Feminismoaren plazaratzean aldaketa gertatu da, eta nabari da literatur plazan ere
Feminismoaren plazaratzean aldaketa gertatu da, eta nabari da literatur plazan ere –
Orain hilabete inguru, Iratxe Retolaza irakasle eta literatur kritikaria elkarrizketatu zuen Klitto agerkari feministak:
.
«Azken urteotan feminismoaren plazaratzean aldaketa gertatu da, eta hori nabari da literatur plazan ere»
.
Durangoko azokan buru-belarri sartuta gauden honetan, Iratxe Retolaza Gutierrez (Donostia, 1977) literatura-kritikari eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearekin hitz egin dugu.
Genero ikerketak eta ikasketa feministek euskal literaturan, eta Durangoko azokan, edukitako eraginez gogoeta egin du.
.
“Generoaren gatazkak zeharkatzen du euskal literatura garaikidea” aipua irakurri dizut. Zer esan nahi duzu?
Joera izaten da emakume izendatuen literatur lanak aipagai edo gogoetagai izatean, literatur lan horietan genero-gatazkaren edo genero-irudikatzeen arrastoak topatzekoa. Gizon izendatuen literatur lanak aztertzerakoan, aldiz, genero-diskurtsoak azaleratzeko ohitura gutxiagoa dago, oro har. Izan ere, gizon izendaturikoek irudikaturiko gatazka horiek genero-gatazkaren begiradatik aztertu edo interpretatu beharrean, sarritan giza kontzientziaren gatazka gisa edo giza existentziaren auzi gisa interpretatu izan dira, edo gai unibertsal gisa (maitasuna, adiskidetasuna, eta abar). Hain zuzen ere, interpretazio-bide horrek genero-gatazka bera ikusezin bilakatzen du, unibertsaltzat eta neutrotzat hartzen diren parametro batzuk sortzen baititu (gizon zuri heterosexual klase ertainekoaren maitasun-eredua, edo gizon zuri heterosexual klase ertainekoen arteko adiskidetasun-eredua, eta abar), batere neutro badira ere, eta genero-zama handiko mundu-ikuskerak badira ere. Euskal literatura garaikidearen ibilbideari erreparatuz gero, ordea, izan genero-diskurtsoek zeharkatzen dute alderik alde literatura garaikidea, tematikoki, izan formalki, eta joera hori narratibaren bilakaeran behintzat oso-oso nabarmena da, askotan nobelaren tramek eta argumentuek ere genero-gatazkaren bat dutelako ardatz nagusi (bikote heterosexualen arteko gatazkak, familia-egitura patriarkaletan sorturikoak, anaitasunaren imajinarioak sorturikoak, feminitatearen edo maskulinitatearen ereduek sorturikoak, eta abar).
“Generoaren gatazka” deritzozun hori gero eta gehiago “problematizatu” da azken urteotan emakume feminista ugarik argitaratu dituzten eleberrietan, horrek euskal literaturan aldaketa bat ekarri duela uste duzu?
Azken hamar urteotan feminismoaren plazaratzean aldaketa handia gertatu da, eta hori nabari da literatur plazan ere. Duela hamar bat urte, Amaia Alvarez Uriak eta Gema Lasartek sustaturik Sareinak taldea sortu genuen (2007. urtean), Literatur Kritika Feminista sustatzeko plataforma gisa, Skolastika akademiako Josune Muñoz ere kide zela (Gaur egun ere haiek segitzen dute urtean behin ekimen bat antolatzen, nik beste kolektibo batzuetan aritzea lehenetsi nuen, guztira ezin heldurik: EDO! argitaletxea lehenik, Emagin elkartea une honetan). Garai hartan, ?eta nire inpresioz ari naiz, ez Sareinak taldearen izenean?, sumatu nuen emakume idazle gehienei ez zitzaiela erosoa, batez ere belaunaldi jakin batzuetako idazleei, literatur plazara feminista gisa agertzea, eta halaber, “emakume idazle” izendapenarekin deseroso sentitzen zirela. Ulertzekoa oso, emakumetze hori ere askotan gutxiespenerako estrategia bat izan delako, edo bazterreko esparru bat eraikitzeko bide. Jakina, 1980ko