Euskadi es GUAU: euskaldunoi bizkarra, zakurrei “Doggyetorri”

Euskadi es GUAU: euskaldunoi bizkarra, zakurrei “Doggyetorri” –

Enpatia, bestearen tokian jartzeko ahalmena omen da. Egia esateko, nire mende erdi pasatxoko bizitzan zehar, euskaldunak erdaldunen lekuan jartzeko ariketa egiten ikusi ditut beti. Salbuespenik gabe. Alderantziz, asko gitxiagotan.

Denboraren joanean, eskarmentuarekin, bestearen lekuan jartzea zela uste nuena, bestearen azpian jartzea dela iruditzen zait orain sarri.
Bakiokoa naiz, nire haurtzaroan kalean euskara entzutea ohikoa izatetik, egun zortea izatera igaro den herri “euskaldun” UEMAn sartu berrikoa. Bizi izan naiz Irunen, herri zeharo erdaldunduan, euskara kalean entzutea miraria zen lekuan. Altsasun bizi naiz egun, kalean euskara entzutea ia Irunen bezainbesteko miraria den “eremu euskalduneko” herrian.

Hiruretan, euskaldun gehientsuenek egundoko enpatia erakusten zuten eta dute erdaldunekiko, larregikoa, menpekotasunaren lokatzetan gerriraino sartuz gehienetan.

Euskaldunekiko antienpatikoak izurritea dira ostera. Tabernan, koadrillan, senitartean, dendan, lantokian… nonahi dauzkagu zain.

Erakunde unionistetan euskaldunekiko erdeinua araua da, baina abertzaleetan ere, asko, gehiegi dira bizkarra erakusten digutenak. EAEko bertako erakunde publikoetan be, herritar euskaldunoi ezikusiarena egitea arrakasta handiko kirola da.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian, Gobernuko kideek ia egunero zapaltzen duten horretan, atetik sartu orduko nabari da zeozerk huts egiten duela. Segurtasun zerbitzu (pribatizatuko) beharginekin egiten dugu topo lehenengo-lehenengo beharrera goazenean. Gehienek “buenos días” jator batez agurtuko zaituzte, egun on esango dizun salbuespenen bat baden arren.

Sailetik sailera eta zuzendaritzatik zuzendaritzara, euskaraz jarduteko aukerak asko aldatzen dira. Gehienetan erdara da oso nagusi lanjardunean, herritarrarekiko euskarazko arreta gehienetan, ez beti, bermatu arren.

Zerbitzu medikura joan beharra edukiz gero, ahaztu “egun on” eta atzendu “zelan zagoz”. Zerbitzu erdaldun elebakarra “gozatzen” dugu goitik behera eraikinean lan egiten dugun 2.000 langile inguruk aspaldidanik, langile bat edo beste (oso gutxi tamalez) Hizkuntza Politikako arduradunei euskarazko arreta bermatzeko neurriak hartzeko hainbatetan eskatuta ere.
Euskaldunekiko antienpatia eta arduragabekeria mozorrotzen astirik galtzen ez duen sailik badago egon.

Turismo saila berbarako.
Edo bere arduradun “ez nazionalistak” hobe esanda. Urkullu Lehendakariak hain gogoko duen “Basque country” Cuencara begira ipini ondotik, Asociación de Hostelería de Bizkaia txit erdaltzalearekin egin dute hitzarmena duela aste batzuk, kartak eta menuak españolez gain, ingelesez, frantsesez eta alemanieraz ugaldu daitezen guztion kontura, baita euskaldunon lepotik ere, guri ezikusiarenak lotsabako eginda be. Ez da ba izango euskaldunok tabernetan dirurik uzten ez dugulako…

“Euskadi” txikian (EAEn) errazagoa da zakurrekin nora joan jakitea, euskarazko arreta non emango dizuten baino.
Eusko Jaurlaritzako Turismo sailak “Doggyetorry/Bienvenidogs” gida eman du argitara: “dozenaka dog-friendly plan eta ehunka ostatu, jatetxe, saltoki eta erakargarri turistiko” zakurrarekin gozatzeko. Zaunk! Ederto baten! Baina noiz arte egon beharko dugu zain, Turismo Sailak, Kulturakoak, HPSk edo Josukristok, euskaldunontzako turismo gida bat atera dezan behingoz?

