua Estatuan. Gaur egun logia eta klub berdinetan biltzen dira Estatu aparatuko elementurik garrantzizkoenak, kapital finantziero internazionaleko jauntxoak, Santander edo Iberdrolako goi karguak eta mafiarik makurrenetako elementuak. Eta logia edo klub horietan ezartzen dituzte gerora lege modura inposatuko dizkiguten agendak. Ez da existitzen zuk irudikatzen duzun kapitalismo osasuntsu eta bidezko hori xakht. Egungo errealitatea korporazio, klub edo kartel (estatal edo pribatu) ezberdinen arteko gerra totala da, eta horren erdian putre guztien bazka den hiritargoa edo masa deserrotua dago, gure lana eta energía delarik parasito horien elikagai. Hori da dagoen jokoa, eta ez dago veste aukerarik. Euskaldunon aukera argia da: korporazio gisa jokatzen dugu joko horretan edo bertze korporazioen bazka moduan jarraitzen dugu, hori bai, moralki hoberenak garela sinetsiak.

  • Oier, ziurrenera ez gara planeta (metaforiko) berean bizi.

  • Ez xhakt, ezagutza esoterikoa falta zaizu. Hori da kontua

  • Hori da, bai: nik exoterikoa nahiago dut, planeta honetan bizi naiz eta.

  • Ba oker zaudelakoan nago, xakht. Gauza garrantzizkoenak antzeztokiaren atzealdean gertatzen dira, ezkutuko alorrean. Eta kapitalismoa defendatzeko, lehenik kapitalismoaren ezkutuko alorra ezagutu behar da, alor esoterikoa alegia.Horren jabe ezaren artean, zure planeta, fantasiazkoa izango da, hain zuzen ere, marxisten fantasiazko munduaren antzeko zera bat.

  • Adibidez, gaur egun Estatu aparatuko elementurik garrantzizkoenak logia eta klub berdinetan biltzen direlako horrek… zer du esoterikotik? Horrexegatik nioen kontrol-mekanismo gutxi batzuk beharrezkoak direla. Beharbada kontua datza horiek zenbat izan behar diren zehaztean. Neurri kontua da dena, agian.

    Bestela, ados: marxismoa fantasiazko mundua da, eta oso arriskutsua. Faxismoaren tankerakoa. Nik benetan ez dut alderik ikusten bataren eta bestearen artean.

  • Erresistentzia 2019-03-02 13:59

    Armagintzaren modelo enpresariala bada arazoa, moda jarraituz, Armakoop moduko bat sortzeko tenore onean gaude.