hamarkadatik aurrera literatur plazan feminista gisa agertu ziren idazleekin ez genuen halakorik sumatu: Itxaro Borda, Laura Mintegi, Arantxa Urretabizkaia, eta abar. 1980ko hamarkadan ere “emakume idazle” kategoria hori birdefinitzeko, birpentsatzeko eta auzitan jartzeko lana egin dute horiek, eta emakume izendapena hain zuzen ere bazterreko esparru horren eraikuntzari erantzuteko estrategia gisa jorratu. Nolanahi ere, 2007. urtearen bueltan literatur plazan urte gutxi zeramatzaten idazleen aldetik halako deserosotasuna sumatzen zen feminismoa eta literatura aipatzerakoan, edo emakumea eta literatura aipatzerakoan. Azken urteotan literatur plazara jauzi egin duten idazleetariko askok, aldiz, erosotasunez ez ezik harrotasunez dihardute halako gaien inguruan, bereziki esparru publikoan eta prentsan egindako gogoetetan (literatur lanetan baino nabarmenago, nire ustez). Testuinguru horrek erraztu egin du literatur esparruan feminismoaren inguruko sarea sendotzea, eta gogoetarako espazioak abian jartzea. Nolanahi ere, Literatur Kritika Feministaren esparruan, eta oro har, Kultur Kritika Feministaren esparruan egiteko askotxo dugula iruditzen zait, formazioan sakondu ez ezik, jarduteko bideen inguruan gehiago pentsatu behar dugula iruditzen zait.
Diskurtsoari dagokionez zein aldaketa egon dira, eta nola jaso ditu aldaketa horiek irakurleak?
Irakurle-komunitateak, oro har, diskurtso literario feministak nola jaso dituen ezin esan, irakurle-komunitatearen inguruko ikerketa sakonagoak beharko genituzke horren berri eman ahal izateko. Aldaketa horiek, nolanahi ere, gertaera jakin batzuk sortu dituzte, literatur esparruko sare feminista hori ikusgai egin denez, irakurleek ere antzeman dutelako aldaketa hori. Ikusgaitasun horrek, gaur-gaurkoz, irakurle-komunitatean batez ere aldaketa hau ekarri duela uste dut: euskal literaturara jotzeko ohiturarik ez zuten feminista batzuk hurbildu dira eremu horretara, euskarazko literatur lan batzuk irakurtzera. Bestalde, sare feminista horretaz gain, gero eta oihartzun handiagoa du literatur esparruko eragileen artean beste uste honek: irakurleen gehiengoa emakumea da euskal literaturan (irakurle taldeetan sumatzen omen da, Durangoko Azokako erosleen profilean, egindako inkesta soziolinguistikoetan, eta abar).
Irakurleen profil berriak sortu badira ere, eta profil orokortzat emakumea irudikatzen bada ere, irudipena dut ez dugula modu oso esanguratsuan aurrera egin literaturaren irakurketa feministan, edo ez ditugula behar beste auzitan jarri literatur esparruko prestigio-jokoak. Jakina, urrats garrantzitsuak egin ditugu, azken urteotan hainbat lekutan irakurle talde feministak badaudelako (Skolastikan, Emakumeen Etxeetan, Jabekuntza Eskoletan eta abar). Gune horietatik kanpo, ordea, gutxiago hedatu dira irakurketa feministak, bai literatur testuei dagozkionak, bai literatur esparruari dagozkionak. Bada hor ere auzi bat, aztertu eta landu beharrekoa, arrakastaren eta aitortzaren arteko talka. Azken batean, literatur lan bat asko erostea edo asko irakurtzea irakurle-komunitatean arrakasta ziurta dezake, baita ikusgaitasunari bide eman ere, baina, ez du horrek zertan bat etorri aitortza literarioarekin (hain zuzen ere, gai hori izan zuen hizpide, besteak beste, Ibon Egañak “Egiletasuna eszenaratzeko moduak: hurbilketa bat genero-ikuspegitik” UEUko ikastaroan).
Feminismotik ari diren euskal idazle emakumeak multzo bakarrean sartzen dira askotan, bakoitzak dituen estilo eta ñabarduretan hainbeste erreparatu gabe. Zergatik gertatzen da hori?