Euskadi es GUAU, ven y cuéntalo!

Euskadi es GUAU: euskaldunoi bizkarra, zakurrei “Doggyetorri”

Oinezkoa

7 pentsamendu “Euskadi es GUAU: euskaldunoi bizkarra, zakurrei “Doggyetorri””-ri buruz

  • Egi handi eta trixtea.Eta asko erortzen gara jokabide “jator” horretan.
    Euskeraz egin behar liguketen lehiatiletan “erderaz mesedez” entzutea ez da aitzakia.
    Guk egiten degu gure hizkuntza,euskerak egiten gaitu euskaldun.

  • Nola leike hainbeste urte eta gero ez eukitea ostatu eta taberna euskaldunen gida bat?
    Nola leike txakurrak ere geure aurretik egotea? Hau amorrua.
    Jaurlaritzak neurriak hartu behar dituz ahal bait arinen.

  • Herri honetan batzuk lotsarik ez dute eta beste batzuk ez daukagu adorerik. Benetan kartak eta menuak hiru hizkuntza horietara itzuliko dituzte gu guztion diruarekin eta, aldiz, euskaraz egon daitezen ez dute zentimorik bideratuko? Benetan inork ez du ezer esan behar? Kontseilua, Behatokia, euskara elkarteak… non zaudete?

  • Zergatik ez gara biltzen hasten? Jendea lasai dagoelakoz. Euskatzaleok ere ikusten ez dugulakoz amildegia. Amildegira irristan goaz. Nik euskarari ez diot 20 urte baino gehiagoko bizirik ikusten.
    Jakina, nola gure egoeraz gogoeta egin eta neurriak hartzeko bilera egin “ongi goaz” diotenekin?
    Lobelarra hartzen dutenekin zertarako bildu?

  • Juanma Sarasola 2018-10-15 16:08

    Arrazoi duzu, J.J., halere, utziko didazu zehazten Irun ez dagoela zeharo erdaldundua, arront erdaldundua bai, baina ez zeharo. 60.000 bat bizilagunetatik %30 euskaldunak gara, nahiz eta gero kaleko erabilera neurketetan euskararen emaitzak lotsagarriki baxuak izaten diren. Malkartsua da bidea, oztopoz betea, baina saiatu, saiatzen gara, eta ez dugu amor ematen/emango!

  • Ados Juanma, baina hori esan nahi nuen hain zuzen: kalean euskara entzutea oso gaitza dela. Altsasurekin antza handia ikusten diot Iruni. Ezagutzaren gaineko datuak ere antzekoak. Nabarmendu nahi nuen, euskaldunon babesgabetasuna, erdaldunen urruntasuna, eta erakunde publikoen axolagabekeria.
    Bakion adibidez, ezagutzaren gaineko datuak askoz hobeak dira, %70 inguru izango dira elebidunak (besterik da zelako elebidunak diren), baina erabilera oso ahula da.
    Martxa honetan amildegira goaz zuzenean, Arekin bat nator, eta joera hori geldiarazteko modu bakarra, erakunde abertzaleak presionatzea da, horietan ere euskaltzaleok (praktikanteak, ez platonikoak) gutxiengoan gauden arren.

  • Dirudienez Asociación de Hotelería de Bizkaia honek, menuak euskaratzeko zerbitzua ere eskaintzen du. Hori bai… paying, payant, martin-martin… Jaurlaritzak ez duela horretarako (gure) dirurik jartzen, alegia. Piura berria asmatu beharko dugu Euskaraldiarako. Ez belarri eta ez aho, fatrikaprest baizik.