Asisko Urmenetak Agosti Xahori buruzko liburu BioGrafikoa aurkeztu du

Asisko Urmenetak Agosti Xahori buruzko liburu BioGrafikoa aurkeztu du –

Asisko Urmeneta marrrazkilariak “AztiHitza” liburua aurkeztu zuen atzo Bilboko Kafe Antzokian; Agosti Xaho zuberotar pentsalari eta ekintzailearen bizitzari buruzko liburu BioGrafikoa.

Liburua Erroa argitaletxeak plazaratu du eta mugaz bi aldeotako euskaldunon elkarlanaren emaitza da, Herrima kultura elkartearekin eta Atharratzeko Prefosta elkartearekin elkarlanean argitaratu baita.

Entzun berria Bilbo Hiria irratian:

 

Erroa argitaletxekoAsisko Urmenetak Agosti Xahori buruzko liburu BioGrafikoa aurkeztu du ordezkari Xabier Monasteriok bi berbatan laburtu du liburua aurkezpenaren hasieran: elkarlana eta ikerlana. “Elkarlana da, lagun eta elkarte askoren artekoa delako, eta ikerlana da ez delako komiki liburu solte bat. Ez, hona orduko testu eta artxibo asko irakurri behar izan ditu Asiskok. Horri esker gauza berri asko ikasiko ditugu Xahori buruz eta haren inguruko irudia aldaraziko digu”, azaldu du Monasteriok.

Urmenetak azaletik hasita aurkeztu du liburua. “Azala bera da Xahok 1834an argitaratu zuen Azti-Begia liburuaren remake bat. Xaho bera hor bera hor kokatu dut eta izarra, ipar orratza dena”. Izenburua bera Azti-Begia-tik laburtu eta palindromoa sortu du Urmenetak -ezkerretik eskumara eta eskumatik ezkerrera berdin irakurtzen den hitza-, Xaho “sortzaile eta, jostariari” keinu eginez.

Barrualdeko lehen irudian, berriz, Xahok egin zuen bidaia irudikatu du Asiskok, “Voyage en Navarre pendant l’insurrection des basques (1830-1835)” liburuan kontatu zuena. Baionatik abiatu zen, kontrabandista batzuekin kontaktua eginda, eta Lekunberrirainoko bidaia egin zuen. Frantsesez lehenik eta gerora zubereraz argitaratu zuen bidaia liburua. “Kerouac-en liburuan ‘iragana ekialdean dago eta etorkizuna mendebaldean’ esan zuen, ni kontra naiz, behar baititugu bide guztiak gurutzarazi. Horregatik jolas txikia egin nahi izan dut. 1834an abiatu eta Atharratzera 2018an heldurik, erakusteko bertan badela euskaldunik, badela jenderik eta ekintza interesgarririk”, esan du Urmenetak.

Egiazko egitatea profitatu du Asiskok kontaketarako abiapuntutzat: bizkaitar batzuek Xahoren sortetxea erosi dutela eta utzi egin dietela bertako gazteei beraiek nahi bezala kudeatu dezaten. “Trinketea Atharratzen Prefosta izeneko elkarteak kudeatzen du, eta Bizkaitarren baldintza izan da Xahoren memoria ohoratzea eta Euskal Herrian barrena hedatzea. Horregatik Xahoenea trinketekoek Gure proiektua kontatu genienean, interesatu ziren eta Erroa argitaletxeaz gain Prefosta elkartea, Gure Berriak webgunea eta Herrima elkartea bildu dira elkarlanean”, argitu du marrazkilariak.

.

Xaho, zinezko erromantikoa

“Bidaia Nafarroara euskaldunen oldartzearen denboran (1830-1835)”, aurten argitaratu du Maiatz argitaletxeak, eta Asiskoren iritziz “bertan asko ikasten da Xahorengandik”; baina jakintzan sakontzeko, liburu eta dokumentu ugari irakurri ditu marrazkilariak, eta zenbait datu bitxi aurkitu ere bai. Asiskok azaldu duenez, “orain arte genuen irudi ikonikoa, Xaho ile luzearekin, kapela eskuan, Abadiaren beraren erretratua da eta ez Xahorena. Berriz, aurkitu dugu Xahoren egiazko erretratua, Gavarnie ezizeneko batek egina. Izan ere Le Peletier ostatuan ibili zen, Baudelaire, Berlioz eta Dumas ibiltzen ziren garaian”. Erromantikoen aroan izan zen errromantikoa, beraz, Parisen, epizentroan bizi izan zuen erromantizismoa eta gero bere ikuspegia eman zuen Euskal Herrian.

Xahori mitoak asmatzea leporatu diotenen aurrean Asiskok “bai, eta zer?” erantzun du. “Mitorik ez duen herria hiltzera kondenatu a dagoela esan zuen Legassek. Xahok zazpi buruko herensugea eta munduaren zein euskaldunon jatorria azaltzeko kosmogonia asmatu eta era zilegi batean eman zuen. Aitor (aita oro) Xahok asmatua da, eta harekin batera Amagoia.

Gero Navarro Villosladak hartu zuen, baina Aitor izena Xahoren burutik atera zen” adierazi du Asiskok.

Xaho feminista bat aurkitu du Urmenetak bere ikerketan: “Umezurztegietan zeuden neska gazteen alde agertu zen, esklabizatzen eta prostituitzen zituzten salatu zuen eta Flora Tristanen lagun handia izan zen”. Uscal-Herrico Gaseta lehendabiziko euskal aldizkarian kazetari ibili zela eta euskara batuaren bultzatzaile aitzindaria ere izan zela azaldu du Urmenetak, “hainbeste euskalki ikusirik ‘gure aberastasunean pobre’ ginela eta ‘hobeki konprenitzeko euskara bat baizik ez balitz’ hobe litzatekeela esan zuen, eta ortografia eta gramatika nazional bat egiteko 50 urteko epea eman zion euskarari 1843an”. Euskal Herriaren osotasunaz zuen ideiaren erakusgarri, atharraztarra izan arren nafarra eta bizkaitarra deitura hartzen zuela azaldu du Urmenetak. Horrez gain, Zumalakarregirekin izan zuen elkarrizketa, bere izaera ezkertiarra eta antiklerikala eta liburuan aurkituko ditugun beste hainbat kontu adierazgarri eta bitxi aipatu ditu Urmenetak aurkezpenean.

Oihal itxurako azal gogorra eta zilarrezko letrak dituen liburu hau “luxuzko edizioa da, baina ez elitista izan dadin ahalegin handia egin da mugaz bi aldeetako erakunden laguntza lortzeko”, Xabier Monasteriok azaldu duenez. Erroa argitaletxeak argitaratutako bigarren BioGrafikoa dugu, 2015eko Gabriel Aresti BioGrafikoa-ren ondoren.

Aurkezpena amaitzeko Monasteriok gogoratu du liburua Atharratzen ere aurkeztuko dela, azaroaren 24an (larunbatean),  Xahoenean, 19.00etan, eta Durangoko Azokan salgai egongo dela, 20 euroan, Erroa argitaletxearen eta Herrima elkartearen erakusmahaietan.

Asisko Urmenetak Agosti Xahori buruzko liburu BioGrafikoa aurkeztu du Asisko Urmenetak Agosti Xahori buruzko liburu BioGrafikoa aurkeztu du Asisko Urmenetak Agosti Xahori buruzko liburu BioGrafikoa aurkeztu du Asisko Urmenetak Agosti Xahori buruzko liburu BioGrafikoa aurkeztu du