Ingelesak euskara izorratzen du

Ingelesak euskara izorratzen du –

Ingelesa ikastea gozamena izan zen niretzat. Proficiency edo C2 maila (maila gorena) lehenengo saiakeran atera nuen. Interneti esker, egunero, hizkuntza honetan irakurri eta entzuten dut. Beno, egia esan, denok esan dezagu nola edo hala ingelesaz baliatzen garela. Izan ere, eduki asko ingelesez baino ez ditugu topatzen.

Azken 50 urteotan ingelesa zabaldu egin da. Europan, garai batean latinak eta gerora frantsesak zuen presentzia bereganatu du. Eta presentzia hau inoiz baino gehiago areagotu da publizitate eta Interneti esker (lurrin iragarkiak, Nespressok, autoen esloganak, gaur egun, asko ingeles hutsean). Inoiz baino ikusgaiago -presenteago- dugu gizartean.

Inoiz baino onargarritasun handiagoa du gurean. Inoiz baino guay-ago da ingelezko hitzak eta esamoldeak txertatzea, bai erdaraz bai euskaraz ari garenean. Halaber, beste hizkuntzetan ere, anglizismoak inoiz baino onargarritasun handiagoa dute hiztunen artean. Adibidez, ez dago “Internet” (inter+net) hitza bera itzulpena duenik Europako hizkuntzetan (“barnesare” izan litekeena).

Eta honek zer eragin du? Hizkuntza handienetan, eragina du hiztegigintza mailan batez ere. Baina ez du egitura aldetik, momentuz, eragin nabaririk. Gaztelaniarentzat, adibidez, ez da mehatxu. Badira garbizaleak, “mail” ordez “correo” hobestu behar dela defendatzen dutenak. Edo “falso“, “fake” ordez, “gestor” eta ez “manager”, “corredor” eta ez  “runner“, “socio” eta ez “partner” eta abar.

Norbaitek argudia dezake, hainbestekoa dela ingelesaren hedapena, non beste hizkuntzak higatzen ari diren eta nortasuna zein aberastasuna galdurarazten. Beste batzuek globalizazioaren mesedetan, begi onez ikus dezake, elkar ulertzeko modu estandarra ari delako zabaltzen.

Euskararen presentzia nabarmentzeko egidako pintada

Eta euskarari dagokionez…?

Ba gu, beste edozein komunitate lingusitiko bezala, ingelesa barneratu,  irentsi eta hedatzen ari gara. Baina arazoa -betikoa-,  gure komunitate linguistikoaren ahuldadetik dator. Gure hitz eta esamoldeak gizartean hedatzeko hedabide eta ekoizpen kultural baliabide murritzagoak ditugu. Gainera, hizkuntza erromaniko eta germanikoetatik urrunago gaudenez, zailtasuna areagoa da. Adibidez: photo-foto-argazki. Baina, ingelesarekiko menpekotasun hori, gurearekiko nortasun eta harrotasun faltan ere nabari da.

Honen guztiaren ondorioz, kontziente edo inkontzienteki, ingelesaren hegemoniaren menpe jausten ari gara eta ez dakigu noiz bukatuko den zabaltze hau. Baina larriena zera da; instituzioetatik ez da olatu honen aurkakorik egiteko asmorik nabaritzen. Eta hori, euskararen presentzia eta zabaltzearen ideiaren aurka, bete-betean talka egiten du.

Adibideak:

  • Getxo Photo
  • BEC (Bilbao Exhibition Center)
  • SSIFF (SanSebastian International Film Festival)
  • Bilbao-Gernika Running
  • Urdaibai Bird Center
  • Basque Culinary Center

Erakunde edo dena delako hauek, non alor publikoak nola edo hala parte hartzen duten, ingelesaren alde egiten dute gero eta gehiago. Momentuz erakunde-izenetan ageri dira, baina gero eta gehiago beherago hedatuz (eguneroko oharretan, espresioetan…).

Izen horietan, nola edo hala euskararen presentzia azaltzeari uko egiten diete.

Zergatik ez…

  • Getxo Argazki
  • AZOKA Basque Exhibition
  • Zinemaldi
  • Bilbao-Gernika korrikan
  • Urdaibai Txori
  • JAN-Basque Culinary Center

… edo antzekorik?