Homogeneizatze-estrategia hori bada nortasun literario pertsonalak eta literatur obra jakinak gutxiesteko bide bat, batez ere literatur esparruan autoritatea singularitatearen eta originaltasunaren parametroetan eraiki izan delako sarri, Ibon Egañak ere aipaturiko ikastaroan azaldu zuen moduan. Testuinguru horretan, singularitate modura ez aurkezteak, eta original modura ez aurkezteak badu autoritate literarioa ukatzeko zantzurik, komunitate baten atzean ekarpen literario jakinak estaltzeko estrategia gisa, kolektibo baten ordezkari gisa irudikatzeko idazlea, eta ez bere obraren ordezkari gisa.
Durangoko Azoka euskal literaturaren leiho handienetako bat dela esan genezake. Zer suposatzen du?
Salmentaren ikuspegitik izango da leiho handienetakoa akaso, baina, ez dut uste beste zentzu batean hain leiho handia denik. Mediatikoki bai, funtziona dezake batez ere jada ikusgaitasun handia dutenek ikusgaitasun hori elikatzen segitzeko, edo balio dezake asko saldu den zerbaitek oihartzuna izateko, salmenta-kopuruari esker. Nolanahi ere, uste dut euskal literaturaren diskurtsoak, sareak, ibilbideak… ez direla hor josi ohi, akaso bai harreman batzuk, eta batez ere diskurtso mediatikoa. Literatur logikak, aldiz, uste dut beste leku batzuetan negoziatzen direla oraindik ere, ez Durangoko Azokan bertan.
Banatzaileen stan handiek okupatzen dute azokaren zatirik handiena, horrek zein kalte egiten diete denda txikiei?
Bisitari adina Azoka dago. Izan ere, bisitari bakoitzak ibilbide pertsonal bat egiten du, eta ziur asko, jada aurretik erabakitako gune jakin batzuetara hurbilduko da. Noski, badira ere ibilbide jakinik gabe azokan zehar mugitzen direnak, eta horien kasuan bai, stand handien logikak agian eragina izango du, oharkabean. Bisitari askok, aldiz, stand jakinetan zehar egiten du ibilbidea, stand kuttunetara hurbiltzen da. Gainera, une honetan azokan stand-en logikaz besteko logikarik ere badago, hainbat aurkezpen, zuzeneko edo gogoeta-gune badaudelako, eta zentzu horretan, stand handien logikaz beste mugitzeko zirkuiturik bada.
Banatzaile handietatik kanpo beste hainbatek ere jartzen dituzte standak, baina kostu ekonomikoa dela eta, sarri elkarte eta eragile ugarik stand bakarra konpartitzen dute. Egoera horrek aliantzak sortzeko balio dezake?
Esan bezala, Durangoko Azoka erosketa-gune izateaz gain, baditu egun bestelako guneak ere, eta horietan sor daitezke eragileen arteko aliantzak, baita azoka alternatiboan ere. Eta zuk aipatu bezala, batzuetan stand bera partekatu behar izateak ere aliantzak josteko aukera ematen du, edo beste proiektu batzuen berri izateko aukera eman ere. Zentzu horretan, bai, komunitate jakin batzuen arteko sareak egiteko aukera ona da Azoka, bestelako zirkuituak sortzeko. Nik, esaterako, ez dut erosi ohi azokan argitaletxe ohikoetan, besteak beste, liburu horiek nire ohiko liburu-dendan erosirik ditudalako gehienetan Azoka heltzerako. Azokara noanean batez ere ohiko liburu-dendan eskuratzea zailago zaidana erosteko aprotxatzen dut, edo autoedizioan ekoizturiko lanak eskuratzeko, edo kultur elkarteek edo eragile sozialek ekoizturiko lanak eskuratzeko.
Genero ikuspegitik azokaren dinamikei, espazioari eta abarri begiratuta zer ondorioztatu genezake?
