Gudari eguna eta Txillardegi

Gudari eguna eta Txillardegi –

Txillardegiren lana aitortzeko plaka inauguratuko dute bihar Arantzazun.

Gudari eguna eta TxillardegiOñatiko Udalak ostegunean, hilak 27, inauguratuko du Arantzazun Txillardegiren lana aitortzeko plaka. Iñigo Arregi eskultoreak diseinatu du eta Milikua ostatuko fatxadan ezarriko da. Izan ere, Txillardegi sarri joan zen Milikuara, eta bertan ikertu, idatzi eta atseden hartu ohi zuen.

Inaugurazio-ekitaldia arratsaldeko 7etan izango da, eta bertan musika eta hainbat hitzaldi labur txirikordatuko dira, tartean Mikel Biain Oñatiko alkatearena berarena. Bezperan, hilak 26, arratsaldeko 7etan, beste ekitaldi bat egingo da Oñatiko Kultura Etxeko zine-aretoan. Bertan, Kote Camachok “Txillardegiren egunkari ezkutua” filmaren aurrerapena ekainiko du eta Fito Rodriguezek, berriz, “Txillardegi aitzindaria” hitzaldia.

Txillardegi Liburutegia herri-ekimenak proposatuta hartu zuen Oñatiko Udalak Txillardegiren lana aitortzeko erabakia. Zinegotzi guztiek, EH Bildukoek zein EAJkoek, aho batez eman zuten aldeko botoa, txalo artean bukatu zen udal bilera hunkigarri batean.

Horrela, Oñatiko Udala bihurtuko da Txillardegiri aitortza merezi duen bezala egingo dion lehenengo herri-erakunde. Txillardegi Liburutegia herri-ekimenak aitortza ofizialaren bidean urrats garrantzitsutzat du. Urrats berriak etorriko diren konbentzimendua ere badu, baita Txillardegiren jaioterrian bertan ere, Donostian, alegia.

Kontuan izan behar da aurten (laster, urriaren hasieran) euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena izango dela. Euskara batuaren oinarriak Arantzazun jarri ziren eta oinarri horien gurasoetako bat Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izan zen. Txillardegi, arestian esan bezala, sarri joan zen Arantzazura, Milikua ostatura. Gainera, haren bigarren abizenak, Enparantzak, Oñatin du jatorria, Araotzen.

.

Osteguneko ekitaldia heldu bitartean, hemen atxikitzen dugu Fito Rodriguez idazlearen artikulua:

.

Gudari eguna eta Txillardegi

Irailaren 27an Euskal Herriaren defentsan hildakoak omendu ohi dira, Jose Luis Alvarez Enparantza (Txillardegi) jaio zen egun berean, alegia.

Berez, 1975eko irailaren 27an azken frankismoak fusilatutako Jon Paredes Manot (Txiki) eta Angel Otaegi Etxebarria gogoratzeko hasi zen erabiltzen “Gudari Eguna” (haiekin batera FRAP deituriko talde marxistaren José Luis Sánchez Bravo, Ramón García Sanz baita Humberto Baena ere hil zituzten) eta,bere sorreran, salaketa antifrankista sorburu izan bazuen ere, orain arte iraun du. Halere, gaur egun, epaileek ETAko ekintzaileen omenaldi publikoa delakoan, debekatu ohi dute ospakizuna eta terrorismoa goresteko antolaketa dela diote ETA bera, dagoeneko, existitu ez arren.

Hori dena gertatu aurretik euskara batuaren aita izan den Jose Luis Alvarez Enparantza jaio zen Donostiako Antigua auzoan 1929ko halako egun batean.

Txillardegi euskara batuaren aita izan dela ez dut nik esaten, zenbait euskaltzainek baizik, Ibon Sarasolak edo J-L.Davantek kasu, nahiz eta Euskaltzaindiak berak orain arte aitortu ez.

Txillardegik, 1968an Arantzazun hizkuntza estandarizatzeko aurkeztu zen txostenaren ardatzak prestatzeaz gain, 1956tik Euskaltzaindiari igorritako “Karta Idigia”n hura aldarrikatu zuen eta, bitartean, euskara literario berria erabili zuen, Arestik edo Mirandek egin gisan.