Ziurrenik izen horien alde egiten dutenek hauxe argudiatuko dute: nazioarteko ikuspegia, izenak berak jarduera adierazi, erdara-euskara liskarra saihestu… Baina horren aurka zera esan dezakegu: “Getxo Photo” batek edo “Urdaibai Bird Center” batek nazioartean errekonozimendu gehiago lortuko du izen hori izate hutsagatik?

Akaso, ETB, BTV -Basque TV- deitu beharko litzateke? 1982an sortu ordez, gaur sortu balitz, ziurrekin halako izenen bat jarriko liokete (sic). Eta zergatik ez gauza bera Osakidetza, Ertzaintza, San Fermin… zergatik ez denei ingelesko izen moderno eta “cool” bat ezarri?

Bale, ondo dago hori. Baina non dago gure nortasuna, gure identidadea, gure hizkuntza? Ezin gara harro egon horietaz? Atzerritarren aurrean, hizkuntza bera, ez al gaitu bereziago egingo?  Volkswagen edo Berlinale hitzek ez dute nortasuna transmititzen?

ERLE robotics: dronek erlearen soinua egiten dutenez,  ERLE deitzea erabaki zuten duela urte ez asko sortutako enpresan.

Horrela izan ahal den beste adibide: ERLE robotics (dronak egiten dituen enpresa. “erle” izena, bere dronak hexagono kutxetan daudelako eta erlearen soinua egiten dutelako. Ingelesez nagusi den sektorea, baina enpresaren izenean behintzat, lotsarik gabe euskarazko izena jartzea erabaki duena).

Ez dakit nire sentsazioa den, baina nire aburuz, ingelesak gure hizkuntzari espazioa, ikusgaitasun edo bisibilitatea kentzen dabil, lehen heltzen zen eremu batzuetara. Alor publikoan batez ere. Euskarak lotsatzen gaitu? Gure agintariak lotsatzen ditu? Ez gaude harro gureaz?

Karteletan “sarrera-entrada-entrance”, ingelesa gehitu behar badugu, euskarari koska bat kentzen diogu. Horrelako letreroak aireportuan edo hoteletan badaude, ondo, baina leku orotara hedatzen badugu -metro edo trenetan adibidez-, azkenean, ingelesa de facto-ko hizkuntza ofizial bihurtuko dugu (zer esanik ez, eskoletan ikasgaiak ingelesez eman eta ikasleen euskara maila areago pobretzeko fasea).

Gaztelania ingelesa baino arerio handiago da orain guretzat. Askok pentsatzen du, gaztelaniaren ordez ingelesa ezartzen badugu, “babestuago” edo, egongo garela gaztelaniatik. Baina, egiatan, arerio erraldoia ari gara gure etxeko sukalderaino sartzen eta behin sartuta zaila izango zaigu aurre egitea.

Ingelesak euskara izorratzen du

Euskara irakasteko laguntza eta ekintza.

21 pentsamendu “Ingelesak euskara izorratzen du”-ri buruz

  • Egia da, egunero gertatzen zait “Bi kaña, mesedez,” “Could you speak in English, please?” Tira tira, gure bizitzaren zoko guztiak inbaditu dituztenak frantsesa eta espainiera dira. “Karteletan “sarrera-entrada-entrance”, ingelesa gehitu behar badugu, euskarari koska bat kentzen diogu.” Koska kentzen duen bakarra hor “entrada” da. Guztiok uler dezagun egokiena “sarrera-entrance” da.

    Hau aski erraza da behatzea jendea kanpora doanean lanera edo ikastera. Hemengo “aberchaleak” beti kanpoko espainiar eta frantziarrekin elkartzen dira ingelesez ongi ez dakitelako. Zeren ingelesa ondo jakitearen faltan, eta noski guztia euskaraz ekoiztea ez dakit noiz izango den posible, guztiak zuzen zuzenean doaz espainieraz kontsumitzera kultura.

    Zeren euskaldunok orain mekanika kuantikoa ikertzeko guztia euskaraz egin beharko bagenu (nahiko nuke nik hau bai!), esate baterako, ez genuke zientziari buruz jakina dena baina % 0,01a ere aurkituko euskaraz. Zer egiten dugu beraz? Guztia espainieraz! Ingelesez ikertzen den zientzia, espainolera pasa eta gure ikasleei ematen diegu!