Oso-oso interesgarria litzateke ikerketa-bide hori jorratzea; alegia, Azokaren edizioren batean genero-azterketa xehe bat egitea, eta Azokaren inguruko hainbat alderdi aztertzea: genero-estatistikak aztertzea (ekoizpenen egiletzan, standetako ikusgaitasunean, propagandako irudietan, mahai-saltzaileen, sinatzaileen artean, eta abar), eta baita genero-diskurtsoak zein genero-logikak aztertzea. Egia esateko, ez dut halako gogoeta sakonik egin azken urteotan, azkar batean ibili izan naizelako Azokan zehar. Gogoan dut duela pare bat urte argi ikusi genuela zenbait argitaletxetan propaganda irudi handienak eta erdigunean kokaturik zeudenak idazle kontsagratu gizonenak zirela, eta sinbolikoki oso kokapen jakina zutela (baita argazki-eran ere). Edo gogoan dut aipatu izan dugula bitartekari-lan ikusezinetan emakume askotxo ikusgai daudela azokan (salmentan, koordinazio-lanetan…), normalean plaza publikoan ikusgai ez direnak. Baina, halako unean uneko inpresioez gain, ez dut gogoeta orokor bat egiteko adina datu bildu edizio jakin batean, gogoeta esanguratsu bat egiteko.
Emakumezko eta gizonezko sortzaileen lanak parekatuta egoten dira azokan?
Ez dut uste orokortu daitekeenik, stand bakoitzak logika propioak sortu ohi dituelako. Ziur asko, stand jakin batzuetan genero-ikuspegiari ez zaio erreparatuko, eta hala denean, gizonezko sortzaileen lanak hartuko dute ikusgaitasun handiena (ekoizpenak kokatzeko moduan, ekoizpen-kopuruan, irudia sortzerakoan, diskurtsoak sortzerakoan…). Beste stand batzuek genero-kontzientzia hori astindurik izango dute, eta antzemango da hori ekoizpenak kokatzeko moduan, irudietan zein diskurtsoetan. Segur aski standez stand egin beharreko azterketa dugu. Gainerakoan, kultur programazioan nahiko orekaturik dago azken urteotan, nahiz eta antzematen den ekimen garrantzitsuagoetan, prestigio handiagokoetan edo kutsu instituzionalagoa dutenetan gizonen presentzia handiagoa izan ohi dela
Aurtengo azoka duela 30 urteko azokaren alderatuta zein aldaketa aurkituko genituzke (lanen diskurtsoa, okupatzen duten espazioa, garrantzia….)?
Aldaketa erabatekoa izan da, eta hain zuzen ere, Durangoko Azokaren bilakaeran kultur esparruaren bilakaerak EAEn egin duen bidearen ikur ere bada. Azoka elizapean hasi zen, merkatu txiki baten modura egituraturik, eta ondoren, azokara igaro zen, aterpe handiago batera eramanda. Azkenik, Landako erakusleihora egin zuen jauzi. Espazio-aldaketa horrek ere, esan bezala, kultur esparruaren bilakaera irudikatzen du, merkatu-ikuspegiak gero eta leku handiagoa hartu baitu, eta horrekin batera diskurtso mediatikoa gailendu baita. Duela 30 bat urte kulturazaleen edo euskaltzaleen elkargune bat zen, gaur egun hori ere bada, baina areago ere badoa, kulturazale ez den jende asko doa, urteroko hitzordutzat baitu, nahiz eta kultura agenda pertsonalean egon ez urtean zehar.
Zein literatur gomendio egingo zenituzke aurtengo Durangoko Azokarako?
Zintzoa izateko, nahiago gomendiorik ez eman, azken asteetan argitaratu baitira 2018ko libururik gehienak, eta irakasleontzat azaroa hilabete betea izaten da, eta liburu gutxi batzuk baino ez ditut irakurri. Nahiago, beraz, iritzirik ez eman, ez baita oso iritzi sendoa izango.
Bide batez, horrek ere irudikatzen du Durangoko Azokaren ezaugarri bat. Azokan aurkezturiko liburu gehienak argitaratu berriak dira, Azoka baino aste gutxi batzuk lehenago aurkezturikoak. Horren ondorioz, Azokara hurbiltzen gara kultur kritikaren iritziak garatu gabe, edo kontrasterako tarterik kasik gabe. Zentzu horretan, irakurle-komunitateak oso-oso pista gutxirekin doa Durangora, besterik gabe, kultur kritika garatzeko tarte gutxi dagoelako argitalpen-unetik salmenta-unera arte. Egia da euskal kulturan kultur kritika sendotzeko premia badagoela, oro har, baina, Azokaren kasuan, testuinguru horrek ere ez du ahalbidetzen kultur kritika patxadatsurik.