Txillardegi, Harribizketa bere auzoan, Larresoro Iparraldean, Usako familiaren jatorriko Oñati aldean, 2012ko urtarrilaren 14an zendu zen behar bezalako aintzatesmendurik gabe, bada.

Hori zela eta, honakoak bota zituen orduan Andres URRUTIA Euskaltzainburuak (Txillardegi, euskal «intelligentsia»-ren haritik. GARA 16/01/2012).

Belaunaldiei dagokienez, Txillardegik ekarri zigun guri, joan den mendeko 50-60 hamarkadetan jaiotakoei, halako haize berria, desberdina, nobela zein saiakera arloetan eta, oro har, gizartearen eta kulturgintzaren esparru anitzetan. Osterantzeko tenore horrek zekarren, ekarri ere, euskararentzat etorkizuna eta biziraupena.

Ingurukoa aintzat hartuta, Txillardegi, beste askoren antzera, oro egilea izan da euskalgintzan, teorikoa nahiz eragilea. Letraz letra irentsi genituen gutariko askok, gose eta ezin ase ari ginenok euskararen munduan, haren lanak eta tituluak, euskara batuaren eraikitze prozesuan.

Euskara batua, euskararen eraberritzea, euskararen normalizazioa… orduko kezkak eta ardurak ziren, egun ere euskaldunoi ezinegona ekartzen digutenak. Txillardegi, bistan da, horiek askatu, erraztu eta aurreratzen ahalegindu da.”

Dena den, arestian aipatu moduan, Euskaltzaindiak berak ez du orain arte ofizialki Txillardegik egindako ekarpenaren munta onartu, ez eta, tamalez, bera jaio zen Donostiako udaletxeak ere.

Aldiz, Enparantza sendiaren jatorrian, Oñatin, zoritxarreko molde gaizto hura apurtzera dator, izan ere, Oñatiko Udalak, irailaren 27an, Arantzazun Txillardegiren lana aitortzeko plaka bat ipintzea erabaki baitu, Iñigo Arregi eskultoreak diseinaturik eta “Milikua” ostatuko aurrealdean ezarriko dena. “Milikua”koei esker, esangabe doa, gauzatuko da, azkenean, hasiera besterik ez zena.

Txillardegik ezin izan zuen Arantzazun egon 1968an euskara batuaren oinarriak eztabaidatu zirenean baina sarri joan ohi zen “Milikua”ra, eta bertan ikertu, idatzi eta atseden hartzen zuen.

Txillardegi Liburutegia herri-ekimenak proposatuta hartu zuen Oñatiko Udalak Txillardegiren lana aitortzeko erabakia. Zinegotzi guztiek, EH Bildukoek zein EAJkoek, aho batez eman zuten aldeko botoa, txalo artean bukatu zen udal bilera hunkigarri batean.

Horrela, Oñatiko Udala bihurtuko da Txillardegiri aintzatesmendua merezi bezala egingo dion lehenengo herri-erakunde. Txillardegi Liburutegia herri-ekimenak, aitortza ofizialaren bidean, urrats garrantzitsutzat jo du ekimena, jakina.

Honekin batera urrats berriak etorriko diren konbentzimendua ere badugu, baita Txillardegiren jaioterrian bertan ere, Donostian, alegia.

Ez dugu ahaztu behar, halere, aurten (urriaren hasieran) euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena izango dela. Euskara batuaren oinarriak Arantzazun jarri ziren eta oinarri horien gurasoetako bat Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izan zen neurrian, Euskaltzaindiak berak urteetan urgazle izan zuenaren emaria ofizialki bezain publiko bere egingo duen itxaropena ere ez dugu galdu nahi.

Edozein modutara ere, haren oroigarri plaka inaugurazio ekitaldira gonbidatuta zaudete, Gudari egunean, arratsaldeko 7etan eta, bide batez, musika eta hainbat hitzaldi labur txirikordaturik, Mikel Biain Oñatiko alkatearen honi buruzko hitzak entzungo dituzue.

.

Fito Rodriguez, idazlea

.
Gudari eguna eta Txillardegi Gudari eguna eta Txillardegi Gudari eguna eta Txillardegi