    Ez du ez hanka ez bururik ingelesaren aurkako zera honek. Bi alternatiba daude. Edo kultura guztia euskaratzen dugu (ez dago hau egiten duen naziorik), edo ingelesa ondo dominatu eta ERABILTZEN dugu.

    Oso sinplea da. Guztia ekoiztu behar da euskaraz. Kanpotarrek ulertu behar badute, ingelesez ere. Eta zerbait ez badago euskaraz, ingelesez kontsumitu espainiera edo frantsesez ordez.

  • Olgetan-ekin ados. Izenetako ingelesfilia txatxu horrekin amaitu behar da, baina batak ez du bestea kentzen.”Sarrera-Entrance” adibidea bezala, erabil dezagun ingelesa karteleria espainol-frantzesez garbitzeko. Euskara+ingelesa, munduaren aurrean behar bezala agertzeko.
    Atzerrian euskaldunen joera hori ere neure begiekin ikusi dut, penagarria.
    Mentalki ere kolonizatuak egongo ez bagina horrela jardungo genuke, egiten dugun GUZTIA euskaraz eginaz eta behar duguna ingelesetik hartuaz

  • Aurreko bi iritziekin bat nator. Eta dioten bezala, ingelesak atzerrian espainolekin bakarrik halabeharrez ez egoten lagundu dit, eta aldi berean, atzerritarrek (nik ezer ez esan gabe) ez espainoltzat hartu naute.
    Ingelesa hitz egiten ez duten euskaldunak atzerrian geto espainoletan integratzera behartuta daude. Horrela, zuk kultura eta hizkuntza ezberdina duzula azaldu arren, haientzat beste espainol soil bat besterik ez zara.
    Nire inguruan hein handi batean gehiago dira ingelesez hitz egiten duten euskal hiztunak gaztelaniaz hitz egiten dutenak baino.

  • Aurreko hiru iruzkinekin ados nago. Euskera “jaten” duten hizkuntzak gaztelania eta frantsesa dira.

    Hegoaldean, ingelesez, gazteen artean; please, fake, my God eta horrelako gauza gutxi batzuk besterik ez dira erabiltzen. Gaztelania da jaun era jabe.

    2018an gaztelania da aurre egin behar zaion hizkuntza boteretsua. Etorkizunean batek daki, baina ingelesa gaztelaniaren konpetentzia zuzena denez, gaur egun behintzat onurak besterik ez dizkiot ikusten eta euskeraren aukera ez dagoenean, gaztelaniaren ordez ingelesaren alde egitea ahal den leku guztietan, onuragarria dela deritzot.

    • Nik neuk gaztelania ordez ingelesa erabiltzen dut euskaraz alternatibarik ez badut: egunkariak irakurri, bideoak ikusi, bilaketak egin, TB ikusi… ingelesez egiten dut. Nahiago dut BBC ikusi ElPais baino, aukera badut.
      Baina gure herrian, arazoa da, euskaraz egin daitekeena ingelesez egitera pasatzen ari dela. Hori da artikulu honek salatu nahi duena. Eta jende asko ez da konturatzen. Hor dago koska.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2018-10-14 21:35

    Duela urte batzuk, Katalunian egin zen hizkuntza gutxituei buruzko Europa mailako kongresu batean, aldibereko izulpena jarri zuten katalana eta ingelesaren artean. Beno, eta española eta ingelesaren artean ere jarri behar izan zuten, Euskal Herritik joandako bi ordezkarik hartara behartuta,hauen ahoetan loratu baitzen hiru egunetan bertan entzun zen gaztelania bakarra. Aurreko iruzkinekin ezin estuago bat etorri.

  • Teorikoki aurreko iritziekin bat etor ninteke, baina ikusten ari naizenak besterik pentsatzea narama.
    Purrustan euskara baztertzen ari den gazteriaren aurrean beste bideren bat hartu beharko dugu. Inor gutxi ikusten dut euskara hobetzeko, zorrozteko edo malguago egiteko ikastaro bereziak egiten, baino ingelesa hobetzeko, zorrozteko edo indigenago egiteko, pilaka ikusten dut.
    Bai, gaztelera edo frantsesa arerio bagenituen, orain beste bat gehiago dugu.

    • euskaragara.net-en sortu dugun materiala horretarako da hain zuzen: euskara ikasketa logikoago, errazago, dibertigarriago, zentzudunago egiteko. Gure metodoa erabiltzen dutenek behintzat lagungarria dela esaten digute.

  • Eta beste maila batean, EUSKARGARAREKIN erabat ados. Hainbeste Centerrekin nazkatua nago

  • Ba neri ondo iruditzen zait ingelesa zabaltzea, espainolari lekua galtzen dion heinean.
    Gehiago kezkatzen naute adibidez Euskal Herrian islamiarrek. 50 urteren buruan, bere 3 seme-alaba bikote bakoitzeko politiarekin, gu baino gehiago izango dira. Eta orduan, gu baino eskubide gehiago izango ote dituzte (Gaur egungo espainolak Euskal Herrian bezala)?
    Galdera hauek politikan planteatzen alndira serio? Kezkatzen dute, baino inork ez ditu planteatu nahi.

  • Bi kontutxo:

    – “Internet” hitzak sareartea esan nahi du, eta ez barnesarea (“intranet”, alegia).
    – “Foto” euskarazko hitza da, “argazki” bezain, Euskaltzaindiaren hiztegian behintzat: foto iz. Fotografia, argazkia.

  • Giza komunitate nano garen bitartean ezinezko izango dugu euskara hegemoniko eta indartsu bihurtzea. Bi estatuen asimilazioari eta globalizazioari bizirauteko aukera bakarra handitzea da. Horretarako ume asko egin behar ditugu eta nanoak garen bitartean munduan zehar desperdigaturik egotea etxekalte dugula barneratu behar dugu. Oporrak Euskal Herrian, ikasketak Euskal Herrian eta lana Euskal Herrian! Eta kanpoan bizi diren euskaldunak Euskal Herrira! Populazio eta hizkuntza arloan hiztunen dentsitatea ere faktore erabakigarria da.

  • Benat Castorene 2018-10-15 21:37

    Nola? pentsatzen dut xuxen zarela, bainan, ez zaitzu iduritzen proiektu kolektibo baten moduan arrazoikatu behar dela?

  • Bai noski, Benat. Euskal agintaritza kolektibo batek irizpide horiek bultzatzen baditu askoz hobe. Baina bitartean ahal den bezala bakoitzaren ekarpenak egitea ere komenigarria da kontzientzia hedatzeko.

  • Ingelesa sartu beharraren sartu beharrez gaztelania/frantsesa ahuldu eta euskara indartuko dela pentsatzea ameskeria iruditzen zait. Euskal Herriko soziolinguistika pixka bat ikertzea nahikoa da egun ofizialak diren hizkuntzen (euskara eta gaztelania/frantsesa) arteko indar korrelazioa nolakoa den jakiteko. Baliarrainen edota Amoroton esperimentua egitea ondo legoke, baina Bilbon, Ezkerraldean, Araba gehienean, Bizkaiko lurralde zabaletan eta Gipuzkoako hiri handitxoenetan ez dut jende gehiena gaztelania utzi eta ingelesa egunerokoan erabiltzeko prest, aldi berean euskara mantenduz edota bultzatuz. Zer esanik ez Nafarroako lurrade gehienean edo Iparraldean (indioen erreserba txiki batzuk gorabehera).

    Borondatea eta prestutasunaren zain egon behar gara eraldaketa horretarako? Gaur egun ikusten dena kontuan izanda, nago askok, ingelesa ikasteko betebeharra aurrean jarriz gero, euskara baztertuko luketela gaztelania baino lehen. Izan ere, euskara eskolan/ikastolan ikasi eta hortik kanpo inoiz ere erabiltzen ez duten gazte saldo horiek zer kontzientzia izan dezakete berori mantendu, gaztelania baztertu eta ingelesa indartzeko? Zer esanik ez nagusiagoen artean dauden erdal elebakarrak zein elebidun mugatuak (gehiengoa, oraindik orain). Eta bizitza erdaraz egiten duten euskaldun askok ere, nolako burukomina horrelako zerbait planteatuz gero.

  • Euskal Herrian ezinezkoa da gaztelanía edo frantsesa baztertzea, ez dugu Europako herrialdeen (Danimarka, Suedia, Finlandia, Islandia, Herbeherak…) egoera berbera non hizkuntza nazionala hedatuta eta babestuta dagoen. Euskaraz soilik bizitzeko aukera ez badago nola pentsa dezakegu gaztelania/frantsesa baztertuko dugula?

    Borroka hori era indibidualean gauza daiteke (hedabideak euskaraz kontsumituz, eta abar) baina era kolektiboan ezinezkoa da, beti azalduko da euskaraz bizitzeko nahia zapuztuko duen erdaldun elebakarra.

  • Ez da ameskeria Xabier. 2008an, Ruandako gobernuak frantsesa beharrean ingelesa aukeratu zuen hizkuntza nagusi moduan. Gaur egungo gazte-nerabe gehienek ingelesa dakite eta ez frantsesa eta beraien hizkuntza ez dago arriskuan. Orain dela 20 urte, ia inork ez zekien ingelesa Ruandan.

    20. menderarte, Pragan alemana zen jaun eta jabe. Are gehiago, Pragan hitz egiten zen alemana alemariadun guztientzako eredu prestijiosotzat hartzen zen eta Pragako alemana zen aleman eredugarriena. Gaur egun, oso jende gutxik daki alemana. Gazteek ingelesa menperatzen duten bitartean, alemana ia-ia ez dute ezagutzen eta txekiera ez dago arriskuan aldiz, alemanarekin desagertzeko bidean zegoen hizkuntza zen.

    20. mendean baita ere, Finlandian Suediera zen jaun eta jabe, finlandiera desagertzear zegoen. Gaur egun suedieraren lekua ingelesak hartu du baina finlandiera ez da desagertu.

    20. menderarte Filipinetako populazioaren erdiak gaztelaniaz hitz egiten zuen eta %15aren ama-hizkuntza zen. Gaur egun ia inork ez daki gaztelania. Bere lekua ingelesak hartu du baina filipinetako hizkuntzak sendo mantentzen dira eta ez daude arriskupean. Gaztelaniak arriskupean ipini zituen baina orain ingelesa erabiltzen dute kanpo-harremanetarako hizkuntza bezela. Hizkuntza ofiziala tagaloa da, Filipinetan hitz egiten den hizkuntza nagusiena eta beste hizkuntzak ez daude desagertzeko arriskuan.

    Laburbilduz, leku askotan gertatu da, ez da ameskeria. Gaztelaniaren ordez ingelesa sartzen bada hasieran Amoroto, gero Lekeitio eta konturatu orduko Bilbon egongo da. Hori bai, ingelesak ez du euskera ordezkatuko, gaztelania baino. Ondo segi.

  • Eta are eta adibiderik hobea badaukagu: flandestarrek antzarak perratzera bidali ahal dute frantses oilar harroa ingelesari esker!!

  • Ruandan Kinyaruanda da gehien hitz egiten den hizkuntza (%99,38a 2002. urteko inkesta baten arabera) beraz frantsesa eta ingelesa bezalako hizkuntzek bigarren mailako hizkuntzak -osagarriak- dira (merkataritzarako, kanpo harremanetarako, eta abar).

    Alemanak Txekoslovakiatik kanporatu zituzten behin Bigarren Mundu Gerra amaitu zela, beraz horren ondorioz txekiera nagusitu zen. (kanporaketak eta demografiaren indarra).

    Finlandian industrializazioa izan zen egoera linguistikoa aldatu zuena. Finlandiera ama-hizkuntza zutenak suediera nagusi zen kostaldeko hirietara lan egitera joan zirelako. (demografiaren indarra).

    AEBk gaztelaniarekin eta Espainiarekin zerikusia zuen edozein gauzekin sekulako garbiketa egin zuen Filipinetan. (Zapalkuntza kulturala eta kultura angloamerikarraren inposaketa).

    Euskal Herrian hau gauzatzea ezinezkoa da gaztelania hegoaldean eta frantsesa iparraldean jende gehienaren lehen hizkuntza delako. Ez dira bigarren mailako hizkuntzak, ama-hizkuntzak baizik.

    Beraz aurreko adibideak kontuan izanik zein da euskara gailentzeko bidea? Demografiaren indarra, zapalkuntza eta inposaketa kulturala edo garbiketa etnolinguistikoak?

    Errezena demografia sustatzea izango litzateke eta esan genezake Finlandiaren kasua hein batean Donostian gertatzen ari dela, hau da, inguruko herrietatik euskaldunak Donostiara lan bila joaten dira.

  • Kaixo Hego, egia da errezena demografia sustatzea izango zen. Are gehiago, nire ustez, euskaltzaleek 2 ume gutxienez eduki beharko genituzke eta umeekin euskaraz hitz egin beti eta era alai eta irmoan. Kanpotik datorren bat (izan Errumania, Ecuador, Maroko baina baita Andaluzia ere) nahikoa bait du lana lortu eta sarritan bere sorterriko familiari dirua bidaltzearekin eta jakina, behar ez dituen gauzei ez dio garrantzirik emango.

    Hori jakina ez da nahikoa, euskal jatorria ez duen baina euskaldin linguista den Txepetxek zera idatzi zuen 1991an: “Ez da berdina gutxiengo hizkuntza bat eta hizkuntza gutxitu bat. Zer pasatuko zen Bilbon %10a ingelesa (edo alemana) izango bazen? Ba jendeak ingelesa (edo alemana) ikasiko zuela. Mallorcan, Rotan eta Mediterraneoko leku askotan portzentai hoiek baino gutxiago dira eta amerikar (edo ingeles, edo aleman) horiek ez dute gaztelania ikasi, are gehiago, “natiboek” ikasi dute beraien hizkuntza beraien hizkuntza gainbaloratuta dagoelako eta hizkuntza hauek hitz egiten duten pertsonek ziurtasuna dutelako beraiengan eta beraien hizkuntzetan. Gutxiengo hizkuntza da baina ez gutxitua, are gehiago, gainbaloratua da beraien hizkuntza.

    Euskal Herriko leku gehienetan, nahiz eta %10 bakarrik izan gaztelania bakarrik dakitenak euskaldunak hasten dira gaztelaniaz hitz egiten eta ez aldrebes euskara gutxitua dagoelako”. Ondorioz demografia bakarrik ezin du konponbidea ekarri.

    Euskaldun hipokrita asko, ezjakinak direnak edo eta eroso bizi diren asko ere badaude. Kultura gaztelaniaz irakurri (euskaraz egiteko aukera dagoenean). Google, youtube, gmail… gaztelaniaz lehenetsita izan (euskaraz dagoela jakin ere ez dakitela) eta abar luze bat. Hori bai euskara eta ingelesa tartean, euskara lehenetsiko zuten zalantzarik gabe (gehienak arrazoi praktikoengatik jakina).

    Laburbilduz egoerari buelta emateko bi gauza erraz bezain konplikatu: euskaldunak gure hizkuntza lehenetsi beti era naturalean horrela prestigioa emanez eta ahal ez denean kexa bat bideratu ahal den lekuetan.

    Bigarrena gaztelania beharrezkoa ez den lekuak sustatu eta babestu. Bigarren helburu hau guztiz eraginkorra izateko independentzia beharko genuke. Eta agian honetan bai naizela orijinalagoa. Ni aspaldi pentsatzen dut Euskal Herri euskaldun federal bat beharko genukeela besteak beste euskara aurrera ateratzeko. Gauzak horrela ez da beharrezkoa Hego Euskal Herria blokean independentzia lortzea. Nahikoa da, demagun, Bizkaia eta Gipuzkoa edo nahi izanez gero Nafarroa eta Araba (edo Nafarroa bakarrik) independentzia lortzea lehenengo pauso garrantzitsu moduan. Eta jakina, gero gerokoak. Hau da dena hala ezer ez, denok edo ezer ez-en ordez, aurrera sendotasunez eta zindotasunez era praktiko eta errealistan. Ondo segi

  • Gogoratzen dut, horain 2 urte, Donostiko 2016 “mobidarekin”. Txapatxo bat, eramatekoa bistan, eta jartzen zuena ” Whattttt?? You don´t speack basque? Eta halako gauzak ikusiak, Donostiko “Quinto pino tarbernan” “Euskaraz itzegiten dugu baitaere”. Uzte dut alako mesuak “nor, nori, nork” klasikoa aldatzen dutela, nor eta nori mezuak hegienenbat.